ATZEKOZ AURRERA. Yasmine Khris. Laba sareko kidea

«Gazteluko plazan gaude, baina inork ez gaitu ikusten»

Duela urte eta erdi ateak zabaldu arren, lehenengo aldiz bizi ditu sanferminak Labak. Yasmine Khris Laba sareko kidea gogotsu dago: «Ilusio handiz bizitzen ari gara».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Egun «gogorrenak» pasatuta, gogotsu daude Laba sarekoak ateak zabalik mantentzeko. Yasmine Khris (Marseilla, Frantzia, 1996) Laba sareko kidea kontent da, proiektuaezagutarazteko aukera «ona» baitira sanferminak.

Zer moduz hasi dira sanferminak?

Oso ongi. Irekitzeko gogoz geunden; izan ere, lokala duela urte eta erdi zabaldu arren, lokalak eta labakideok ez ditugu sanferminak bizi izan. Ilusio handiz bizitzen ari gara sanferminak.

Lan handia izan duzue dena prestatzeko?

Bai, oso handia. Taldean esperimentatzen ari gara zer den ostalaritza. Proiektua zabaldu zen espazio kultural bat izateko, baina kafetegi bat ere badago proiektuaren barruan, eta arlo hau ez genuen hainbeste ezagutzen. Horretarako, taldeetan banatu ginen, eta astero biltzen aritu gara.

Txanda asko dituzue?

Egunik gogorrena 6a denez, lehenengo egunean pilatu dira txandak. Azken egunera arte jaso ditugu jendearen mezuak txanda egiteko.

Zenbat dituzu zuk?

Hiru barran, eta kudeatzaile lana.

Orduan, parrandarako tartea izanen duzu?

Espero dut sanferminak bizi ahal izatea labakide eta iruindar berri gisa.

Horretarako egun osoa izanen duzue Laban?

Eguerdian bermuterako tartea utzi dugu, Gazteluko plaza Iruñeko bihotza baita, eta Laba ezagutzeko oso aukera ona. Nahita eskaini dugu arratsaldeko programazioa, ikusi baitugu asko zezenketetara joaten direla. Horrez gain, musikari guztiak euskaldunak dira, Laban euskaraz aritzeko espazio bat sortu nahi dugulako. Jendeak gaztelera nahi badu, Iruñe osoa dauka.

Faltan sumatzen duzue terrazasanferminetan?

Falta sumatu dugu, eta sumatzen dugu. Laba, orain arte, bazkideen ekarpenari eta kafetegiari esker sostengatu da. Orduan, terraza izanen bagenu sumatuko genukeen emaitza hobea. Beste behin egon gara udaberrian terrazarik gabe, eta sanferminetan ere bai. Haserre bai, baina lortuko dugu.

Nola doa auzia?

Edonoiz etor daiteke emaitza,eta, ongi ulertu badugu, abuzturako izanen dugu, beranduenez. Erabaki genuen sanferminen atarian jasotzekotan ez genuela terraza irekiko, kudeaketa handia eskatzen baitu. Gutxienez, sanferminetako bestondoa amaituta jendeak izanen du aukera kafetxoa terrazan hartzeko.

Apusturik egin duzue labakideen artean?

Uste nuen uztailaren 5ean eroriko zela, baina ez zen hala izan. Agian eror daiteke uztaileko bigarren hamabostaldian, justu ixten dugunean. Orduan, bilera espres bat egin beharko dugu. Baina bueno, sorpresa batzuk ditugu.

Zer nahiago duzu, kaleko parranda edo tabernetakoa?

Kalea beti izan da gurea; horregatik ezagutu genuen elkar guztiok. Nahiz eta Laba barruan lanean egon, bilera osteko poteak ere garrantzitsuak izan dira. Kalea biltzeko puntua izan da. Terrazabestaldetik igual emanen digu orain arte izan ez dugun ikusgaitasuna, iruindar askok oraindik ez baitakite non dagoen Laba. Gazteluko plazan gaude, baina inork ez gaitu ikusten.

Betiko txokoetan ibiltzen zara, edo handik eta hemendik?

Txoko batzuk daude inoiz zapaltzen ez ditudanak, ez naizelako oso identifikatua sentitzen. Baina ez da albiste txarra: horrek esan nahi du betiko txokoetan eroso sentitzen naizela. Hala ere, badaude une eta txoko batzuk oraindik esperimentatu ez ditudanak. Adibidez, niretzat aurten berria izan da 7an Curia kalean egotea. Niretzat, oraindik berriak dira sanferminak.

Egunero egongo zara Laban?

Espero dut ezetz. Egotekotan, ez dakit seinale ona edo txarra den.

Hirugarren sanferminak dira zuretzat. Urtez urte gauza berriak ikasten dituzu?

Iaz deskubritu nuen Casinon, Cafe Iruña gainean, egiten den espartinen dantza. Bitxia iruditu zitzaidan, baina ez nintzateke berriz itzuliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.