Gazteak trebatzeko zerbitzua Euskal Irratien sare osora zabaldu da

Frantziako Gobernuak lagunduta, 18-25 urte arteko euskal gazte orok parte har dezake

Formakuntza jasotzen ari den gazte bat, Antxeta irratiko egoitzan. PILI LEKUONA.
urtzi urkizu
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkeneko lau urteetan, Bidasoko Antxeta irratiak baliatu du Frantziako Gobernuaren laguntza, frantsesez Service civique deiturikoa (herritar zerbitzua), hainbat gazte bere irratian hartzeko. Orain, baliabide hori Euskal Irratien federazioko irrati guztietara zabaldu dute, eta Europako Batasuneko edozein gaztek eman ahalko du izena formakuntza jasotzeko. Bederatzi hilabetez, astean 24 orduz aritzen dira lantokietan gazteak. Baldintza 18 eta 25 urte artean izatea da, eta euskaraz jakitea. Izena [email protected] helbide elektronikoan eman daiteke, edo irratietara telefonoz deituz. Eperik ez da eskaera egiteko, baina Euskal Irratiek urrirako jaso nahiko lituzkete proposamenak.

Titto Betbeder Euskal Irratietako koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, Frantziako Gobernuak martxan jartzen duen egitasmo bat da Service civique deiturikoa. «Horren helburu nagusia da gazteei formakuntza bat ematea herritartasunaren inguruan. Aldi berean, gazteak orokorki lan munduan integratzeko xedea du».

Frantziako Gobernuak, formakuntzak irauten duen bederatzi hilabeteetan, gazte bakoitzari 400-500 euro inguru ematen dizkio hilean. Bestalde, elkarteek edo herriko etxeek beste 100 euro jartzen dituzte. Beraz, gazteak hilean 600 euro jasotzen ditu.

Euskal Irratien kasuan, Betbederrek adierazi du gazte horiek ezin dutela lanpostu bat ordezkatu. «Baina helburu batzuk bete ditzakete, esate baterako, elkartegintzari lotuak. Partaidetzak lortzeko, ekitaldien antolaketan laguntzeko eta irratien arteko harremanetan sakontzeko lagun dezakete gazteek. Gainera, kazetaritzan eta irratigintzan prestatzen ditugu».

Aurten, sei gazte hartuko dituzte Euskal Irratiek. Antxetan hasi da dagoeneko aurrenekoa, ekainean. «Irailean beste bat hasiko da sareko beste irrati batean, baina ateak irekiak dira oraindik». Betbederrek nabarmendu du ordutegiak malguak direla, eta gazteek formakuntza jasotzen duten bitartean ikasketekin jarrai dezaketela edo beste lan bat egin dezaketela. «Gazteekin batera antolatzen dira ordutegiak. Astean hiru egunez edo bost egunez aritu daitezke».

Euskal Irratietako koordinatzaileak uste du gazteek ez dutela derrigor kazetaritzari begirako formakuntzan pentsatu behar. «Norbait baldin badago elkartegintzarekin interesatua dena edo diru laguntzek nola funtzionatzen duten interesatua, edo gazte batek baldin badu proiektu bat euskal kulturari lotua, azter dezakegu hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.