Karriako orratz zorrotzetan
Arroyo de San Zadornil herrian gaudela, autoa Plaza Nagusian utzi eta Peña kaletik behera egingo dugu. Paules errekastoa zeharkatu bezain laster, pista asfaltatuan ezkerrera joz, Valderejo natur parkerantz abiatuko gara. Malda piko bati aurre egingo diogu berehala, herritik irteteaz batera. Aldatsa amaitutakoan, eskuinaldean dugun alanbrea zeharkatu eta pinudian gaindi abiatuko gara. Belarrezko ubide modu bati jarraitu eta Arroyotik datorren xendra batekin elkartuta, zuzen segituko dugu maldari desnibel majoa osten. Bidexkak zeharka jarraituko du ondoren eta, zorionez, deskantsua hartzeko aukera emango digu. Iparrari eutsita berriz ere, pinudia eta erkameztia erabat zeharkatuta, harritzara iritsiko gara. Orduan, bai, aurrez aurreko panorama ikaragarria da: hormatzarraren azpian gaude, baita Corroko bizilagunek erloju natural gisa hartzen duten harrizko biribil ikusgarriaren aurrean ere. Bizimodu nagusia nekazaritzazeneko garaian, Karriako erloju naturalari erreparatzea baino ez zuten behar ordua jakiteko. Eladiok zehazten duenez, «eguerdia iristen denean, harrizko gurpil hori argitzen hasi eta ilunpetik irteten da, magia balitz bezala».
Harritzan gora segituko dugu hormaren behealderaino. Karriako tontorrera doan zidor arriskutsua bazter eginda, eskuinera okertu (E) eta, orratz zorrotzak gain-gainean ditugula, hartxintxarren artean ibiliko gara Santidrian lepora iritsi arte. Sekretutxo bat balitz bezala, Arroyoko bizilagunek beste ibilbide bat ezagutzen dute lepora igotzeko: Cuevarada edo Covairada arkuaren azpitik igarotzen den bidexka. Hartara nola iritsi zehaztu gabe, hurrengo baterako utziko dugu magal malkartsuan barrenako esplorazio erraz hura.
Hormatzarrez bestaldera igaroko gara, eta harrizko penitenteak balira bezala, horma eta erpin zorrotzak begi aurrean izango ditugu. Ikuskizuna, zinez, aparta. Era berean, ez da harritzekoa 80ko hamarkadan eskalatzaile aurrendari batzuek sokak eta mosketoiak paretotan luzatu izana. Bai paradisua! Peñalisa, Cuchillones, Calleja Encimera, Arkua... izen ugari erabili dituzte inguruko bizilagunek Karriako hormak identifikatzeko.
Horren haritik aitortu beharra dago udazkeneko arratsalde okre batean primeran igaro genuela hainbat lagunek alde bietako herritarrak banantzen dituen horma ikaragarri hura hizpide eta solasbide. Karriako pareta alderik alde zeharkatzen duen zuloaz luze eta zabal aritu ginen Eladio, Consuelo, Lucio eta Ignacio lagunekin. Zuloa aski ezaguna izanagatik ere, zer pentsatu handia eman du horrek urteetan, eta haren sorrera esplikatzeko makina bat kontakizun asmatu dituzte batzuek eta besteek, betiereumorez. «Corrokoak dira, ezbairik gabe, gandor azpiko zulo hura egin zutenak, arrautzak paretaren kontra jaurtikiz, gainera; hain dira indartsuak...!», zioten irriño batez Lucio eta Eladio Arroyoko etxekonekoek. Zuloaren ondoko orban iluna argitzean, haatik, Corrokoek ez dutela afera horretan zerikusirik aitortzen dute biek ala biek. «Gu ere, jakina, horma zulatzen saiatu ginen, baina punteria txarragatik, akaso, ez genuen erdietsi».
SanjuabaneratikCorrora
Pinuak gogaide, zehar-zehar jarraituko dugu iparraldeko isurialdetik. Basoaren eta pareten arteko harritzan aurrera egingo ditugu lehen urratsak. Arku natural baten ondotik igarota, aurrerago metatzen diren harrizko orratz zorrotzetara joko dugu. Hormatik aldentzeko unea iritsiko zaigu hara iristerakoan: eskuinetik jaitsiera xumea eginda, pinuan ikusiko dugun basabide batera aterako gara. Ezkerretik jarraituko dugu hura eta, langa bat zeharkatu ondoren, Sanjuabanera iturrira iritsiko gara. Pista nagusiari ekinez, txalet bateko eremuaren ertzetik igaro eta Omecillo errekaren ibarrera iritsiko gara. Solapeña ur-jauzia ezkerrean ikusiko dugu, errepide nagusira doan pista gaineko zubitik metro gutxira, hain zuzen ere.
Ibilbidea amaitzeko, zer hobe Corroko nekropolia eta haitzuloak bisitatzea baino? Corroko desbideratzean bertan dago Santa Luzia eta Santa Olallako hobitegia. Guztira, 30 hilobi antropomorfo. Mairuen haitzuloak, ordea, errepidean eskuinetik ehunka metro egin ostean ikusiko ditugu. Haitzuloetan presarik gabe sartzekotan, erraz gertatuko zaigu Erdi Aroko bizimodu isila irudikatzea. Fausto bizilaguna, esaterako, bertan bizi omen zen denbora batez. Errepide ondoko auzoan bizi den Concha laguna, ordea, ez du hara bizitzera joateak konbentzitzen. «Bero handia egiten duenean primerakoa da barrunbeko tenperatura, baina ez nintzateke sekula bertan lo egiten geldituko».
Ur-jauzia
Ur-jauzia: Solapeña.Erreka, arroila: Omecillo.
Herria: Corro.
Mendilerroa: Karria.
Ur-jauziaren neurria: 4 m.
Gomendioak:
Karria-Santidrian eta haitz zorrotzeko ingurua oso hauskorra da ingurumenari dagokionez. Ahal dela, isiltasunean ibili eta haitzeko fauna errespetatuko dugu. Bai nekropolia, bai haitzuloak ondare kulturala dira. Horregatik, errespetatu egingo ditugu, eta baita errespetarazi ere. Arroyo de San Zadornilen eta Sanjuabaneran kantinplora betetzeko iturriak daude.