Ezarian. Udako musika jaialdiak

Gero eta gehiago eta askotarikoago

Euskal Herrian udako musika eskaintza handitzen ari da urtetik urtera. Aurten, En Vivo jaialdia da berrikuntza. Gustu eta estilo guztietarako kontzertuak eskaintzen dituzte dauden sei jaialdiek.

Belako Kutxa Kultur Festibalean, eta BBK Liven ariko da. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia - Nora Arbelbide
2013ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikusi besterik ez dago duela hogei urte zenbat musika jaialdi zeuden Euskal Herrian, eta zenbat dauden gaur egun». Gotzon Uribe Bilboko Kafe Antzokiko programazio buruak azken urteetan sortu diren jaialdien kopuruari begiratzen dio udako musika eskaintzaren balorazioa egiteko. Eta begira hasiz gero, 20 urtean eman den pausoa handia da, kopuruari begiratuta. Duela 20 urte ez zegoen inongo rock jaialdirik, eta orain, berriz, ia lurralde guztietan bana dago. Baina pausoa ez da kuantitatiboa bakarrik, baita kualitatiboa ere. «Oro har, jaialdi interesgarriak dauzkagu Euskal Herrian, estilo asko hartzen dituzte, eta irekiak dira», dio Xabier Sagardiak, Entzun! aldizkariko koordinatzaileak.

Eskaintza hori, gainera, hazten ari da urtetik urtera. Izan ere, jaialdi berri bat azaldu zen iaz udako jaialdien panoraman: Igeldoko (Donostia) jolas parkean egin zen Kutxa Kultur Festibala. Eta aurten beste bat egingo da, Bilbora, Kobetamendira, En Vivo jaialdia ekarriko baitute abuztuan. Bi jaialdi sortu berri horiez gain, azken hamar urteetan sendotu eta sustraitu diren jaialdiek ere euren bidea egiten jarraitzen dute. Azkena Rock Festivala, Euskal Herria Zuzenean, Bilbao BBK Live eta Big Festival jaialdi beteranoek, bakoitzak bere estiloan, programa «interesgarriak» osatu dituzte uda honetarako.

Azkena Rock Festival

Aurreko urteetako indar barik

Euskal Herrian dagoen musika jaialdirik onena da Sagardiarentzat. Eta, horretarako, Azkena Rockek, zeina Gasteizen egiten den, Mendizabala esparruan, bertute ugari dauzka: tamaina, gertutasuna eta musika taldeak. Baina eskaintzari dagokionez, aurtengo programazioak aurrekoek zuten erakargarritasuna galdu duela uste du Uribek. «Jende andana mugitzea kosta egingo zaie aurten». Egun bat gutxiago izango du jaialdiak, eta, horrez gain, sona handiko talde gutxiago daude. The Black Crowes eta Smashing Pumpkins dira aurtengo talde nagusiak, eta biek egun berean joko dute, gainera: «Aldaketa arraroa da bi talde nagusiak batera jartzea», Sagardiaren ustez. Hori dela eta, jende gutxiago gerturatuko dela uste du. Hala ere, «horrek jaialdia erosoagoa izatea ekarriko du».

Izen ezagun gutxiago badago ere, kalitatea bermatuta dagoela uste du Uribek, besteak bete, Rocket from the Crypt, Sex Museum, The Gaslight Anthem eta Los Enemigos taldeak Gasteizen egongo baitira. «Izar gutxiago daude, baina kalitatea oraindik badago». Jaialdia ostiral honetan hasi, eta zapatuan amaituko da.

Euskal Herria Zuzenean

Talde euskaldunen leihoa

Azkena Rockekin batera hasiko da Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia ere, eta igandera arte iraungo du. Euskal Herriko lehenengo rock jaialdia izan zen, eta ez ditu gainerakoek dituzten ezaugarri berak. «Herrian oinarrituta dago, eta autogestionatutakoa da», dio Sagardiak. Eta horregatik da berezia. Fermin Muguruza ere hastapenetik aritu da jaialdia bultzatzen, eta hasierako helburuak ere gogoan ditu: «Ez uztea festibal hori beste promotore komertzial batzuei antolatzen». 1996an sortu zen jaialdia, eta handik hiru urtera eman zuen Muguruzak lehen kontzertua bertan. Ordutik, urtero egon da EHZn, ikusle edo kantari gisa.

Aurten, lekuz aldatu, eta Lekornera eramango dute jaialdia, Lapurdira. Filosofia eredu berezia du EHZk, herrian oinarritua. Horregatik, agian, euskal taldeek ere presentzia nabarmena daukate kartelean: Belako, Aguxtin Alkhat, Anestesia, Capsula, Herri Oihua, Itziarren Semeak eta Fermin Muguruzak berak ere kantatuko dute. Jaialdiak «plataforma gisa erabiltzeko» aukera eman die euskal abeslariei, «kanpoko taldeekin nahasita». Eta hala iritsi dira aurten, besteak beste, Black Lips eta Jimmy Cliff musikari ezagunak. Hori dela eta, Muguruzak jendea animatu du EHZra inguratzeko, haren ustez arazo handi bat dagoelako Hego Euskal Herrian: «Jendea hiperalferra dela».

Bilbo BBK Live

Ingelesena eta handiena

EHZren ereduaren beste aldean dago Bilboko BBK Live. «Banku batek hartu zuen herriko jaialdi baten izena», Muguruzaren esanetan. Asmo handiagokoa da, nazioartera begira dago. Hala ere, ez dio muzin egiten bertan kantatzeari. «Sekulako festibala da, eta oso garrantzitsua da horrelako festibal bat izatea Euskal Herrian». Zergatik? «Mundu guztia joaten delako bertara, eta, orduan, guk ere egon beharra daukagulako».

EHZn ez bezala, txoko mugatuagoa daukate euskal artistek BBK Live jaialdian. Hala ere, besteak beste, Fermin Muguruza, Delorean, We Are Standard, Belako eta Herri Oihua taldeak egongo dira bertan. Edozein modutan, talde anglosaxoiak dira nagusi Bilboko jaialdian, eta aurten ere hala izango da: beteak beste, Depeche Mode —bigarrenez ariko da—, Green Day, Biffy Clyro, PiL, Mark Lanegan, Klaxon, Kings of Lion, Vampire Weekend eta Fat Boy Slimtaldeek joko dute bertan. Hori dela eta, aurtengo kartela «indartsua» dela esan du Sagardiak. Urteak igaro arren, jaialdiaren izaera mantentzen dela dio, «indiearen unibertsoan sartzen da». Azkena Rock jaialdiari aurten gertatu ez zaiona gertatu zaio BBK Liveri: gorantz egin duela.

Big Festival

Okerrak zuzentzen

Uztailaren erdialdean egiten da Big Festival, Miarritzen (Lapurdi), eta aurten bosgarren aldia du. Aguilerako errugbi zelaira eramango dute aurten estreinakoz, eta jaialdiak iaz izan zituen arazo teknikoak konponduko dituztela hitzeman dute antolatzaileek. Izan ere, soinuarekin gorabeherak izan zituzten joan den urteko jaialdian. Edozein modutan, aurtengo programazioak izen ezagun ugari dakartza, estilo ezberdinetakoak. «Ezbairik gabe, Neil Young & Crazy Horses taldeak jendetza erakarriko du», Uriberen esanetan. Horretaz gain, Wu-Tang Clan eta Two Door Cinema Club talde entzutetsuak ere bertan egongo dira. Baina euskal taldeentzat ere egongo da lekua. Grises, John Berhout eta Anai Arrebak-ek euren zuzenekoak eskainiko dituzte bertan. Jaialdia uztailaren 17an hasi eta 21ean amaituko da.

En Vivo

Gazteenentzako apustua

Madrilen eta Bartzelonan egiten den jaialdi horrek aurten Euskal Herrian ere egingo da. En Vivo jaialdi ibiltaria estreinakoz Bilbora iritsiko da. «Jende gaztea erakarriko du, jaialdi punkiagoa delako», Sagardiaren esanetan. Gainera, Bilboko Aste Nagusia amaitu eta hurrengo asteburuan izango da. «Arrakasta izan dezakeen jaialdi bat da, abuztu amaieran ez dagoelako ezer», Uriberen arabera. Horretan sarreren prezioak ere lagunduko dute, bi eguneko bonuak 25 euro balio baitu. «Gazteenentzat plan perfektua da astebururako».

Diru horren truke, talde aski ezagunak ariko dira Kobetamendin abuztuaren 30 eta 31n: The Offspring, The Toy Dolls, El Drogas, Berri Txarrak, Molotov, Soziedad Alkoholika, Shikari Sound System eta Banda Bassotti, besteak beste. Gazteez gain, «nostalgikoentzako» jaialdia ere izango da, beraz, Uriberen ustez.

Kutxa Kultur Festibala

Igeldo, indiearen topaleku

Uda amaitzearekin batera amaituko da Euskal Herriko jaialdien eskaintza. Iaz bezala, aurten ereirailaren 6 eta 7an Donostian Kutxa Kultur Festibala egingo baita. «Eguraldiak laguntzen badu, oso polita izango da», Sagardiaren ustez. Izan ere, Igeldoko jolas parkean egingo da jaialdia, Kontxako badiara begira. «Lekuak berezitasun bat ematen dio. Jolas parkeak kutsu dekadentea ematen dio, eta kontzertuak ikusteko lekua egokia da». Baina ez da hori jaialdiaren erakargarritasun bakarra. Aurtengo kartelak «iazkoa baino potenteagoa» dirudi, haren ustez. Crystal Fighters, Delorean, Dinosaur Jr, Belako, Crocodiles eta Danien Jurado taldeak arituko baitira, besteak beste. «Indie jaialdia da hau, hasieratik bukaerara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.