Gizarteak eta bertan bizi den gizakiak, sentimenduak adierazteko, hizkuntza artistikoa erabili izan du historian. Eraikinak, koadroak, eskulturak... zein bere arte estiloan kokatzen diren elementuak dira horiek. Hizkuntza artistikoa, ezaguera modu bat izateaz gain, komunikatzeko bidea ere bada artistarentzat eta gizartearentzat. Baina beste era bateko komunikabideak ez bezala, artea ez da irudikapen objektiboa egitera mugatzen: errealitatea aldatu ere egiten du artistaren eta horren testuinguruaren arabera. Munduko hirietako kaleetan ere hainbat artistaren obrak ikus daitezke, museoetara joan beharrik gabe. Kale eta plaza asko dira artelanez beteak, baina horietako batzuk ez dira hain ezagunak.
Ez da hori, baina, Antoni Gaudi artistaren kasua. Bartzelonako (Katalunia) kaleetan barna, Gaudiren artelan ugari aurki daitezke. Gehienak hiri erdialdeko kaleetako eraikin bereziak dira, baina badira hark egindako koloreetako mosaikoak ere. Modernismoaren garaiko arkitektorik onena eta kreatiboena izan zen Gaudi, hainbat kritikariren arabera. Horrez gain, hiru izan ziren Kataluniako modernismoaren ezaugarri nagusiak: obra askoren kutsu neogotikoa, modernotasunnahia asebetetzeko elementu formal berrien sustatzea eta burgesiaren aberastasuna adierazteko fintasuna.
Bartzelonako hirigunean Gaudik eraikitako arkitektura lan ikaragarriak aurki daitezke. Horien artean, Mila etxea -La Pedrera ere esaten zaio-, Guell parkea, Familia Santua eliza eta Batllo etxea. Guztiak Gaudirenak direla nabari da; izan ere, elementu batzuk oso antzekoak dira denetan. Modernismoaren ezaugarriak islatu ditu Gaudik bere obretan, baina bere-berea zuen estilo batekin. Natura izan da gehienetan artistaren inspirazio iturri nagusia, eta naturako elementu ugari txertatu izan ditu bere arkitektura lanetan.
Artista berritzailea
Antoni Gaudi i Cornet Katalunian jaio zen, Reusen, 1852an. Modernismoaren maisuetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Arkitektura lanetan, geometria eta bolumena handitzeko gaitasuna zuen, baita imajinazio izugarria ere. Eraikuntza teknika berriak eta bere garaiko aurreiritzi teknikoak eta formalak ezagutzen zituen. Arkitektura adierazpide egokia izan daitekeela erakutsi zuen bere lanekin. Estilo mudejarraren eta gotikoaren eraginpean hasi zen lanean Gaudi. Urteek aurrera egiten zuten heinean, naturako elementuak gehitu zituen bere obretan.
Bartzelonara iristen diren turista gehienek badakite Gaudi nor izan zen. Gainera, haren obrak ez daude museoetan gordeta, kalean baizik. Arkitekturako teknika ugari ikasi zituen, bere lanetan ikus daitekeen moduan. Forma geometrikoak neurritik ateratzen dira haren eraikinetan, espazioa zabalduz. Bartzelonan dituen obraz gain, Balearretan (Herrialde Katalanak), Kantabrian (Espainia) eta AEBetan ere modernismoaren maisuak egindako eraikinak daude kaleetan. Beharbada, kaleek beste itxura bat hartzen dute Gaudiren arkitektura lanekin.
1. Batllo etxea
Gracia pasealekuaren erdialdean dago. Gaudik berak moldatu zuen, arkitekturari dagokionez. Modernismoaren ezaugarriak dira nagusi eraikinaren fatxadan, forma geometriko ugari baitaude, adibidez. Kalean doan edonori arreta pizteko modukoa da, eraikinak duen forma bereziarengatik. Etxearen balkoiak kurba zabalez osatuta daude, eta, horietan, naturako hainbat elementu gehitu zituen artista kataluniarrak. Horrez gain, zeramikak leku nagusia du Batllo etxean, osagarri gehienak material horrekin eginak baitaude. Fatxadaren koloreak ere nahiko biziak dira, Gaudiren gustukoak, alegia.
Etxeko teilatua guztiz kurbatua da, eta animalia baten bizkarra dirudi. Teilatuan tximinia bat gailentzen da, asimetriarekin jarraituz. Batllo etxeak modernismo kutsua ematen dio Gracia pasealekuari, Bartzelonaren erdian dagoen kale luzeari, hain zuzen ere. Barrutik bisitatzeko aukera ere badago, eta, ziurrenik, bisitari guztiak harrituta geratzen dira etxe barruan dagoen edertasunarekin. Gaudik ez zuen aukerarik galdu bere maisulanetako bat hiriaren erdian eraikitzeko. Bisitari gehienak, handik igarotzean, argazkiak ateratzen hasten dira. Izan ere, xarma berezia du Batllo etxeak.
2. Mila etxea(La Pedrera)
La Pedrera esaten diote herritar gehienek Gaudiren Mila etxeari. 1906 eta 1910 bitartean eraiki zuten, eta, besteak bezala, estilo modernista du. Battlo etxetik gertu dago, Gracia pasealekuan bertan. Roser Segimon eta Pere Mila bikoteak eskatuta eraiki zuten etxea. Estilo berritzailea zuen urte haietan, eta askok harrituta begiratzen zioten. Harrizkoa du fatxada osoa, goiko zatia izan ezik. Bertan, azuleju zuriak ipini zituen maisu handiak. Artista eta arkitektoa batu zituen Gaudik, eta espresionismoa, arrazionalismoa, surrealismoa eta organizismoaren aitzindari izan ziren irtenbideak lortu zituen.
Eraikinaren goiko aldean tximinia ugari daude, baina forma berezia dute. Gerlarien buruekin apainduta daude, baita botila zatiekin ere. Fatxada guztiko balkoiak ikaragarri ederrak dira, burdinaz egindako landareekin apainduak. Bost solairuko eraikina da, eta forma geometrikoek garrantzi handia dute. Egunez ikusita edertasun handia islatzen du, baina gauez ikaragarria da. Iluntasunarekin hainbat argi pizten dira fatxadaren inguruan, eta benetan, paisaia zoragarri bihurtzen da. Merezi du egunez zein gauez ikustea, bisitariari ez baitzaio damutuko.
3. Guell parkea
Tibidabotik metro gutxitara iristen da Bartzelonako Guell parkera. Naturaren txoko eder horietako bat da, non elementu arkitektonikoak gailentzen diren. Gaudik diseinatutako parke hori Eusebi Guellek eskatu zuen egiteko, 1900. urtean. Urte ugari egin zituzten eraikitzen, eta, azkenean, 1922an inauguratu zuten. Parkea egiteko, bi jabego elkartu behar izan zituzten. Gaudiren arkitekturaren ezaugarri dira forma izurtuak, baita kolore biziak ere. Parke guztian, zuhaitz itxura duten zutabeak ikus daitezke, baita forma geometrikoak eta estalaktitak ere.
Zutabeak eta irudiak zeramikarz osatuak daude, baita beiraz eta koloreetako mosaikoz ere. Hiri erdialdean ez badago ere, ez da hiritik aparte geratzen. Gaudik naturaren elementuak presente egotea nahi zuen, eta guztiz lortu zuen helburua. Behin parkearen sarrera eginda, pabiloiak eraiki zituen artistak. Harriz egindako eraikinak dira, baina fatxadetan ez da koloreetako zeramikarik falta. Eraikin horietako batzuk egiteko, Gaudik ganga kataluniarraren teknika erabili zuen. Hau da, adreilu kapa ezberdinak kareorearekin nahasten zituen.
4. Familia Santua
Gaudiren obrarik ezagunenetakoa izango da Familia Santua eliza. Erlijioa langile sozialistei eta anarkistei hurbildu nahi zien erakunde katoliko bati otu zitzaion Bartzelonan tenplu bat eraikitzea. 1883an eman zioten lana Gaudiri. Hogeita bederatzi urte zituen lanaren ardura hartu zuenean, eta kezka berritzailez beteta zegoen. Esperimentu esparru zabala zen harentzat, eta bizitza osoa eskaini zion. Proiektua ikaragarria zen. Gurutze latindarreko oinplanoa eta bost nabeko eliza zen; hiru fatxada izugarri zituen: bi gurutzaduraren muturretan, eta hirugarrena, garaiena, elizaren aurrean. Horietako bakoitzak lau dorre zituen, eta erdian beste sei dorre, bi erraldoiak, bata absidearen gainean eta bestea gurutzaduraren gainean.
Egun, tenplua egiten jarraitzen dute, eta dagoeneko amaituta dute Pasioaren fatxada. Dorreetan organo baten tutuak jartzea pentsatu zuen Gaudik, eta, hala, horien musika hiri osoan entzun ahalko zen. Familia Santua da Gaudiren lanik enblematikoena, eta haren ezaugarri guztiak biltzen ditu. Batetik, hasierako joera neogotikoa, baita bigarrenean naturak inspiratu zueneko ezaugarriak ere. Horrez gain, lan arkitektoniko horretan originaltasuna ere aipatzekoa da. Argi dago modernismoaren eredurik nabarmenena dela Familia Santua.
GERIZPEAN. Modernismoaren altxorrak
Bartzelonako kaleetan Gaudiren arkitektura bizirik dago, hainbat eraikin eta parketan: Mila etxea, Guell parkea, Familia Santua... Modernismoaren elementuak nagusi dira artistaren obretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu