Alaitasuna eta festarako gogoak agerikoak ziren, atzo, Lizarrako txupinazoan (Nafarroa). Ricardo Gomez de Segura NaBaiko zinegotziak ez zuen inor ahaztu nahi izan suziria bota aurreko oihuetan. Euskaraz hasi zuen jarduna,eta euskaraz bukatu ere. «Gora Puiko Ama Birjina! Gora San Andres! Gora Lizarra!». Udaleko balkoiaren azpiko ataria jendez mukuru zen, eta inguruko etxeetako balkoietan ere bazen ikuslerik. Guztiak, jaiak hasteko prest. Bildutako guztiei festak ongi pasatzeko gonbita egin zien Gomez de Segurak udaletxeko balkoitik. Bereziki gogoan izan zituen gaixotasun batengatik jaiez gozatu ezinik dabiltzanak.
Txupinazoa zeruan lehertzearekin batera hasi ziren gaita doinuak. Urtero legez, udaletxearen aurrean Lizarrako larrain dantza dantzatu zuten Ibai Ega eta Larraiza dantza taldeek. Musikaren doinuari jarraituz, dantzan hasi zuten batzuek festa, eta elkar zikinduz besteek. Gazte franko bildu zen txupinazora, eta denetarik bota zioten elkarri: irina, tomatea, edaria... Haien jantzi zuria azkar zikindu zen. Askok, ibaian jarraitu zuten festa, Los Llanoseko zubia zeharkatuz Ega ibaian egiten den nasapuntakoan. Txalupa txiki edo flotagailua handietan ibaian behera ibili ziren.
Txupinazoaren ondotik, musika zen nagusi Lizarrako kaleetan. Arratsaldean, haurrek ez zuten huts egin erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera. Haien zain, Udaletxe atarian, hainbat ume bildu zen. Bat baino gehiago lasterka ibili zen, buruhandiak maskuriarekin harrapa ez zezan. Festagiro jai batzordeak ere hainbat ekitaldi prestatu zituen atzo, egun osorako. Ordubatean presoen aldeko brindisa egin zuten, eta,ondoren, herri bazkaria, arratsaldean kalejira, eta, gauean, kontzertuak. Gaur, azoka eta argazki erakusketa izanen da, autobus geltokiaren atzealdean. Gauean, berriz, Bolbor, Dikers eta El Mono Pintor taldeen kontzertua.
Bada non gozatu
Hurrengo ostegunera arte festa eta musika izanen dira nagusi Lizarran. Gaur ere badute non ibili lizarratarrek festez gozatzeko.Goizean, dianen ondotik, aurtengo lehenbiziko entzierroa izanen da. 09:00etan zezen plazaraino lasterka eginen dute adardunek, eta entzierroaren ondotik bigantxak askatuko dituzte.
Euskarak ere bere lekua izanen du Lizarrako jaietan, Garean euskal elkartea arduratuko da horretaz. Gaur, Lizarran kantuz euskal kantak abestuz kalejira eginen dute 12:00etan. Santiago plazan, Lizarra ikastolaren gunean, irrintzi lehiaketa antolatu du gaur arratsalderako, eta dantza tradizionalak, biharko. Astelehenean, berriz, zirku jolasak ikusiko dira. Izan ere, Santiago plaza da euskaldunen txokoa festetan eta ikastolak ere hainbat ekitaldi eskaintzen du. Gauero, dantzaldia antolatzen du. Gaur, Gaubela taldearen txanda da, Modestorena, bihar eta Patxi konpainia taldearena, etzi. Goizero, 08:15ean salda banatzen dute. Gaupasa egin dutenak eta goiz jaikitzen direnak biltzen dira gosaltzera.
Jaiak. Lizarra
Geratzeko etorri dira festa eta dantza
Txupinazoarekin batera abiatu dira Lizarrako festak; dantzariek alaitu dute ekitaldia ohiko larrain dantzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu