Alejandro Joral. Donostia ospitaleko Alergologia Zerbitzuko burua

«Gehienbat, kutsaduragatik egin dute gora alergia kasuek»

Alejandro Joralek azaldu du diagnostiko goiztiarrak polenari alergia dioten gaixoen bizi-kalitatea hobetu dezakeela .

JON  URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Datorren astean iritsiko da udaberria, polenari alergia dioten gaixoek hainbeste beldur dioten urtaroa. Aurtengoan ere aurreikuspenak txarrak dira, eta polen maila handia izango dela espero da. Donostia Ospitaleko Alergologia Zerbitzuko buru Alejandro Joralek (Valladolid, Espainia, 1960), dena den, lasaitasun mezua bidali die gaixoei. «Apirilean edo maiatzean egiten duen eguraldia, aurretik egin duena bezain garrantzitsua da». Prebentzio neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du, eta tratamenduen eraginkortasuna defendatu.

Egun gutxi falta dira udaberrian sartzeko. Badirudi aurtengoa ere gogorra izango dela polenari alergia dioten gaixoentzat. Nola ikusten duzu zuk?

Sasoi hau iristean beti gogoratzen gara polenari alergia dioten gaixoez, eta ohikoa izaten da horrelako aurreikuspenak egitea. Kasurik gehienetan aurreikuspen txarrak izaten dira, gainera.Esaten da udaberria txarra izango dela haientzat. Baina nik tentuz hartzen ditut halako aurreikuspenak, orokorregiak direla uste baitut. Lekuaren arabera, dezente alda daiteke egoera. Aurtengoari dagokionez, egia da hemen euria dezente egin duela, eta pixkanaka loreak aurrera doazela polinizazioan. Beraz, ematen du udaberria txarra izango dela polenari alergia diotenentzat. Baina nik, udaberria iritsi aurretik gertatzen denari bezainbeste garrantzia ematen diot apirilean eta maiatzean egiten duen eguraldiari. Iaz, adibidez, aurreikuspena oso txarra zen. Baina gero, apirilean eta maiatzean euri asko egin zuen, eta gaixoek nahiko udaberri ona igaro zuten. Gehienek aparteko arazorik gabe pasatu zuten. Beraz, polenari alergia diotenei, lasai egoteko esango nieke. Gure inguruan, gainera, gehiago dira akaroei alergia dioten pertsonak, polenari diotenak baino. Polenaren alergiak, ordea, oihartzun handiagoa izaten du jendearen eta hedabideen artean.

Aurreikuspenak txarrak izanda, etapolenaren ondoriok hilabete amaiera antzematen has daitezkeela kontuan hartuta, zer egin daiteke aurretik alergiaren sintomen aurrean?

Garrantzitsuena alergologoarengana joatea da, hark diagnostiko zehatza egin, eta agindutako tratamenduarekin hastea. Jada alergia edukiz gero, sintomak agertu aurretik hasi behar da tratamendua hartzen, bestela emaitzak ez dira horren onak. Zenbat eta lehenago, hobeto. Beti komeni da tratamendua etxean edukitzea.

Eta sintomak agertuz gero , zer egin behar dute gaixoek?

Polinizazio maila handia den egunetan, gomendagarriena etxetik ez ateratzea da. Gaur egun badira maila hori iragartzen duten webguneak. Gehienetan, oso fin ibiltzen dira. Horrekin batera, komeni da etxeko leihoak ondo itxita edukitzea, autoan joatean ere leihoak itxita eramatea eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzea. Betiko aholkuak dira, baina ezinbestekoak.

Tratamenduei dagokienez, soilik antihistaminikoak erabiltzearen aldekoa zara, edo txertoa jartzea ere beharrezkoa ikusten duzu?

Polenari alergia dioten gaixoen tratamenduak hiru koska ditu. Lehenengoan aipatutako prebentzio neurriak daude; bigarrenean, tratamendu sintomatikoak: antihistaminikoak, kortikoideak, bronkioak zabaltzekoak, begietarako tantak... ; eta, hirugarrenean, immumoterapia edo txertoak. Erabateko eraginkortasuna duen tratamendu bakarra txertoa da. Sendatzen duena da, sintomak erabat desagerrarazten baititu. Prebentzio neurriak beti hartu behar dira. Beste biei dagokienez, ez nuke baten edo bestearen alde egingo. Kasuaren arabera, bata edo bestea erabili behar da. Garrantzitsuena diagnostiko on bat egitea da, eta tratamendu sintomatiko egokiena jartzea. Behin hori jarrita, sintomek irauten badute, edo urtetik urtera gaixoak okerrera egiten badu, zalantzarik gabe txertoa jartzeko agitzen diegu. Gaixoaren arabera, urte osoan, udaberria iritsi aurretik edo udaberri osoan jartzen dira.

Txertoa azken aukera da, beraz?

Ez beti. Kasu batzuetan hasieratik jarri behar da, gaixoaren sintomak muturrekoak baitira. Beste kasu batzuetan, urtean hiru antihistamiko hartuta gaixoek kontrolatuta dituzte sintomak. Orduan, ez da beharrezkoa txertoa jartzea. Txertoaren inguruan joerak askotarikoak izan dira. Agertu zirenean, boom moduko bat egon zen. Joera gaixo guztiei jartzekoa zen. Ondoren, kontrakoa gertatu zen. Txertoaren aurkako iritzi bat zabaldu zen, eta ahalik eta gaixo gutxienei jartzen zieten. Azken urteetan oreka bat eman da bien artean. Nik uste dut hori dela zentzukoena. Behar duenari jarri behar zaio txertoa.

Gaixo askok diote txertoak oso gogorrak direla.

Gaixoak alergia dion gaiaren estraktuz daude eginda txertoak, sistema immunologiakoa gai horretara ohitzen joan dadin. Beraz, ez dute bigarren mailako ondoriorik izaten. Beste tratamenduak bezalakoa dira. Gogorra baino, txerto bidezko tratamendua deserosoa dela esango nuke. Izan ere,txertoak ezin dira etxean jarri. Osasun etxera joan behar duzu horretarako, eta horrek aztoratu egiten ditu gaixo asko. Baina hor ere aldaketak eta aurrerakuntzak ematen ari dira. Orain gutxi arte txerto guztiak ziztatu egiten ziren. Baina gaur egun badira ahotik hartzen direnak, adibidez. Horiek errazago hartzen dira, eta tratamendua eramangarriagoa izaten da gaixoarentzat.

Polenari alergia dioten gero eta pertsona gehiago al daude? Zergatik?

Bai, kasuak gora doaz urtetik urtera. Oso argigarria den datu bat dago. XX. mende hasieran, biztanleen %5ek zeukaten alergia mota hori, eta orain, %25ek. Bi dira horretarako arrazoi nagusiak. Batetik, lehen beste patologia batzuk zeuden, eta ez zen diagnostikatzen. Doministikuak eta errinitisa ikusi, eta katarroa zela esaten zen. Ez ziren gaixoak alergia zuen jakiteko probak egiten. Orain, berriz, proba horiek egiten dira. Bestetik, kutsadurak gora egin du azken urteetan. Enpresetako eta autoetako kutsadurak zeresan handia dute horretan. Kutsaduraren igoeraren ondorioz gure arnasbideak hondatuago daude. Hazi egiten dira, eta horrek erraztu egiten du polenaren partikulak sartzea. Gainera, polena autoen gasolioaren partikulekin nahastuta, erasokorragoa da. Beraz, egun alergia duten pertsona gehiago badaude, neurri handi batean kutsaduraren igoeragatik dela esan daiteke.

Ikerketek diote gero eta lehenago diagnostikatzen dela, eta umeen artean gero eta ohikoagoa dela polenari eta gramineei alergia izatea. Horrela da? Zer egin haur horiekin?

Errinitis alergikoa gaixotasun kroniko ohikoena da umeen artean. Gainera, umeen kasuan beste zailtasun bat egoten da. Normalean, polenari edo akaroei ez ezik, beste gai batzuei ere izaten diete alergia: elikagaiei, adibidez. Ez dute alergia bakarra izaten. Horren ondorioz, arazoak ugaritu egiten dira. Umeen kasuan, dena den, eboluzioa hobea izatea da. Ohikoa izaten da polenari alergia izatea, eta adinean aurrera joan ahala ez edukitzea. Elikagaiei lotutako alergietan ere asko geratzen da.

Garaiz diagnostikatzea erabakigarria al da gaixotasun honetan ere?

Bai, beste eritasunetan bezala. Helburua diagnostiko goiztiarrak izan behar du. Izan ere, gaixoen bizi-kalitatea asko hobetzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.