Ezarian. Sanferminak

Geroz eta euskaldunago

Nafarroa Oinez-en txokoaz gainera, aurten Gora Iruñeak jarritako besta guneak ere euskarazko jarduerak antolatuko ditu sanferminetan.

Iker Tubia.
Iruñea
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sanferminak ez dira euskaraz mintzo. Orain arte, behinik behin, jarduera gutxi egiten ziren euskaraz edo euskaldunentzat. Iruñeko Udalaren egitarau ofizialean erdara da nagusi, eta txoko txiki bat ematen dio urtero euskarari. Takoneran, bestaren erdigunetik pixka bat aldendurik. Hala ere, aurten sanferminak euskaldunagoak izanen dira, euskarak bi gune handi izanen baititu: Nafarroa Oinez-en txokoaz gainera, Gora Iruñea herri ekinbidearen besta gunea.

Ikastolen Elkartearen txosna eta agertokia muntatu dute Takoneran, ohi bezala. Bertan izanen dira udalak antolatutako jarduera euskaldun apurrak. Hala ere, Nafarroa Oinez-ek egitaraua zabaldu eginen du. Orotara, 40 ekitaldi izanen dira euskal txokoan, baina haietatik 14 baizik ez dira Udal gobernuak antolatuak, hau da, egitarauaren %35. Willis Drummond, The Sparteens eta bertso jaialdia dira egitarau ofizialeko ekitaldi nagusiak. Erika Lagoma, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Xabier Silveira Takoneran izanen dira uztailaren 11n. Nafarroa Oinez-en jardueretan, berriz, Bizardunak, Fermin Valencia, herri kirolak, Aiko taldea, Ze Esatek, Zopilotes eta Stupenda Jones dira aipatzekoak.

Bigarren gunea Runa parkean egonen da. Kostata, baina aurten bai. Aurten karpa muntatu du Gora Iruñeak. Udalak baimena eman dio gune alternatiboa paratzeko, nahiz eta hasieran ez zuen hori egiteko asmorik. Eremua lehiaketara atera zuen, baina ez zen enpresarik aurkeztu.

Uztailaren 6an irekiko dute gunea, eguerdian, eta egitarau oparoa prestatu dute egun gutxitan. Izan ere, hiru egun izan dituzte egitaraua antolatzeko. Ekitaldi nagusien artean aipatzekoak dira uztailaren 9ko herri krosa eta uztailaren 12ko mus txapelketa. Egunero haurrentzako jarduerak izanen dira: tailerrak, antzezlanak, puzgarriak... Eta uztailaren 9an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots han izanen dira.

Herri bazkariak ere ez dira faltako, ezta musika eta dantza ikuskizunak ere. Bestalde, kontzertuak ez dira soilik gauez izanen; arratsalde eta goizetan ere izanen da musika eskaintzarik. Talde anitzen artean aipagarriak dira Gose, Gatibu, Obrint Pas, Boikot, Kaotiko, Vendetta, Gozategi, Raperos de Emaus, Habeas Corpus,Governors, Tximeleta, Reincidentes eta Mikel Urdangarin. Bestelako estiloak ere izanen dira, DJak eta jazz musika .

Tabernetan ere euskaraz

Gune euskaldun handiak Takonera eta Runa parkeetan izanen badira ere, sanferminetan txoko gehiago izanen ditu euskal kulturak. Horren adibide dira Ansoleaga kaleko Zaldiko Maldiko elkartea eta Jarauta kaleko Depor taberna. Lehenbizikoan IKA euskaltegiko kideak izanen dira, bigarrena Euskal Herrian Euskaraz eragileak irekiko du.

Toki txikiagoak izanagatik ere, hainbat jarduera eskainiko dituzte. Besteak beste, Deporren herri bazkaria eta Egurra ta Kitto taldearen kontzertua izanen dira uztailaren 10ean. Zaldiko Maldiko elkartean, berriz, urteroko atun jana eginen dute uztailaren 11n, aurten hemezortzigarrenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.