GERIZPEAN. Maduraitako noizbehinkako zurrusta

Izki natur parkeko iparraldeko basoetan txorrota batek indarrez isuri ohi du ur-etorri ttikittoa. Itxarpeko muturretik behera gertatzen da hori, eta oso noizbehinka, ekaitz gaiztoen barealdian.

JOSEAN GIL-GARCIA BIRGARAGOIEN
2008ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Itxarpea deritzan zurruta Arluzea, Birgara eta Apinaiz herriek bat egiten duten lekuan dago. Araban, beraz. Txorrote izena ere entzun daiteke Birgaran, nahiz eta ikuskizun polit hori Maduraita komunitateko Itxarpea deituriko malkarrean gertatzen den. Ur-jauziaz Birgaragoiengo errepide ondoan bizi den emakumeari galdetuta, oso gogorapen sotilak ditu. «Nola ahaztuko dut, bada, saltoaren izena, ezkondu berritan familiarekin egurretara haraino igo nintzen eta! Egun hartan bota nuen izerdia itzela izan zenez, Txorrotera ez naiz berriz bueltatu». Jakina, Birgaragoiengo bizilagunari loak kentzen dion zurrusta beste bat da eta: Judasen Brageta, hain justu ere. Berron ibaira isurtzen du txorro arina eta, beste garai batean ez bezala, euriteen eta ekaitzen ostetik irteten da berebiziko indarra erakutsiz. Azazeta mendatera bidean ikusiko dugu hura, 21. kilometro inguruan. Izen arrotza irudi dezakeen arren, Apinaizko Benedicto lagunak ez du inoiz beste izenik ezagutu. «Arraroa bada ere, betidanik ezagutu dut izen hori, eta urte asko ditut. Ez galdetu izenaren zergatiaz, niretzat misterioa da eta».

Berrozi aldetik Maduraitako basora

Azazeta mendatea jaitsi eta herrira sartu bezain pronto, eskuinera egin eta Berron ibaia zeharkatuko dugu porlanezko zubi batetik. Hala, hurritzek, haritzek eta astigarrek osaturiko galerian gaindi egingo ditugu lehen urratsak. Berrozi aldeko ibarrean ibili-ibilian, Birgarako errotatik datorren bidea ezkerretik lotzean, aurrera egingo dugu langa bateraino. Gero, erkametzak lagun, beste barrera batera joango gara. Barrera hura zeharkatu eta hiru minutura ikusiko dugun bidebanatze batean, Berrozira doan basabidetik irten eta errekaren ibarrera jaitsiko gara. Errekan gora metro batzuk egingo ditugu txapez eginiko zubi bateraino. Zubi ziztrina bada ere, errekaz bestaldera igarotzeko aukera emango digu. Ondoren, ezkerrera hartu eta Los Rios ibaira iritsi baino pitin bat lehenago, eskuinera jo eta gora doan belarrezko pistari jarraituko diogu (M). Erkametzak, ipar-ipuruak eta txilarrak gogaide, goratasuna astiro-astiro hartuko dugu. Talaia batera helduta, Los Rios ibarrak sortzen dituen behe-ibar xumeak aurrez aurre izango ditugu, baita San Kristobal eta Arburuko magalak ere. Sigi-sagaka joango gara maldan gora, Maduraitako basora iritsi arte. Gainaldea pagoek hartua dago. Hor goian bidexka pitin bat ezabatzen denez, malkarrera hurbilduko gara hegoaldera eginez. Egun aproposa baldin bada, ur-txorro bizi bat ikusiko dugu gandorretik behera. Urek zortzi edo hamar metroko erorikoa egin ondotik, Garduntxarango ibar aldetikdatorren Los Rios ibai nagusiarekin elkartzeko xedez jauzikasegituko dute ibar hertsian barna.

Arburuko harresia

Itxarpeko malkarretik oso bira polita egin daiteke San Kristobal eta San Justi lotzen dituen mendilerroraino. Baso artean eta zidorrik gabe ibiltzera ohituta izanez gero, txango polit batekin gozatuko gara, zinez. Hala, Itxarpe eta Garduntxarango ibarrak inguratuz Izki natur parkean murgilduko gara. Zeharkaldia zaila ez bada ere, oso ondo hartu behar dira erreferentziak. Itxarpeko turrusta parean garela, hego-mendebaldera egin eta berehala, Garduntxaranera begira jarriko gara. Norabideari eutsita, barrera baterairitsi eta hura zeharkatu ondoren, aurrera egingo dugu pagadi batera biltzeko xedez. Basoa zeharkatu eta bost minutura, hots, Bardales deritzen larreetara iritsita, zelaiak ezkerraldetik inguratu ondoren, bidebanatze batera helduko gara. Eta ezkerrera eginez, Arburuko barrera eta hesira. Paseo gozoan, mendilerroaren gainalderaino eramango gaitu pista horrek. Ekialderanzko norabideari eutsiko diogu gero eta, San Kristobal tontor azpian jarrita, Apinaizeraino Carrantan ibarretik egiten duen jaitsiera bazter eginda, zuzen joko dugu. San Kristobalgo muinoa inguratuz, ikuspegi ederra izango dugu Los Rios ibarraren goi-ibiliaren gainean. Bihurgune batean, Arabako Mendialdeko eskualdea mendi bizikletaz ezagutze aldera balizatutako ibilbide bateko zutoina ikustean, eskuineko gandorrean sartu-irtena egingo dugu; Atxarteko babeslekuan gaude eta mosketoien eta iltzeen zaratotsa entzungo dugu, akaso, ekialdeko hormetan. Nonbait Atxartekoak hormatzar ederrak dira eskalatzaileen gogoa baretzeko.

Pista nagusitik iparrera jaisten segitu eta pagadi eder baten gaindi egingo ditugu azken metroak natur parketik irten aurretik.

Birgarako aintzira

Apinaiz eta Birgaragoien herriak lotzen dituen errepideaz bestaldean, oasi bat ikusiko dugu galsorok margoturiko itsaso okrearen erdi-erdian. Lizarren, haritzen, haltzen eta hezetasunera egokitutako hainbat landarek atentzioa emango digute bertan. Jatorri geologikoa duen aintzira bat dago hor. Bere izena dela eta, ordea, argitalpen ofizialek nahasmena ekarri diete bisitariei, Birgarako bizilagunek azpimarratzen dutenez. «Batzuk datoz hona Olandinako aintziraz galdezka, eta, aizue, Olandinan ez dago lakurik! Hau Birgarako Aintzira (Laguna de Birgara) da, abizenik jarri gabe, eta igebelar ederrak izanagatik ere, adi ibil zaitezte han sugetxoak olgetan izaten dira eta».



Ur-jauzia

Ur-jauzia: Itxarpeko txorrota

Erreka, arroila: Rios ibaia

Herrialdea: Birgaragoien

Mendilerroa, mendia: Izki

Ur-jauziaren neurria: 8 m

Gomendioak:

Izki natur parkean gaindi txango bat egingo dugunez, kontuan hartu natura babeste aldera arautegi berezi bat existitzen dela. Bira osoa egin nahi izanez gero, gogoan hartu zidorrik gabe ibiliko garela hainbat zatitan, nahiz eta bertatik orientatzea erraza den. Ez dagoenez iturririk ibilbidean zehar, kantinplora Birgarako herrian bete behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.