Gaztaren ibilbidea, abian

Gipuzkoako Goierri, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak gurutzatzen dituen Idiazabalgo gaztaren ibilbidea osatu dute. 95 kilometroko ibilbidea da.

Alex Txikon, Oihana Kortazar eta Jose Ramon Agirre kirolariak, Felix Goiburu artzainarekin. JON URBE/ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Segura
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idiazabalgo gazta oinarri hartuta, Gipuzkoako hiru ibar gurutzatzen dituen Idiazabalgo gaztaren ibilbidea osatu dute. Ibilbideak hiru helburu nagusi ditu: natura eta kirol turismoari bultzada ematea, turismoaren eta lehen sektorearen artean elkarlanean aritzea eta Goierri eta Gipuzkoa barnealdea gune turistiko gisa osatzen jarraitzea. Gaztaren ibilbidea 95,7 kilometroko ibilbide zirkularra da, eta sei etapaz osatuta dago. Horrez gain, 9.777 metroko desnibel metatua du. Ibilbide osoa34 ordutan egitekoa da. Ibilbidea norberak nahi duen erara diseina dezake,eta zatika edo osorik egin daiteke. «Natura, gastronomia eta kultura batzen dituen proiektua da», esan du Igor Egigurenek, Goierri Turismoko presidenteak.

Gipuzkoako Goierri, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak gurutzatzen ditu ibilbideak. Horien artean, Aizkorri-Aratz eta Aralar parke naturalak zeharkatzen ditu.

Ibilbidearen informazio eta kudeaketarako gune nagusia Idiazabalen dagoen Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan kokatzen da. Toki horretan, ibiltariei beharrezko materiala eta informazioa emango zaizkie, eta nahi duenarentzat ibilbidetik kanpo dauden gainerako ekipamenduen inguruko informazioa ere emango da. Ibilbidea egiten duen orok gaztaren ibilbideko kamiseta, geraleku bakoitzean zigilatu beharreko pasaportea eta ibilbide osoaren mapa eta gida jasoko ditu.

Geraleku bakoitzean pasaportea deiturikoa zigilatu beharko da, eta sei zigiluak lortzen dituenari, hau da, ibilbide osoa egiten duenari, Idiazabalgo gazta erdi bat eta botila sagardo bat oparituko zaizkio.

Ibilbidea nahi den tokitik has daiteke, hala ere, Leire Arandiak proiektuaren sustatzaileetako batek esan duenez, «gure proposamena Seguratik hastea da, han ostatua izanik eta Idiazabaldik daukan gertutasunagatik».

Abialeku edo geraleku bakoitzean bisitariarentzat erabilgarria den informazioa egongo da. Pertsona edo talde bakoitzak ibilbidea bere erara diseinatzeko aukera duenez, etapa solteak edo geraleku bakoitzean gau bat baino gehiago pasatzeko aukera izango da. Gainera, gaztaren ibilbidea marka zuri-gorriz adierazita dago.

Idiazabalgo gaztaren ibilbideko zerbitzuez baliatzeko eskaera egin behar da www.idiazabalgaztarenibilbidea.com webgunean.

Kirolariak eta sukaldariak

Segurako (Gipuzkoa) Ondarre nekazaritza turismoan inauguratu zuten atzo gaztaren ibilbidea. Eta ibilbidea hasteko testigu gisa Felix Goiburu Ondarreko artzainak Idiazabalgo gazta eman zien Oihana Kortazar eta Alex Txikon mendizaleei, eta horiek erreleboa eman zieten Goierriko sukaldarien ordezkariei. Horien artean, Xabier Martinez eta Iker Markinez sukaldariei.

Arandiak azaldu zuenez, «aukera aparta da denetarik pixka bat ezagutzeko eta etxera esperientzia aberasgarria eramateko. Horrez gain, gaztaren ibilbidea gaztaren inguruan gehiago jakiteko ere baliagarria da».

Idiazabalgo gaztaren ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak homologatutako ibilbidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.