Irati Goikoetxea: «Gazteak eroso eta deseroso sentiaraztea dut helburu»

'Nor' liburu ilustratua aurkeztuko du gaur Irati Goikoetxeak Durangoko Azokan. Sexu identitatean oinarrituta, bost gazteren gatazkak kontatuko ditu eleberrian.

Irati goikoetxea
Irati Goikoetxea, 'Nor' eleberria eskuan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
Iruñea
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

14 urteko bost gazte hartu ditu oinarri Irati Goikoetxeak (Beasain, Gipuzkoa, 1984) kaleratu berri duen Nor eleberri ilustratuan. 2010. urtean Peru Abarka lehiaketa irabazita, bere lehen narrazio ilustratua egin zuen idazleak: Arraroa. Azken urteetan eleberriak egin ditu. Orain, 1545 argitaletxearen eskutik kaleratu du lan berria. Galderaz beteriko lana da Goikoetxeak aurkeztutakoa; paperean irudikatutako galderak eta norberak bere buruari egin beharrekoak. Identitate sexuala eta gazteek bizi izandako beste hainbat gatazka dira eleberriaren ardatza. Gaur aurkeztuko du liburua Goikoetxeak, Durangoko Azokan.

Eleberria talde lana dela nabarmendu duzu. Zergatik?

Talde eder bat sortu dugu liburuaren prozesuan. Alde batetik, nire anaia Ekaitz aholkulari lanetan eduki dut, irakasle izanda gazteen problemak gertu ditu eta. Bestetik, argitaletxeko kideek ere asko zaindu dute proiektua. Ilustrazioek pisu handia izan dute liburuan, eta Karmele Gorroñoren lana ikaragarria izan da. Azkenik, nabarmentzekoa da baita ere Aingeru Mayorrek egindako lana, ez soilik epilogoa egiteagatik, baizik eta emandako laguntza guztiagatik.

Finantzaketa kolektibo baten bidez hasi zen prozesua, ezta?

Bai. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmo bati esker hasi zen dena. 1545 argitaletxeak aurkeztu zuen gure proiektua, eta, azkenean, diru bilketa batekin amaitu genuen, aldundiaren laguntzarekin. Horren bidez, ekarpen asko jaso genituen, eta diru emaileek ere hainbat opari jaso zituzten. Bilketaren laguntzari esker, liburua sortu aurretik jada honek guztiak bazuen oihartzuna, eta hori lagungarria da, noski.

Narrazioari begira, sexu identitatea da oinarri nagusietako bat. Norentzako da liburua?

Gazteak aintzat hartutako liburua da Nor, baina ez da soilik gazteentzat. Aurreko batean, adibidez, irakurle batek esan zidan eleberriak bere nerabezarora salto egiteko balio izan ziola, ordu hartan izan zituen korapilo horiek gogoratu zituela eta askatze lan bat hasi zuela. Edonorentzako lana da, denok landu beharra daukagu-eta gure identitatea. Hala ere, gazteak dira oinarri; haiek eroso eta deseroso sentitzea nuen helburu lan honekin.

Beraz, denek irakurri beharko lituzkete gazteen bizipenak?

Oso garrantzitsua da nerabeei gure babesa erakustea. Lehen lerroan familiek edota irakasleek egon beharko lukete, baina gizarte bezala, osotasunean, nerabeengandik gertu egon beharko genuke. 

Liburuak ez du adinik, baina sexu identitateak eduki beharko luke?

Jaiotzen garen momentutik gara nor. Inguruak sortzen gaitu, etengabeko prozesu batean. Ez dakit zer momentutatik aurrera garen kontziente; batzuk lehenago, beste batzuk geroago. Ispiluaren aurrean jartzen garenean, batzuetan, ez dugu ezer ikusten, eta nik uste dut batzuetan identitate prozesua inkontzienteki egiten dugula. Uste dut hiltzen garen arte eraikitzen dugula gure identitatea, eta horrek, ez hasieran eta ez bukaeran, ez du adinik, ez mugarik.

Galderak egiteko liburu bat dela esan duzu. Zergatik?

Liburua bera galdera erraldoi bat da. Kapitulu bakoitzean galdera ezberdinak aurkituko ditu irakurleak. Kapitulu bakoitza pertsonaia batean oinarrituta dago, eta horrek dituen gatazketan. Galderekin irakurleari pentsarazi egin nahi diot, hausnarketa prozesu batean sartu eta buruari buelta batzuk emateko. Bakarrik irakurtzeko liburua da Nor, baina lagunduta ere egin dezakegu hausnarketa. Galdera irekiak dira, eta gure ingurukoekin erantzunak partekatzeko aukera oso polita da.

Galdera orok badu erantzuna?

Gure kasuan, ahalegin handia egin dugu galderak sortzekoan. Galdera oso irekiak egin nahi genituen; ez genituen eduki nahi «bai» edo «ez» batekin erantzuten diren galderak. Eztabaida eta solasaldi prozesu handia izan da, filosofian aritzen diren hainbatek ikuskatua. Liburuko lehen orriak zuriak dira; alde batetik, irakurlea deseroso sentiarazteko; eta, bestetik, bertan nahi duguna marrazteko edo idazteko —kapituluetako galderak erantzuteko balio dute, adibidez—. Irakurleak bere buruarekin hitz egiteko gonbita bat da, bere posizioa, bere egoera definitu eta idatzi ahal izateko.

Liburu interaktiboa da, beraz?

Hori da. Liburu interaktiboa da, bakoitzak bere buruarekin egiten duena. Mentalki egiten da prozesua, eta baita fisikoki ere, orri zurietan. Bakoitzak bere liburu berria sortzeko aukera eman nahi izan dugu.

LOTSABAKO

Erreferente bat? 

Nire anaia. Nor eleberriko pertsonaia bat? Amaia. Idazteko leku bat? Nire idazmahaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.