ATZEKOZ AURRERA. Agurtzane Juanena. Ardotxiren Lagunak elkarteko kidea

«Gaur, kontakizunen gatazkan bizi gara»

Jose Ramon Goikoetxea 'Ardotxi' frankismoaren aurkako ekintzailea, sindikalista eta kazetaria gogoratzeko liburua plazaratu du Juanenaren taldeak, haren heriotzaren 10. urteurrenean.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Agurtzane Juanena (Legazpi, Gipuzkoa, 1956) Jose Ramon Goikoetxea ekintzaile antifrankista eta kazetaria oroitzeko Ardotxiren Lagunak elkarteko kidea da. Agur, Mentxaka liburua argitaratu berri dute (agurmentxaka.info).

Ardotxiren Mentxakaren aitorpena liburua argitaratu zenuten 2006an, idazlea hil ondorengo urtean. Zergatik beste hau, orain?

Haren heriotzaren 10. urteurrena modu bereziaz gogoratu nahi genuelako. Senide edo lagun mina galdu duenak badaki haren falta bereziki sentitzen dela okasio eta data batzuetan. Badaki pertsona maite horren oroitzapena konpartitzeak laguntzen diola aurrera egiten, atsekabea arintzen diola. Gure lagun baten hitzetan: «Heriotzak ez dauka azken hitza», maite izan ditugunak gugan daramatzagun bitartean. Ardotxiren testu batzuk ez ezik, lagunek eta irakurleek idatzitakoak ere bildu ditugu. Haien ekarpena eskertzeko modua da. Ardotxi ezagutu ez zutenei begira, haren figura hurbiltzeko saioa da.

Frankismoaren aurkako borrokalaria, kazetaria, sindikalista... XX. mendearen bigarren erdialdearen historiaren laburpen bat da Ardotxiren bizitza?

Historiaren laburpena dela esatea gehiegi litzateke. Historia horretako testigantza bat da, bere herriko egoera soziopolitikoa modu zintzo eta konprometituan bizi izan zuen militante batena. Mentxakaren aitorpena liburuari dagokionez, hari nagusia polizia etxean kokatuta dago, 1971ko martxoan atxilotuta igaro zituen hamabost egun haietan. Liburuan, polizien itaunketetan kontatzen duena eta azken urteetako bere egiazko ibilbidea zein zen azaltzen digu Ardotxik. Bestalde, ez da kasualitatea gertaera nagusia polizia etxean izatea: euskal jendartean bizi zen estutasunaren irudi gardena da. Kazetari eta sindikalista izanik egin zuen ibilbideari dagokionez, 25 urte luzez eutsi egin zion langile klasearen aldeko borrokari, era guztietako injustiziak salatuz, gizarteko sektore ahulenekin lerrokatuz. Iraultzaren aldeko aldarria izan zen Ardotxiren bizitzaren zio nagusia.

Mentxakaren aitorpena-n Espainiako poliziako torturatzaileen aurrean erabilitako estrategia kontatzen du. Eguneroko bizitzan ere halako estratega zen?

Zaila egiten zait zirkunstantzia berezi horiek eguneroko bizitzarekin lotzea. Ezin dira parekatu. Egia esan, kosta egiten zait nire bikotekidea izan zena «estratega» gisa ikustea. Baina badira haren nortasunaren bi ezaugarri, gertatua azaltzeko lagungarriak: bere buruarengan zeukan konfiantza, batetik; eta egoera zailetan erakusten zuen baikortasuna, bestetik. Bi ezaugarri horiek esplika dezakete polizia etxean bizi izandako erronkari eman zion irtenbide arrakastatsua.

ETAren jarduera kritikatu zuen, baina ez zen bizi armak isiltzearen erabakiaren berri izateko. Zer pentsatuko zukeen horretaz?

Pozarren ikusiko zukeen jarduera armatuaren amaiera, batere dudarik gabe. Bere inguruko lagun eta kideekin sarri hitz egiten zuen bukaera horren beharraz. Hain zuzen ere, ezker abertzalearen norabide aldaketa Ardotxiren gisako militanteen ahaleginari zor zaie.

Nola ikusiko zukeen gaurko egoera politikoa?

Bi hitzetan esanda: kezkaz eta itxaropenez. Kezkaz, nabarmena delako bake prozesua geldirik dagoela, ez direla ematen ari behar eta espero genituen pausoak. Egun dugun krisi sistemikoari dagokionez, klase borrokaren ikuspegitik nola aurre egin, horrexek kezkatuko zuen. Itxaropenez, baikorra zelako (lehen ere esan dut), baikortasunez jokatzen zuelako erronkei eta zailtasunei aurre egiteko. Berezkoa zuen hori. Baina itxaropena ez zuen airean jarriko, itxaropena lurrean finkatuko zuen, ekintzetan. Alde horretatik, pentsatuko zuenaz baino, nahiago dut egingo zuenaz hausnartzea; seguru nago hainbat borrokatan konprometituko zela gaur egun ere: eskubide sozialen eta burujabetzaren alde, adibidez, Euskal Bideari nola uztartu Eskubide Sozialen kartaren edukiak, presoen eta erbesteratuen alde…

Memoria historikoaren alde ere bai, agian?

Baita ere. Goldatu Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Errepresaliatuen Elkartean eta antzeko taldeetan jardungo zukeen, edota Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataforman, hau da, Argentinako kereilan. Izan ere, gaur egun ere berebiziko garrantzia du frankismoaren zigorgabetasunaren aurka lan egiteak: frankismoan sufritu zutenei, bidean geratu zirenei zor diegu; oraindik bizi garenon duintasun kontua ere bada. Aro bat amaituta, kontakizunen gatazkan bizi gara gaur. Gurea egitea garrantzitsua da, ez bakarrik atzera begira justizia egon dadin, baita aurrera begira ere gure ondorengoek etorkizun hobea izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.