Gaur taldeak 15 hilabete baino ez zuen iraun, 1965etik 1967ra arte, baina eragin handia izan zuen Euskal Herriko arte garaikidearen berrikuntzan. Taldeko bi beterano, Nestor Basterretxea eta Jose Antonio Sistiaga, mugimendu haren inguruan mintzatuko dira gaur, Donostian, Maria Jose Aranzasti historialariarekin eta Fernando Golvano arte kritikariarekin batera.
Jorge Oteiza eta Sistiagaren ekimenez sortu zuten taldea, eta Donostiako Barandiaran galerian eginiko erakusketa batekin aurkeztu zuten. Bi bultzatzaile nagusiez gain, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu eta Jose Luis Zumeta elkartu ziren talde horretan.
Hala ere, Gaur ez zen Oteizak eta lagunak sustaturiko talde bakarra izan: Bizkaian, Emen sortu zuten; Araban, Orain; Nafarroan Denok; eta Iparraldean, Baita. Oteizak berak asmatu zituen izenak. Sistiagak azaldu duenez, Txillida taldean sartu zuten eskuindarra zelako eta horri esker agintari frankistekin arazo gutxiago izango zituztelako.
Sistiagak gaineratu duenez, asko mitifikatu da taldearen garrantzia: «Emaitzak ikusi besterik ez dago. Hartatik zer geratu den eta non geratu den».
MAHAI INGURUA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non.Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian.
Gaur taldeko beteranoak
Euskal Herriko artea irauli zuen taldeaz hausnartuko dute Basterretxeak eta Sistiagak, besteak beste

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu