Sanferminak Iruñean

Gerizpeko salgune eta tabernak

Giro lasaia da nagusi Taconeran, Basotxoan eta Navas de Tolosa kalean jarri dituzten 160 postuetan

Sanferminetarako arropa saltzen duten postuetariko bat, Taconera parkean. LANDER FERNANDEZ  ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lasaitasunaren bila dabilenarentzat bada aukerarik. Taconera, Navas de Tolosa eta Basotxoan dauden salguneetara joatea,adibidez. Musikarik gabe, eguerdiko eguzkiaz gozatzeko aukera lasaia da; Iruñeko Alde Zaharreko zaratatik ihes egiteko aproposena.

Hainbat postu daude zuhaitzen azpian ezkutatuta, eta zabala da eskaintza: poltsak, arropa, artea, musika diskoak, sukalderako tresneria, jostailuak, betaurrekoak, bitxiak... Denetarik aurkitu daiteke. «Goizeko hamarretan ireki, eta gaueko ordu biak arte egoten gara hemen normalean», azaldu du Attilio Termine bitxi saltzaileak.

Gosea daukanak ere badauka nora joan, Antoniutti parkearen ondoan, eta Basotxoan 24 orduz irekita egoten diren tabernak baitaude. Han, besteak beste,oilaskoa, itsaskiak, bokatak eta paellak eros daitezke. Janaria eramatekoaukera eskaintzen dute, eta han geratu nahi duenentzateguzki oihalekin estalitako mahai eta aulkiak dituzte. Anttoniuti parkearen ondoan Jaenetik etorritako bi taberna, lau txurro denda eta bi ardo salgune daude; Basotxoan, berriz, Galiziatik eta Asturiastik heldutako tabernak aurki daitezke.

Tabernari horiek herri batetik bestera ematen dute uda eta urtero-urtero etortzen dira sanferminetara. «Bereziki, bazkal eta afal orduan betetzen dugu jangela. Hamaiketakoan jende gutxiago egoten da», dio Jose Fernandez sukaldariak. Jaeneko Torre del Campo herritik heldu da (Espainia). «Azokalari herria da», azaldu du. Aurten iaz baino jende gehiago dagoela nabaritu duen arren, salmentak hala-nola doazela azaldu du, krisia salgune hauetara ere iritsi delako. Galiziatik etorritako zerbitzariek ere jende gutxiago dabilela igarri dute,eta jendea gerturatzeko amuak erabiltzen ari dira. Atzo, adibidez, olagarroa doan dastatzeko aukera eman zuten.

Termine bitxi saltzaileak, jende «nahiko» dabilela dio, eta sanferminetan hiriko biztanleria bikoizten dela nabarmendu du. «Bi edo hiru egunerako etortzen da jendea Iruñera, eta erosketak egiterakoan ez du birritan pentsatzeko joerarik». Baina badaude alde ilunak: «Lapurrak ere badaude. Nire kideari zintzilik genituen zenbait lepoko eta 300 euro lapurtu zizkioten korrika etorri ziren batzuek. Baina sanferminetan gaude, eta jai hauek arrisku hori dute».

Multzoan edo ordenatuta

Gutxi gastatu nahi duenak hiru euro balio duen arropa eskuratzeko aukera du. Hiru postuk egiten dute eskaintza hori parkean. Asko dira hara joaten direnak, etamodako arropa da bilatzen dutena. Baina modelo bakoitzeko bakarra izaten dute, eta jendeak arropa multzoetan bilatu behar du gustuko duena. Dena den, dendak diruditen postuak ere badaude. Ongi ordenatuta daude, eta bitxiak edota eskulturak saltzen dituzte. Hainbatek txartelekin ordaintzeko aukera ematen dute.

Salgune finkoak jartzeko160 baimen eman ditu Iruñeko Udalak, eta kalez kale puxikak saltzeko, berriz, 30. Lehiaketa baten bidez hartu du erabakia, eta, baldintza batzuen arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortu dituzte saltzaileek. Puntu horiei esker, kokalekua erabakitzeko aukera eman zaie. Termine saltzaileak, adibidez, asfaltozko zoruan dauka postua, baina aurreko urteetan okerrago egon da: «Eguraldi txarra egiten duenean, lohia sortzen da harea dagoen tokian, eta bestela ere hautsez betetzen dira bitxiak. Eskerrak aurten ez nagoen hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.