Genealogia bisual bat

'Bollologia' erakusketa sortu dute, lesbianen historiaren genealogia bat eginda lortutako informazioarekin. Liburu batean biltzen ari dira genealogia guztia.

Marta Luxan soziologoa 'Bollologia' erakusketa aurkezten, Oiartzunen, pasa den astean. BERRIA
Marta Luxan soziologoa 'Bollologia' erakusketa aurkezten, Oiartzunen, pasa den astean. BERRIA
nerea intxausti
Oiartzun
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Kartelgintzaren bidez gauza asko konta daitezke», azaldu du Marta Luxan Serrano soziologoak. Iruditzen zaio kartelgintzak ematen dituela borroka baten pistak eta testuingurua. Eta hortik abiatuta sortu zuen talde batek Bollologia erakusketa. Erakusketa ikusgai dago hilaren 29ra arte Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxeko areto nagusian, eta haren inguruko azalpenak eman dizkie aurkezpenera joan direnei; ondoren Marienera (Basauri, Bizkaia) eramango dute erakusketa, eta irailean, Igorrera (Bizkaia).

1977tik 2010era arte Hego Euskal Herriko lesbianen historian gertatu diren jazoera azpimarragarrienak bildu dituzte, eta paretetan zintzilik jarri dituzte kartelez, legeez, aldarrikapenez eta argitalpenez osatuta. Ipar Euskal Herriko «oso gauza gutxi» topatu dituzte. Bilduman ez dago argazki askorik, eta zergatia kontatu du Luxanek: «Orduko bollerei lehenengo topaketako argazkiak eskatu genizkien, eta erantzun ziguten: ‘Zuek uste duzue argazkiak ateratzen genituela? Ez horixe!’». 

Apirilean Leitzan (Nafarroa) egin ziren Bollotopaketetarako sortu zuen talde batek bilduma; Oiartzungo aurkezpenera joandako batzuk ere han egon ziren, eta buruarekin baietz esan dute: «Interesgarria iruditu zitzaigun begirada historiko bat ematea lehen Bollotopaketetatik berrogei urte igaro diten honetan, eta erakusketa forma egokia iruditu zitzaigun». Liburu batean ere biltzen ari dira genealogia guztia. 

«Euskal Herrian ezin dira lesbianen kolektiboak ulertu feminismoari erreferentzia egin gabe»

 MARTA LUXAN SERRANO Erakusketaren sortzaileetako bat

Kolektibo askoren eratze urtea eta haien aldarrikapenen eta ekintzen kartelak agertzen dira erakusketan, legeak eta erakundeekin izandako harremanak eta, azkenik, lesbianek beste mugimenduen alde ere nola egin duten. Informazioa mugatu behar zuten, eta 1977tik 2010erako tartea aukeratu zuten: «1977. urtean hastea erabaki genuen, orduan gertatu zelako Francisen [Vicente Badillo] hilketa, eta kontuan hartu beharreko mugimendua sortu zuelako; eta 2010 zergatik? Manifestu transfeminista atera zutelako». Ordutik aurrerakoa Bollotopaketetan jasoko zela jakintzat jo dute. 

Paretetan zintzilik daude urte horietan gertatutakoen adierazgarri asko: 1977an, Gay Hotsa-n, EHGAMek argitaratzen zuen aldizkariaren lehen alean, lesbianismoaren inguruko artikulu bat azaldu zen. Urte berean egin ziren Euskadiko emakumeen topaketa feministak, eta orduan ere lesbianismoaren inguruko hitzaldi bat egin zuten. «Garai hartan tentsioa zegoen non egon erabakitzean: asanblada feministetan, EHGAMen barruan, jende asko bietan zegoen... Bazegoen saltsa». 

1983an, Zamalbiden (Errenteria, Gipuzkoa), Lesbianen Jardunaldiak antolatu zituzten lehen aldiz. 250 bat lesbiana feminista elkartu ziren, eta Luxanek uste du «oso berezia» izan zela. «Nik uste dut, Euskal Herrian behintzat, ezin direla lesbianen kolektiboak ulertu feminismoari erreferentzia egin gabe», zehaztu du soziologoak. 

Bilboko Txokolanda, Matarrasca, Plataforma de Las Valentinas eta 1994ko bizikleta martxak ere aipatu ditu. Ekainaren 28ko kartelek hartzen dute erakusketaren zati handi bat; «eta gehiago ere bazeuden», soziologoaren arabera.

Sorginak «altxor»

Sorginak Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboaren aldizkaria sortu zen 1986an, eta «altxor bat» da Luxanentzat: «Erreferente bat da, urteetan iraun zuelako, eta gauza asko atera ditugu Sorginak aldizkaritik». «Interesgarria da, lurralde ezberdinetatik sortu zuten aldizkari bat delako. Orduko gaien inguruan hitz egiten zuten, eta instituzioei oso kritika gogorrak egiten zizkieten; niretzat, politikoki oso kokapen interesgarria dute». 

Luxanek kontatu du bertan idazten zutenek lehia izaten zutela, ea nork aterako azalik ikusgarriena, eta umorez egiten zituztela asko. 1983an lehorte bat izan zen, eta ura moztu zuten etxe guztietan. Bada, azalean hiru emakume biluziren argazkia atera zuten, eta hauxe zioen: Aurreztu ura, bainatu zure lagunekin. Lesbiana haiek Bollotopaketetan kontatu zutenez, argazki hori azalean jartzea oso garrantzitsua izan zen, beren gorputzak modu publikoan erakutsi zituztelako ikusgarritasuna hain beharrezkoa zen garai batean.

Luxanen ustez, esanguratsua da zergatik sortu zen 1994an Ala Ala kolektiboa Gasteizen: «Gasteiz izan zen Espainiako Estatu osoan izatezko bikoteen zerrenda egitea onartu zuen lehen udala; ez zituzten ezkonduta zeudenen eskubide berberak, baina aurrerapauso bat izan zen». Ala Ala kolektiboa sortu zen, ulertu zutelako hori instituzionalizaziorako pauso bat izan zitekeela. Albistea oso modu baikorrean hartu bazen ere, Sorginak aldizkarikoek kritikatu egin zuten, baita Luxanek ere: «Interesgarria iruditzen zait, gerora oihartzun txikia izan duten aldarrikapenak izan direlako: genero bereko pertsonen ezkontza garaipen moduan hartzen dugu, baina ez beste alternatiba batzuk proposatzeko galera moduan». 

Halere, lesbianen mugimenduak bestelako mugimenduekin zer harreman izan dituen ere erakutsi dute: «Argi dago oso lotuta egon dela mugimendu feministarekin eta sexu askapenerako mugimenduarekin, baina baita gehiagorekin ere». Nazio auziari erreferentzia egiten diote kartel batzuek, borroka antimilitaristari, elizaren kontrako kritikak... «Gure asmoa zen ikusaraztea bollerok ez garela aritu gure gauzez hitz egiten eta kito, baizik eta badagoela irakurketa kritiko bat beste aferen inguruan; abortu eskubidearen alde ere egin zuten». 

Luxanek ohartarazi du bere garai soziohistorikoan kokatu behar dela kartel bakoitza, eta batzuk zahartu egin direla gaur egungo ikuspegirako: «Agertzen diren gorputz gehienak oso normatiboak dira, adibidez, baina interesgarria iruditzen zitzaigun erakustea nola aldatu den hori, eta, hain zuzen, bilakaera bat izan duela». Eta horregatik, gauza batzuk ez edertzeko hautua egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.