Arabako Barrundia udalerriari dagokion Elgeako Arrube auzoan emango diogu hasiera ibilbideari. Elizaldera iritsita, gorago utziko dugu autoa, azken eraikinek osatzen duten plaza txiki batean. Ursaltoko turrustarekin gozatzeko, Mugarriluzeko tontorreraino igotzea ezinbestekoa ez izan arren, tontorrera bidea deskribatuko dugu jarraian eta ur-jauziaren gordelekura tontorretik jaitsitakoan ikusiko. Leizargarate eta Ursalto errekek bat egiten duten inguru zoragarrian harririk harri jauzika abiatuko gara gu ere, eta pagoek inguraturiko paradisuan barreneko paseo gozoa eginez, ur-saltora iritsiko gara.
Elgeako goiko auzoan bi pista begietsiko ditugu ibilian hasteaz batera. Eskuinekoa hobetsiko dugu Saiturriko lepora igotzeko. Jaitsiera xumea egin ostean, errekastoa zeharkatu bezain pronto, ezkerrera jo eta goratasuna hartuko dugu. Mirakolatzako bidebanatzera iritsitakoan, eskuinera egin eta pinudiaren konpainian jarraituko dugu suabe-suabe harik eta 1880ko data daraman harrizko gurutze baten aurretik igaro arte. Paraje horretan harri hura altxatu omen zen aspaldi, lapurreta baten ondorioz azken hatsa eman zuen kontrabandista baten omenez.
Saiturriko lepotik Ursaltora
Pista nagusiari jarraituta, Saiturriko lepora iritsiko gara. Ezkerrera egingo dugu han goian, eta Elgeamendiko zentral eolikoan bete-betean sartuko. Lerrotik aldendu gabe, Mentazpi gaina igo eta Orbeko putzutik igaro ondoren, Mugarriluzeko tontorrera iritsiko gara. Gasteiz mendi taldeko gutunontzia ikusiko dugu XX. mendea iristeaz batera Elgeamendi lerro gainean eraikitako industri eremuko lehenengo haize-sorgailuaren ondoan. Ipar-mendebaldera jaisten hasi eta berehala, Mugarriluzeko menhir aparta ikusiko dugu. Iparraldeko magaletik goratasuna galtzen jarraituko dugu, GR 121 «Gipuzkoako bira» zidorreko pintura arrastoak lagun. Alabietako sakonunearen ertzetik igaro ondoren, Leizargarateko lepora iritsiko gara. Norabide ugari adierazten dituen zutoinera hurbildu eta zuzen joko dugu gasbideko pistatik. Berehalako batean Irazabal edo Pago Bedeinkatu gainean izango gara.
Behin gailurreko postontzian, Ugarana alderanzko jaitsierari ekingo diogu. Hegoalderantz abiatuko gara hesia lagun. Alanbrea gurutzatzeko hainbat leku ikusiko baitugu, horietako batetik alanbrea zeharkatu eta, gandorretik aldendu gabe, eskuinaldera pitin bat okertuz jarraituko dugu (MHM), txilarren artetik. Ataka bat zeharkatuko dugu beherago. Behe ibarretara jaitsi gabe, ordea, goratasuna galtzen segituko dugu pinu batzuk dauden tokira iristeko asmoz. Altzifre batzuen ondora iristean, ezkerraldera egingo dugu Leizargarateko ibarbiderantz zeharka jarraitzeko.
Bidexkari men eginez, errekarekin bat egingo dugu laster. Abarrotsa gogaide, alai-alai segiko dugu guk ere eta hainbat barrera pasatu ondoren, Leizagarateko eta Ursaltoko erreken lotunera iritsiko gara. Eskuinetik datorren ur-emariari jarraitzeko unea iritsiko zaigu orduan. Bidezidorrik ez baitago, harriz harri ibiliko gara erabat txundituta utziko gaituen pagadian barna. Minutu batzuen buruan, mira eginda geratuko gara begi aurreko ikuskizunarekin. Ez da gutxiagorako, aizue! Bide nagusitik at sortzen baita ur-hotsa, bisitari gutxi jaso ohi du bazter ezkutu honek.
Bide nagusira irtengo gara gero, eta Ugarana errekaren konpainian beherantz segituko dugu. Borda baten ertzetik igaro eta berehala, ezkerrera okertu eta lurzoru oneko pistan barrena Elgeako Andramari auzoko San Andres izeneko baserrira iritsiko gara. Baserri parean garela, ezkerrera egin eta erreka zeharkatuta, Arrubera igoko gara.
Ugaranako ura Gasteizeraino
XX. mendea iristeaz batera, estolderia proiektu baten azterketa mahai gainean utzi zuen Gasteizko udalak. Gaixotasunak ekiditeko eta hiriko nahitaezko garbiketa egiteko asmoz, Elgeamendiko iturburuak Araka aldera bideratzeko egitasmoa proposatu ostean, oniritzia jaso zuen proiektu horrek 1907an. Jose Schneiderren sozietateak bere gain hartu baitzuen lana, segundoko 30 litro arteko kopurua desbideratzeko eskubidea eman zioten. Esan eta egin. Iturburu ugari jo zituzten begiz obrak hasi aurretik, Ursalto, Arriurdin eta Leizargarate errekek sortzen duten Ugarana handiari batez ere. Uraren kalitatea egiaztatu ondoren, hoditeria eta arketak luzatu zituzten han eta hemen, eta ur guztiaMarietako biltegian jasota, Gasteizkora bideratu zuten.
Urteak joan urteak etorri, ordea, Zadorrako urtegia egiteko tenorea iritsi eta Schneiderrek luzaturiko hoditeria altxatu behar izan zuten proiektatutako ur-mailak ez zezan kutsatu Elgeamendiko ur edangarria. Milaka buruhausteren ondotik, Saltos del Zadorra enpresak aferari irtenbidea eman zion: ehunka metro luzeradun ubide ikusgarri bat eraiki zuen urtegiaren gainean.
Gaur egun Ugaranatik Gasteizera urik eramaten ez bada ere, Zadorrako urtegia eraiki aurreko ubidea ikus daiteke Marieta eta Azua herrien artean. Zubia sendotu ondoren, Diputazioko Ingurumen Sailak duela gutxi egokitu zuen, urtegiko bira oinez zein bizikletaz egiteko asmoarekin.
Ur-jauzia
Ur-jauzia: Ursalto.Erreka, arroila: Ursalto (Ugarana).
Herrialdea:Elgea.
Mendilerroa, mendia: Elgeamendi.
Ur-jauziaren neurria: 8 m.
Gomendioak:
Ursaltokoa paraje ezkutua baita, naturarekiko errespetua ezinbestekoa da. Ibilbide luzea eginez gero, kontuan izan Leizargarateko iturria bakarra dela. Lainopean ez abiatu Elgeamendi mendilerrora, galtzeko arriskua baitago Mugarriluzetik Ursalto errekara doan zatian.