Udazkenean estreinatuko dute telebistan Gernika bajo las bombas bi ataletako telefilma. ETBn eta beste kate autonomiko batzuetan emitituko dute. Baina horren aurretik, estreinaldi berezia izango du lanak pantaila handian, Donostiako Zinemaldian. Hala iragarri zuten atzo arratsaldean Donostian egindako aurkezpenean.
Aurkezpen horretan izan ziren Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Edu Barinaga telefilmeko ekoizle eragilea, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia, Brauli Duart CCMAko presidentea, Alfonso Sanchez CRTVGko zuzendari nagusia eta Pablo Carrasco RTVAko zuzendari nagusia.
Telefilmeko ekoizleak ETB bera, Erpin 360º, Vertice Cine eta Baleuko badira ere, produkzioan parte hartu dute TV3k, TVGk eta Canal Surrek. Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren babesa ere badu Luis Mariasek zuzendutako lanak.
Gernika bajo las bombas-en bi ataletako bakoitzak 75 minutuko iraupena du. Elkarren artean lotura duten istorioak kontatzen dira, batzuk pertsonaia historikoak dituzte oinarri, eta beste batzuk fikziozkoak dira. Trama gehienen lotura Gernikako herriak 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketa da.
Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen egin dituzte grabaketak. 60 teknikarik, 43 aktorek eta 700 figurantek parte hartu dute. Aktoreen artean Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez eta Sara Casanovas daude.
Aipatutako pertsonaia historikoen artean Mola generala, Von Richtofen koronela eta George Steer berriemaile errepublikarra ageri dira. Fikziozko trametan, bi gazteren arteko maitasun istorio bat kontatzen da.
Komunikazioa
'Gernika bajo las bombas' Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute
Luis Mariasek zuzenduta, telefilmean aritu dira 60 teknikari, 43 aktore eta 700 figurantetik gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu