Ez daude amore emateko prest. Aldude Mendia Koordinakundeko kideek ez dute harrobirik nahi Antzeri eremuan. Magnesitas de Navarra enpresaren proiektuaren aurka, Pablo Picassoren Gernika margotu zuten, joan den azaroan, basoko zuhaitzetan. Abenduan, norbaitek hondatu egin zuen. Harrobiaren aurka «sendo» jarraitzen dutela argi uzteko, Picassoren lana pagadira itzuli dute koordinakundeko kideek, eta ospatzeko eta pagadia «suntsitu» nahi duen egitasmoaren aurkako iritzia berresteko, besta egin zuten atzo Zilbetin (Nafarroa).
Koordinakundeko kideek ez zuten eguraldia lagun izan. Euriak kolore pixka bat kendu zion bestari, ekitaldiaren zati bat herriko pilotalekuaren babespean egin behar izan baitzuten. Hala ere, jende anitzek bat egin zuen Zilbetin, pagadiko Gernika margoaz gozatzeko eta, aldi berean, basoari babesa agertzeko.
Izan ere, atzoko egunak aukera eman zien Antzeri pagadiko zuhaitzak babesteko urratsa egin duten herritarrei basoa gertutik ezagutzeko. Urrian hasi zuten kanpaina koordinakundeko kideek, eta jada ia 700 pertsonak babestu dute pago bat Zilbetin. Tartean dira Enrique Villarreal musikaria eta Gernikako Udala, adibidez. Zilbetin izan ziren atzo, eta pagadiari eman dioten babesaren ikur bilakatu den zinta eta diploma jaso zituzten, Aldude Mendia Koordinakundearen esker onarekin batera. Zinta basoko pago batean zintzilikatzeko aukera izan zuten.
Halaxe egin zuten dozenaka herritarrek atzo. Gernikako Udalaren ordezkari, Jose Ramon Bilbao zinegotzia izan zen Zilbetin. «Koordinakundeak gure babesa eskatu, eta guk harro eta pozik eman diogu. Gure herria suntsiketaren ikur bilakatu zen, eta horixe egin nahi dute pagadian; Gernika, hala ere, itxaropenaren eta etorkizunaren ikur ere bada, eta horregatik gaude hemen», azaldu zuen atzo.
Antolatzaileak, «kontent»
Herritarrei pilotalekuan ongietorria eman, eta Jon Elizetxeren bertsoa eskaini eta gero, Antzerira bidea hartu zuten denek. Han, txalapartaren hotsa eta pagoetan berriz ere margolan bilakatu den Gernika zuten zain. Euri zaparradei umore onez aurre egin zieten. Eguzkiak eskainitako barealdia ederki profitatu zuten, gainera, bakoitzak bere zinta nahi zuen pagoan lotzeko.
«Hagitz kontent gaude herritarren erantzunarekin; eguraldi kaskarra izan dugu, eta, hala ere, jende anitz etorri da. Ez genuen hainbertze jende biltzea espero, eta hagitz kontent gara», onartu zuen koordinakundeko buru Juan Luis Martinezek.
Zilbetin bat egin zutenen artean zen Ramon Elosegi, SEOBirdLife elkarteko ordezkaria. Koordinakundeko kideekin batera ari da Magnak Antzerin magnesita ustiatzeko egin nahi duen harrobiaren aurkako borrokan.
Herritarren mobilizazioarekin batera, auzitegietan bere bidea egiten ari da borroka hori, eta esparru horretan ari da lanean, batez ere, SEOBirdLife. Une honetan, Magnaren egitasmoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren esku da. Epaitegietara jo zuten harrobiaren aurkakoek, egitasmo hori legez kanpokoa dela argi dutelako.
Epaileen erabakiaren zain dira une honetan. «Atzeratzen ari da auzitegiaren ebazpena», nabarmendu zuen Elosegik. «Nafarroako Gobernuari eremu honi buruzko baso kudeaketaren inguruko txostena eskatu diogu, baina ez du eman nahi. Epaileek ere eskatu diote. Eman beharko du, baina, bitartean, auzia atzeratzen ari dira», salatu zuen SEOBirdLifeko ordezkariak.
Elosegik gogoratu zuen Aldude Mendia zaintzagune berezia dela; Europak babestutako eremua, alegia. «Desagertzeko arriskuan diren hainbat espezie bizi dira hemen, eta, ondorioz, ezin da Magnaren gisako proiekturik egin». Europako Batzordearen aurrean ere kexa aurkeztu zuen SEOBirdLifek Magnaren egitasmoaren aurka.
Alduden bizi eta desagertzeko arriskuan diren espezieetako bat da okil gibelnabarra. «60 bikote baino ez dira gelditzen, eta denak daude Nafarroako Pirinioetan; Aldude Mendian hamahiru bikote badira, eta haietako hiru, harrobia egin nahi duten tokian bertan».
Okil gibelnabarra ez da edozein tokitan bizi. Horregatik, hegazti horrek Zilbetiko pagadia hautatu izanak baso horren berezitasunaren neurria ematen duela nabarmendu zuen Elosegik.
Basoari bere horretan eutsi nahi diote Zilbetiko herritarrek. Harrobirik gabe. «Lanean jarraitu behar dugu», gogoratu zien Aldude Mendia Koordinakundeko kide Edurne Erreak atzo herrian bat egin zuten bisitariei.
Lan horretan parte hartzeko eta laguntzeko hainbat modu bada. Batetik, pagoak babesteko kanpainak martxan jarraitzen du. Interneten bidez parte hartzen ahal da kanpaina horretan, Montealduide.org helbidearen bitartez. Hamar euroren truke, bada pago bat babesteko aukera.
Bertzetik, koordinakundeko kideek bisita gidatuak antolatu dituzte. Oraindik bisita horiek hasteko data ez dute zehaztu, baina asteburuetan eginen dituzte, pagadia ezagutu nahi duen orori Antzeri erakusteko asmoz.
Apirilaren 12an, gainera, argazki erakusketa zabalduko dute Uharteko Kultur Etxean (Nafarroa). Iruñean eta Gasteizen ere erakutsiko dituzte argazkiak, bertzeak bertze. «Auzia epaitegietan da, baina funtsezkoa da herritarrok borrokan jarraitzea», erran zuen Erreak atzo. Zilbetin haien basoa dute irabazteko.
'Gernika' pagadira itzuli da
Aldude Mendia Koordinakundeko kideek Picassoren lana margotu dute, berriz ere, Zilbetin; abenduan norbaitek hondatu zuen700 pertsonak baino gehiagok babestu dute jada Magnak harrobia egiteko hautatu basoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu