GERIZPEAN. Kalean sortutako artea

Eraikuntza ikusgarriak egon arren, grafitien artea nagusi da Berlinen; kaleko arteak bizirik dirau aspalditik.

AMAIA ELIZONDO
2008ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Munduko edozein hiri bisitatzean, turistak eraikuntza arkitektoniko ikusgarriak aurkitu nahi ditu, baita museo ezagunak ere. Beste batzuek, hondartza zoragarriak eta lasaitasuna bilatzeko asmoarekin abiatzen dira. Ez da, baina, Berlinen (Alemania) aurkituko dutena.

Izan ere, Berlinek ez du hondartzarik, ezta lasaitasun handirik ere. Bizitza kalean dago, eta kaleak jendez gainezka egoten dira normalean. Edifizio ugari eraberritzen ari dira une honetan, gainera. Kultur ekitaldien hiria ere bada Berlin; Berlinale zinemaldia, Love Parade musika jaialdia edota Literaturaren festibala dira horren adierazle. Mugimendu kulturala ez da nolanahikoa, eta arteak garrantzi handia du hiritarren artean. Horregatik, street art estiloaren (kaleko artea) hiria ere bada artista askorentzat.

Street art estiloa, kaleko arte esaten diotena, kalean sortutako arteari deitzen zaio aspalditik. Estilo horren barruan grafitiak dira nagusi, baina beste era batera egindako irudiak ere sartzen dira. Berlingo eremu batzuetan pauso bakoitzeko esanahi ezberdina duten irudiak aurki daitezke. Gehienak koloretsuak dira, eta aldarrikapenen bat izaten dute oro har.

Grafitiez gain, txantiloiekin, posterrekin edota pegatinekin sortutako mural eta marrazkiak ere ikus daitezke. Egun, Berlinen grafitiak egiten dituzten artista batzuk ezagunak dira hiritarren artean, eta horiek irudietan ezartzen dituzten mezuekin bat egiten dute.

Berlingo harresia da kaleko artearen agertokietako bat, besteak beste. Han, grafiti ugari sortu zituzten duela hamarkada batzuk, eta, egun, hala egiten jarraitzen dute gazte zein helduek. Berlingo harresia -alemanez Berliner Mauer-, Mendebaldeko Berlin Ekialdeko Berlinetik eta inguruko Ekialdeko Alemaniako lurraldeetatik isolatu zuen 144 kilometroko harresi bat izan zen. 1961. urtetik 1989. urtera zutik egon zen, eta alde bateko eta besteko berlindarren arteko zatiketa erabatekoa izan zen.

1961. urteko abuztuaren 13an AEDko (Alemaniar Errepublika Demokratikoa) gobernuak mendebaldeko hiru sektoreak inguratuko lituzkeen harresi baten eraikuntza bultzatu zuen. Aurrena arantzadun alanbre bat jarri zuten, baina berehala benetako harresia altxa zen. Horrek hiria fisikoki banatu zuen; Mendebaldeko Berlin inguratzen zuenez, mendebaldeko sektoreak irla bat bilakatu ziren AEDren barnean.

Aldarrikapenen harresia

Berlingo harresia zutik egon zen bitartean, herritarrek aldarrikapen politikoak eta sozialak margotzen zituzten bertan. Beren iritzia emateko bide bakarra zen, Gerra Hotza indarrean baitzegoen. Harresiaren 144 kilometroetan barrena, irudi asko askatasunarekin lotutakoak dira, hain zuzen ere. 1989an, harresiaren gainbeheraren ostean, artista ugarik harresiaren erorketa marraztu zuten. Askatasun haizeari irekitako ateak ikus zitezkeen harresian. Garai gogorrenetan hasi zen kaleko artea sortzen Berlinen. Ordutik hona, harresian dauden grafitiak garai baten isla dira. Baina, horrek ez du esan nahi arte hori ahaztuta dagoenik.

Harresian grafiti ugari badaude ere, Berlineko hirigunean pareta asko daude grafitiz gainezka. Arte urbanoa metroan, parkeetan edota etxe azpietan ikus daiteke. Nahiz eta grafitiak marraztea toki askotan legez kanpokoa izan, jende asko ikusten da kalean spray botilekin. Dagoeneko horietako artista batzuk beren tokia dute, eta beren marrazkiak argitalpenen argia ikusi izan dute. Batzuek aldarrikapenak egiteko baliatzen dituzte, baina beste askok marrazki abstraktuak sortzen dituzte.

Dena dela, grafitien artea ez da bakarra Berlinen. Eraikuntza ikusgarriak badaude hirian, baita museo ederrak ere. Baina, munduko beste hiriekin alderatuta, Berlingo harresiaren erorketaren ostean, ez zen Berlin klasiko bat atzera eraiki. Hau da, ez ziren erromatar garaiko plazak berriz eraiki, ezta eskultura klasikoak ere. Berlingo hiriaren egituraketak bestelako ezaugarriak eskatzen zituen, eta kaleko artea guztiz gailendu zen, modernotasunari lekua eginez. Gerora sortu diren museoek ere grafitiak gordetzen dituzte beren aretoetan, izan ere, komunikazio tresna izan ziren urte zailenetan.

Gerra Hotzaren ondoren, Berlingo hiria eraberritu egin zuten, baina sortuta zegoenari itxura aldatuz. Gerrarengatik txikituta geratu ziren eraikinak berriz altxatu ziren, baina oinarri bera aprobetxatuz.

Oinarri horietatik hainbat plaza eta eraikin ikusgarri birsortu dira Berlinen. Hala nola Postdamer Platz plaza edota Brandenburgo atea. Lehena, egungo modernotasunaren isla dela esan daiteke, eta, bigarrena, berriz, Berlinen urria den arkitektura klasikoaren aztarnetako bat. Biak kale ezberdinetan daude; oso gune turistikoak dira.

Bi gune horiez gain, bada aipagarria den eliza berezi bat Berlinen: Kaiser-Wilhelm-Gedaechtwiskirche izenekoa. Xarma handiko hiria da Berlin. Berrikuntzen zurrunbiloan sartuta dagoen hiria bada ere, sufrimenduak utzitako lorratzak oraindik gorde ditu.

1. Potsdamer Platz

Hiriaren erdialdean dago plaza hori, eta Berlinale zinema jaialdia han egiten da urtero. XIX. mendetik komertzioa nagusi da Postdamer Platz plazaren inguruan, baita aktibitate kulturalak ere. Gerra Hotzaren garaian, erabat suntsituta geratu ziren plaza osatzen zuten eraikinak. Edifizio haien oinarriak aprobetxatuta, egun dauden eraikinak oso modernoak dira. Hainbat etxe orratz daude, horien artean, Sony markarena dago, denetan garaiena. Beirazko fatxada du, eta New Yorkeko etxe orratzen antza handia.

Gerra Hotza baino lehen zegoen Potsdamer Plazak ez du zerikusi handirik egungoarekin. Aurrekoak ez zuen espazioa hain beteta, eta eraikinen arkitektura guztiz ezberdina zen. Gudaren ostean, ez zen askorik geratu, baina harresia eraitsi eta lasterrera eraiki zuten plaza goitik behera. Izan ere, hamarkada batean plazak oso itxura ederra hartu zuen, eta hiriko gune moderno bilakatu zen.

2. Brandenburgo atea

Paris plazan bisita daiteke Brandenburgo atea. Berlin berri baterako sarrera esanahiarekin eraiki zuten, 1791. urtean. Carl Gotthard Langhans arkitektoaren ideia izan zen, eta harriz egindako ate handi baten itxura du.

Hainbat zutabe ditu, eta gauez, iluminazio ikusgarria du. Potsdamer Platz plazatik metro gutxira dago, hain zuzen ere. Askoren iritziz, Atenasko (Grezia) akropoliaren antza du, eta neoklasizismoaren ezaugarriak ditu. Zutabeak doriar estilokoak dira, eta 1,75 metroko garaiera dute. Atearen goiko aldean marrazki batzuk daude margotuta. Horiek Herkules, Marte eta Minerva jainkoen irudiak islatzen dituzte.

Marrazkiez gain, atearen goiko aldeko erdigunean, kobrezko eskultura batzuk ipini zituzten. Johann Gottfried Schadow eskulturagilearenak dira, eta garaipenaren sinboloa dira. Hala, Garaipenaren jainkosa gurdi batean eserita dago, zaldien inguruan. Berlingo harresiaren erorketaren ostean, atearen ondoan bi arkupe zabal eraiki ziren. 90eko hamarkadan atearen goiko aldean dauden eskulturak eraberritu egin zituzten. Izan ere, nahiko hondatuta geratu ziren gerraren garaian eta ondorengo urteetan.

3. Kaiser-Wilhelm-Gedaechtniskirche eliza

Breitscheidplatz plazan bisita daiteke eliza hori. II. Mundu gerran guztiz suntsituta geratu zen, eta ordutik aldaketa nabariak izan ditu. Oroitzapenaren eliza bezala ezagutzen dute bertako hiritarrek. Franz Schwechten arkitektoak diseinatu zuen, eta azkenean, 1895ean amaitu zuten eliza. Dorre nagusiak 133 metroko garaiera zuen, baina gerraren ostean, ez zen haren arrastorik geratu. Hasierako elizak estilo neo-erromanikoa zuen.

Egun, eraberriturik, oso ederra da oraindik. Aurrekoaren lorratzak ditu, baina, dorreak esaterako, 68 metroko garaiera du. Barrutik ere, sabaian kolorezko mosaikoak ditu, eta bisitariak harrituta geratzen dira haien edertasunarekin. Eta mosaikoez gain, kolorezko beirekin apaindutako leiho ugari ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.