Iñigo Gonzalez Intxaurraga (Gasteiz, 1968) Txinako Nazioarteko Zuzenbidean aditua da, batez ere ekonomiaren alorrean. China, el gran imperio, el gran enigma hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Luis de Ajuria aretoan, Gasteizen.
Badatoz txinatarrak da boladako leloa. Zu bat al zatoz Txinak mundua jango duela uste dutenekin?
Txina gaur munduko bigarren ekonomia da, Alemania eta Japoniarekin batera. Baina, kontuz!, Alemaniako 80 milioi biztanleek Txinako 1.300 pasatxoek adina egiten dute. Txinak oso produktibitate baxua du, beraz. XIX. mendean ere kalkulatzen ibiltzen ziren txinatar bakoitzak prakak 5 zentimetro luzatuz gero zenbat haziko zen munduko ehungintza. Orduan, 600 milioi biztanle zituen Txinak. Beti izan da beldur hori Mendebaldean, eta gero eta gutxiago jakin, orduan eta handiagoa izan da beldurra.
AEBen ondoren hurrengo inperio globala Txinakoa izango dela esaten badugu, gehiegikeriatan gabiltza orduan?
Gehiegikeria handia da hori, Txinako ekonomiak munduan duen benetako pisua oso mugatua delako. AEBen barne produktu gordina 14,5 bilioi dolar dira. Txinarena 3,25. Asko hazi beharko luke Txinak eta asko makaldu AEBek, lehenak bigarrena ordezkatzeko. Kostaldean zerbait garatu da Txina, baina barnealdeko hilabeteko errenta 30 dolar dira. Urtero, 60 milioi txinatar joaten dira hirietara lanera. Horregatik da eskulana horren merkea han. Baina ez dago hango unibertsitaterik munduko hogei hoberenen artean, ez dute autorik egiten, ez dago industria bioteknologikorik...
Baina gauza merkeak egiteaz gain, Txinan egin dituzte sateliteak, esaterako. Ez da denbora kontua besteak atzera uztea?
Denbora kontua da puntako beste herrialdeak harrapatzea. Txinak egin zuen lehen proba nuklearra 1964. urtean, baina horrek ez du esan nahi esporta dezakeenik. Lasterketa auto bat ere egin dezakete. Baina bat. Ezin du hori katean egin eta errentagarri atera.
Bilboko alkateak ohartarazi du berriki txinatarrek hiriko merkataritza jango dutela ez badira dendak igandetan zabaltzen.
Hona datozen txinatarrak lan egitera etorri dira. Gainera, txinatarrak ateoak dira, eta haientzat ez dago iganderik. Horregatik, Txinan ez da eztabaidatzen igandetan lana egiten ote den. Beraz, ez da soilik gehiago fakturatu nahi dutela, kultur kontua da, ohitura. Konturatzen bazara, gero eta gehiagok ixten dute igandetan, gutxi saltzen dutelako, hemen jendeak ez duelako ohiturarik igandetan erosteko.
Horrez gain, Txinako mamua erabiltzen dute hemen lan baldintzak eskasteko. Adarra jotzen ari zaizkigu?
Herrialde bakoitza duen abantailarekin lehiatzen da, eta Txinak soldata baxuekin egiten du. Baina Europak ez du zertan lehiatu horrekin. Hemen produktibitatea askoz handiagoa da, eta, horregatik, soldatak altuagoak dira. Txinak ez du giza kapital formaturik, horregatik egiten ditu balio erantsi gutxiko gauzak. Guk soldata horiekin ezingo genituzke haize errotak egin Gamesan. Gero eta gehiago inbertitu hezkuntzan, orduan eta fakturazio handiagoa, soldata altuagoak eta bizi-maila handiagoa; oinarrizkoa da. Ehungintzako esportatzaile nagusia munduan ez da Txina, Pakistan baizik, alde handiarekin. Baina Pakistanez inork ez du ezer esaten. Norbaitek esaten duenean «jaits ditzagun soldatak txinatarrak bezala lehiatzeko», ez daki zertan ari den.
Iñigo Gonzalez Intxaurraga. Ekonomialaria
«Gero eta txinatar gehiago ari dira igandetan ixten, oso gutxi saltzen dutelako»
Norbaitek uste badu Txinak mundua jango duela, halakorik ez dela gertatuko esango dio Iñigo Gonzalez doktoreak, eta argudio hori lan baldintzak okertzen saiatzeko erabiltzea huts handia dela azalduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu