Medikuntza

Gazte sentitzeko zortzi pauso

Norbere burua gazte sumatzeko ez da nahikoa dieta osasungarria jarraitu eta ariketa fisiko apur bat egitea; hori garrantzitsua da, baina gehiago eta hobeto bizi nahi bada, adimena ere zaindu beharko da.

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Adinean aurrera egiteak ez du zertan dena baldintzatu. Zenbait erabaki har daitezke geure burua hobe sumatzeko, gazte sentitzeko.

Mugi zaitez

Sedentarismoa arrisku-faktore nabarmena da bihotzarentzat. Baina, kontuz, hala ere, ariketa aukeratzean: ariketa fisiko arina, jarraitua eta aldian behingoa gomendatzen da, astean hiru-bost aldiz gutxienez egin beharrekoa, 45 minutuko iraupena duten paseoak, adibidez. 30 minututik behera ez dago ondorio positiborik, eta egunean zenbait txanda batu eta elkartzeak ere ez du balio. Berdin dio ibilian, korrika edo bizikletan egiten badira ere, kontua izerdia botatzea eta nekatuta amaitzea baita. Eta garrantzi berezia du ibilaldiaren aurreko eta ondoko bost minutuetan luzamenduak egiteak.

Sagar bat egunero

Zertarako? Gure garuna babesteko. Massachussetseko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, fruta horren zukuak Alzheimerra jasateko arriskua gutxitzen du. Kontu hori ez da gauza berria, sagarrak beti eduki baitu ospea Medikuntzan: ezaugarri antioxidatzaileak ditu, osagai kaltegarri oxidatuak neutralizatzeko gai direnak, eta, horrez gain, baita inflamazioaren, tumoreen eta mikrobioen kontrako eraginak ere, sistema kardiobaskularraren eta zahartze-prozesuaren aurka babesteaz gain. Beste fruta batzuek dituzten taninoak eta flabonoideak ere baditu, baita hesteetako iragapena erregulatzen duen pektina ere. Substantzia horiek fruta osoan daude, baita azalean ere. Horregatik, fruta zuritu gabe jatea gomendatzen da, aurrez ondo garbitu ondoren, noski.

Hartu D bitamina

D bitamina hartzen duten pertsonek %7 murrizten omen dute minbizia jasateko arriskua, argitaratu berri den ikerketa batek dioenez. Eta bitamina hori lortzeko modurik egoki eta errazena jan-neurriaren bidezkoa da, esnekiak, arrautza-gorringoa eta arrain koipetsuak kontsumituz, edo eguzkia hartuz bestela. Bitamina horren eskasia azaltzeko, dietan egindako aldaketak eta gure arbasoek zutena baino kanpoko esposizio txikiagoa aipatzen dituzte aditu batzuek, eta, horregatik, bitamina-gehigarriak ematea gomendatu izan die hezurretako zenbait gaitz edo gaixotasun metabolikoak dituzten pertsonei; D bitaminaren sintesi eta kontroleko mekanismoen funtzionamendu egokia ezinezkoa egiten dute gaitz horiek. Hala ere, ez da ahaztu behar D bitaminaren gehiegikeria kaltegarria dela giltzurrun eta odol-hodientzat.

Mastekatu txiklea

Txiklea mastekatzeak estresa gutxitu eta kontzentrazioa hobe dezake Melbourneko Psikologia Fakultatean (Australia) egin berri duten ikerketa baten arabera. Adituen ustez, estres fisiologikoaren markatzaile gisa jokatzen duen kortisol hormonaren maila txikiagoak lortu ziren txiklea mastekatu zuten boluntarioen listuan, txiklerik murtxikatu ez zuten pertsonetan baino. Horrez gain, boluntarioen errendimendua eta kontzentrazioa hobetu zituen txikleak aldi berean egindako ataza anitzeko probetan.

Txikitoak hartzen

Baina neurrian betiere, noski. Flabonoideak, polifenolak, taninoak… substantzia onuragarri asko ditu ardoak. Eta orain beste bat gehitu behar zaio aurreko zerrendari: resveratrol izenekoa, hain zuzen ere. Adituen eta zientzialarien interesa piztu duen gai horrek tumoreen eta gaixotasun kardiobaskularren hasieraren kontrako ekintza prebentiboa omen dauka, eta bizi-itxaropena luzatzen du. Eta baxoerdiak lagunekin batera hartzen badira, hainbat hobe. Egunean lagun-giroko hamar minutuko solasaldiak adimen-gaitasunak hobetzen dituela kalkulatzen da, ariketa mentaleko metodoek adinako eraginkortasunarekin, gainera. Bestela esanda, egunero lagunekin mintzatzea hitz gurutzatuak eta sudokuak egitearen parekoa izan daiteke.

Zoaz mendialdera

Naturan egindako paseoek gure oroimena bizkortu dezakete. Izan ere, ingurugiro naturalean geure garunak modu erlaxatuan atzematen ditu estimulu anitz, hirian eduki ditzakeen eragozpen eta oztoporik gabe. Kale giroan, berriz, estimulu horiek jasotzeko arreta handiagoa, biziagoa behar da, hiri giroko zalapartak barruan harrapatuko ez bazaitu. Michigango Unibertsitatean (AEB) egindako epe laburreko oroimen-test batek horixe frogatu zuen itxura batean: boluntario-talde batek, ariketa jakin batzuk egin ondoren, ordubeteko paseoa eman zuen parke batean. Hirira itzultzean proba errepikatu zuten, eta beren oroimen-gaitasuna %20 gehitu zela ikusi zuten; horrelakorik ez zen gertatzen, ordea, paseoa hirian barrena eginez gero.

Egin mediku azterketa bat

Adin jakin batetik aurrera, osasun-azterketak ezinbestekoak dira. Adituen ustez, 40 urteko pertsona osasuntsu batek azterketa mediko osoa (odol eta gernu-analisiak, elektrokardiograma…) egin beharko luke bi urtean behin, eta urtero 50 urtetik gora. Azterketa horiez gain, ez da ahaztu behar dentistari urtero egin beharreko bisita, osasun egokia ahotik hasten baita. Txekeoekin hasteko adina aldatu egingo da pertsona bakoitzaren aurrekari pertsonal eta familiako aurrekarien arabera. Horrela, zuzeneko senideen artean bularreko minbiziaren aurrekariak dauzkaten emakumeek 35 urterekin hasi beharko lukete urtero azterketak eta mamografiak egiten. Eta gauza bertsua gertatzen da beren familietan koloneko minbiziaren edo gaixotasun kardiobaskularren kasuak dituzten pertsonekin ere.

Meditazio apur bat

Sistema kardiobaskularra pertsonaren premietara edo erritmora egokitzen da, horretarako estres-egoera batean sartu behar badu ere. Alerta edo arrisku-egoera batean, bihotz-maiztasuna eta tentsio arteriala gehituz erantzungo du. Defentsako erantzun hori nerbio-sistema sinpatikoak bideratzen du, baina eragin horiek beste organo batzuetara ere transmititzen dira (sistema endokrinora, digestio-aparatura, giltzurrunetara eta sistema neurologikora). Estres-maila gutxituz gero, sistema horiek guztiak erlaxatzen edo desaktibatzen dira, eta, horregatik, meditazio eta autokontroleko ariketak egiten badira, eragin mesedegarria lortuko da. Ariketa horiek bereziki egokiak izango dira profil jakin bateko pertsonentzat: bizi-estilo gogor eta oldarkorra, batere programatu gabeko atsedenaldi kaotikoak, laguntza emozional eskasa duten pertsonentzat eta eguneroko jardunean zentratuegi bizi diren pertsonentzat, hain zuzen ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.