Lizarrako (Nafarroa) Cafe con Letras taberna da Alicia Izalen (Atarrabia, 1959) negozioa; taberna ez ezik, kultura eta sorkuntzarako gunea ere bada. Urtebete darama negozioak martxan, eta kontent da emaitzarekin. «Nire transexualitatea dela eta, arazoak izanen genituela pentsatu genuen hasieran. Baina oso polita izan da tradizionala dela dioten gizarte honek egindako harrera eta erakutsitako maitasuna», esan du. Elkarrizketa egin bitartean denetariko bezeroak aritu dira sartu-irtenean, eta haiekin duen harremana estua dela ikus liteke. Izalendako garrantzitsuena zera da: besteek emakume gisa onar dezatela. «Maskulinoa ateratzen zaienean kakazten dute; sastakai txiki bat nabaritzen dut».
Noiztik zara Alicia sistemarendako?
Ofizialki, 2013ko uztailaren 24tik.
Baina hala zara lehenagotik ere.
Jaio aurretik naiz Alicia. Gehien onartuta dauden azkenengo ikerketen arabera, transexualitatea haurdunaldiaren seigarren astean gertatzen da. Kromosoma kateetan beti daude haustura txikiak. Horri disforia deritzo. Transexualen kasuan, haustura horiek eragin bat izan dezakete: sexu fisikoa modu batera garatzea, eta genero identitatea, beste batera. Ni gizon gorputzarekin jaio nintzen. Baina gorputza aldatzen ahal da, eta genero identitatea, ez. Gorputza genero identitatera egokitu behar da, biak harmoniza daitezen eta pertsona askeago eta osoago bizi dadin.
Noiz konturatu zinen genero hori ez zela zurea?
Normalean, pertsona transexualetan agerikoa da bizpahiru urterekin; lau, asko jota. Hor hasten da genero disforiaren benetako karakterizazioa. Bi urte nitueneko oroitzapen oso biziak ditut. Gogoan dut komunean sartu eta amaren zapiak janzten nituela. Ile luzea nuela irudikatzen nuen. Duela 53-54 urte, hori seinale erabat femeninoa zen; gizonek ez zuten ile luzerik. Nire jolasik gogokoena neska izatera jostatzea zen.
Zer sentitzen du neskatiko batek inguruko guziek mutiko baten gisan tratatzen duenean?
Mundu guzia aurka duela sentitzen du, bere onetik kanpo dagoela, eta ez daki nola eginen duen bizi ahal izateko. Nire gurasoek ez zekiten horri buruz, eta ezin zuten jakin, transexualitatea ez zegoelako gizarteraturik. Neska gisa janzten zen mutiko bat, asko jota, maritxua izanen litzateke. Eta ez du horrekin deus ikustekorik. Ez da afera sexual bat, baizik eta generoari dagokiona. Familia oso ezkerrekoa nuen, militantea alor sozial, politiko eta sindikalean, baina, era berean, oso sinestuna. Auzoko neska-mutikoekin mutikoa izan behar nuen, eta futbolean jokatu. Egiazki, azaltzeko oso zailak dira sentimendu horiek: hainbesteko mina, etsipena, hainbeste gau Jainkoari erreguka biharamunean munduak neska gisa ikus nintzan. Norberaren feminitatea onartzea agian gauzarik inportanteena da transexualendako, gorputz aldaketa baino askoz ere garrantzitsuago.
Haurra nintzela, hori guzia ezinezkoa zen: gizartean, gaixotasuna; familian, eromena edo erabateko hondamendia; eta erlijioan, bekatua. Aukera bakarra neure buruaren aurka borrokatzea zen. Garapen intelektuala oso zaila da egoera horretan: nerabezaroan ez nintzen hazten. Negar egiten nuen titiak hazi beharrean zakila hazten zitzaidalako.
Ordutik asko aldatu da transexualitatearen afera gizartean?
Nafarroako transexualen eskubideei buruzko 12/2009 foru legea itzela da, eredugarria. Baina gutxienekoa garatu da bakarrik. Osasun alorretik kanpo, ez da deus egin, ez hezkuntzan, ez justizian, ez eskubide zibil batzuetan, ez lan alorrean, ezta diskriminazio positiboan ere. Osasunari dagokionez, Unati Nafarroako Transexualitate eta Intersexu Unitatea sortu zen. Garrantzitsuena artatze psiko-psikiatrikoa eta endokrinologikoa da; horrek oso ongi funtzionatzen du. Baina hortik aurrera ez da batere garatu. Beraz, lege itzela dugu, baina ahanzturaren tiraderan gordea; gainera, giltzarekin ederki itxita dago, badaezpada ere.
1980ko hamarkadan El Salvadorren izan zinen. Zergatik joan zinen Amerikara?
Misiolari bokazioa esaten zitzaion. Egiazki, Seglar misiolari elkartean nintzen. Pertsona laikoa nintzen, baina elkartasunerako eta laguntzeko gogoa nuen. Gaur egun, GKEek egiten dute lan hori, baina orduan ez zeuden hain garaturik eta erroturik. Sentimendu oso euskaldunak eraman ninduen, bizitza partekatzeko gogoak. 1970ean, herritarren erakundeak sortu ziren Latinoamerikan, pobreziaren aurka. Iraultzaren amoreagatik bizitzea hautatu nuen, zalantzarik gabe.
Apaizen munduan sartu nahi zenuen, baina emakumeek ez dute sarbiderik han.
Bi urtez El Salvadorren egon ondoren, herrialdea utzi behar izan nuen. Han zoriontsu nintzen; hura bizitzen jarraitu nahi nuen. Gogoeta prozesuaren ondorioz, apaizgoaren alde egin nuen, herriaren eta herritar txiroen alde egiteko. Apaiza izan nahi nuen, baina era horretara. Bordak errez. Sinestuna nintzen, eta joan behar nuen herria izugarri sinestuna zen. Gainera, indigenekin aritu nahi nuen, eta Chiapaseko San Cristobal de las Casas elizbarrutiarekin lan egin nahi nuen, haien oinarriari jarraikiz: pobreak dira beren burua askatu behar dutenak, eta Eliza askapen horren zerbitzura jarri behar da. Premisa horiekin, teologia ikasten hasi nintzen San Salvadorren, eta, lehen maila bukatzean, nire irakasle guziak hil zituzten, Ellakuria eta. Teologia Mexikon bukatu nuen; apaiz izendatu ninduten, eta Sabanillako parrokian geratu nintzen Mexikoko Gobernuak sobera molestatzen nuela erabaki zuen arte.
Mugimendu zapatistarekin lotu zintuzten. Egia da?
San Cristobal de las Casas elizbarrutian oso argi genuen aldaketa premiazkoa eta behar-beharrezkoa zela herritar indigenendako, txirotze progresiboa baitzuten. Askapen Nazionaleko Armada Zapatista EZLNk gerra deklaratu zieten gobernuari eta armadari, haien kulturen pobretzearen erantzule zirelako. Elizbarrutiak ez zuen altxamendu militarra bultzatu, baina bai antolaketa. Pobreen bizitza aupatu dugu; intelektualki haz zitezen lagundu dugu, alfabetatzearekin, kooperatibekin, eta herritar eta herri gisa zituzten eskubideak ikasiz. Bereziki bi gauza defendatzeko altxatu ziren: bizitza eta ama lurra. Giza Eskubideen Gutunean eskubide oinarrizkoenetako bi dira horiek, baina, haiendako, askoz ere gehiago da. Beraz, sentimendu horren parte baginen, noski. Elizbarrutiak ez zuen armen alde egin, baina ulertzen genuen Mexikoko Gobernuaren itxikeriaren eta errepresio basatiaren ondorio logikoa zela.
Horregatik bahitu eta kanporatu zintuen Mexikoko Gobernuak?
Bai. Mexikoko Gobernuak zioen elizbarrutia EZLNren sustatzaile zela, antolatzaile eta abar. Hori, noski, ez zen egia, baina, aitzakia horren bidez, elizbarrutiko langile oro eragile eta antolatzaile ginen. Marcos komandanteordea hiru lagun zirela esan zuten: bat, komunikatuetan agertzen zena; bestea, barne antolaketaz arduratzen zen jesuita —horrela, elizbarrutiarekin lotu zuten—; eta hirugarrenak nire izena zuen. Nazioarteko harremanez arduratzen omen zen, eta, batik bat, ETArekikoez, euskal herritarra izateagatik. [Irriak]. Kanpaina ez zen nire aurkakoa, eta hiru Marcos horiek ez ziren existitzen. Helburua elizbarrutiaren lana deuseztatzea zen, eta atzerriko lekukoak kanporatzea, errepresio basatiari ekiteko. Apaiza bahitu, desagerrarazi eta kanporatzea zigor oso gogorra zen herriarentzat.
Horren guziaren ondoren, itzuli, eta zure gorputza aldatzeko erabakia hartu zenuen.
Latinoamerikan esan ohi da urgenteak ez diola tokirik uzten garrantzitsuari. Egoerak ez zidan uzten horri heltzea. Nola azalduko nion munduari apaiza eta emakumea nintzela? Azaldu ezinezkoa da. Orain ezin dut ulertu nola bizi izan nintzen nire transexualitatea bizi gabe. Onartu behar dut nire bizitzan denak zuela bere arrazoia edo ondorio saihetsezina. 2011 hasieran, hipotiroidismoa nuela esan zidan medikuak, eta endokrinologian artatu behar nindutela. Bidenabar, transexualitatearena komentatzeko aholkatu zidan. Ekainean, Unatiko paziente nintzen. Nire bikotekidearentzat oso azkarra zen dena, berak ere onartu behar baitzuen. Ordura arte, nire transexualitatea intimitatean bizi genuen, eta, harrezkero, jendaurrean bizi behar genuen. Lagunek zioten armairutik atera ordez armairua txikitu nuela. Egia esan, generoa egokituz geroztik —ez da sexu aldaketa— oso onartua eta maitatua sentitu naiz. 2013ko uztailean bukatu zen tratamendua. Orduan onartu zidaten izen eta sexu aldaketa nortasun agirian.
Tratamendurik gabe ez lizukete onartuko?
Ez.
Gizartean behera egin zenuen ofizialki emakume izanda.
Bai, nire aukerarekin behera egin nuen. Horrek bazterketa handitu dezake. Areago: hala sentitu izan naiz feministen artean ere. Emakume taldeen bileraren batean gertatu zait norbaitek emakumeen askapena eskatzea, baina emakume-emakumeena, talde gutxituei eta beste arazoei bere garaian helduko zitzaiela esanez, garrantzitsuena matxismoa bukatzea zelako. Eta bai, egia da. Baina ni emakume bat naiz, emakumeek ere baztertzen duten emakumea. Hori ezin da ahantzi. Edo prostitutak, edo elbarriak. Beraz, emakumearen benetako askapenik ez da izanen gehien baztertutako taldeak aintzat hartzen ez badira.
Lan munduan nabaritu duzu bazterketa?
Lanetik bota ninduten enpresako ordezkari izanda nagusiari aurre egin niolako. Baina egia da Madrilgo nagusiak ez zuela nire transexualitatea jasaten. Langilerik onenetakoa nintzen; urtero sariak irabazten nituen, eta enpresako bezerorik garrantzitsuenak nire esku zeuden.
Oztopoei aurre egiteko helduleku onak izan dituzu?
Fedea dut, eta beti izan dut indar espiritual bat lagun. Baina pertsona oso garrantzitsuak izan ditut inguruan. Orain, armairua lehertzean erabat lagundu nauena nire bikotekidea izan da. Nik sufritu dut gizartearen aurrean ezagutzen ez ninduten bezala azaltzean, baina, era berean, nire genero identitatea gozatzen dut. Baina nire bikotekideak bazterketa, begiradak, komentarioak eta abar sufritu ditu nirekin batera, eta gozatu du niregatik, baina ez da haren aldaketa. Gainera, haren herrian bizi gara. Baina tira: beti ateratzen da eguzkia. Ez dago betiereko tunelik. Batzuetan luzeak dira, bai, baina bukatzen dira, eta berriz ere argia ikus liteke.