Txema Blasco

«Gertatzen ari dena fikzioa dela pentsatuko dute etorkizunean»

Dozenaka pelikula luze eta ehunka labur egin ditu aktore gasteiztarrak kontulari lanak utzi eta antzezpenean erabat barneratzea erabaki zuenetik; aurretik, antzerkia eta hamaika ikuskizun egin zituen Chetti pailazoaren pertsonaiarekin

Anakoz Amenabar.
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Berandu heldu zen pantaila handira Txema Blasco (Gasteiz, 1941), ia 50 urterekin, antzezpena betidanik gustuko izan zuen arren. Segoviako ihesa filmean epailearena eginez hasi zen; geroztik etengabe aritu da zinema, antzerki eta telebistan. Langile nekaezina, ez du erretiroa hartzeko asmorik. Elkarrizketa egin bitartean, beste labur batean parte hartzea proposatudiote.

Ehun labur baino gehiago bidean. Ez al dakizu ezetz esaten?

Guztira 139 egin ditut. Egia da kosta egiten zaidala ezetz esatea, gaizki sentitzen naizelako. Batez ere, zuzendari gazteak dira laguntza gehien behar dutenak, etxekoen eta lagunen dirua jartzen dute askotan proiektua aurrera ateratzeko, eta nik ezin dut ezetz esan, beti nago laguntzeko prest. Haiek dira gure zinemaaren etorkizuna.

Kontulari lanak erosoa ematen du aktorearenaren aldean. Nolatan aldaketa hori ia 50 urterekin?

Ez nuen aktore ez izateagatik etorkizunean damutu nahi. Seme-alabak eta emaztea elkartu, eta esan nienean honetan hasi behar nuela isilune beldurgarri bat izan zen. Esan nien ez zela faltako soldatarik etxean, aterako nuela nonbaitetik, eta hala izan da. Egia da mundu zaila dela eta, askotan, maite dituzun gauzak atzean utzi behar izaten dituzula. Erokeria bat da lanbide hau, zorioneko erokeria.

Zirkutik ere ez zinen urrun ibili. Nolakoa izan zen pailazo lana?

Chetti pailazoarekin 4.316 saio egin nituen, zenbatuta dauzkat, baina sekula ez zirkuan, ikara niolako. Pompoff eta Teddy pailazoekin gertatu zen, Gasteizen egin zuten ikuskizun baten ostean. Izugarria izan zen saioa, aho zabalik utzi gintuzten, eta agurtzera joatea erabaki nuen. Aldagelan bonbilla baten azpian zeuden biak, isilean, makillajea kentzen, eta erabateko bakardadea sentitu nuen. Argazki horrekin, erabaki nuen sekula ez nintzela zirkuan arituko. Beste hainbat lekutan aritu ginen. Pailazo lanetan jende aurrean egoten ikasi nuen, bat-batekoa lantzen, gorputz adierazpena, publikoaren erantzuna.

Segoviako ihesaheldu zen orduan...

Lehenago labur batean parte hartu nuen eta saria irabazi genuen Zinemaldian. Imanol Uribek antzezpena ikusi, eta papera eskaintzeko deitu zidan. Euskal aktore asko elkartu ginen. Alex Angulo, Patxi Biskert, Klara Badiola, Ramon Barea...Abiapuntua izan zen askorentzat.

Eta Medemen eskutik jauzi handiagoa...

Behiak filma berezia izan zen niretzat, hor erabaki bainuen lehen nuen lana uztea. Julio Medemi galdetu nion ea aktore moduan balio nuen, eta, hala bazen hurrengo egunean lanean kontua eskatuko nuela. Zalantzarik ez egiteko esan zidan, eta horrek bultzatu ninduen. Asko zor diot film hari.

Biolontxeloa jo, abestu, zaldian ibili...Zer falta zaizu egiteko?

Entre naranjos telesailean jo behar izan nuen biolontxeloa, asteetako lana izan zen abesti bat ikasteko, zaila benetan. Baina gustuko ditut erronkak.

Fikzioan ere frankismoa bizi izan duzu, Cuéntame telesailean. Errealitatean horren «samurra» al zen?

Egia da, beharbada, diplomatikoegia dela eta garaia bere gordintasunean ez dela ageri. Ez dakit, publiko guztientzako telesaila delako izango da agian. Jende asko identifikatzen da pertsonaiaren batekin, halere.

1976ko martxoaren 3a gogoan al duzu?

Bai, kikilduta nengoen, egia esan. Ez zait sekula ahaztuko Gasteizko kaleetan zegoen bakardadea. Saltzaile moduan lantxo batekin nenbilen, eta etxera joatea erabaki nuen, izututa nengoelako. Ez nintzen eliza barruan egon, baina ezagunak nituen barruan. Oilo ipurdia jartzen zait oraindik.

Trantsizioa maiz agertzen da telebistan, baina errepide bazterretan orain 75 urte utzitakoak ateratzen lana dago oraindik.

Bai, zalantzarik gabe, gauza batzuk estaltzen edo haien gainetik igarotzen ahalegindu dira batzuk, eta zauriak oraindik sendatu gabe daude. Eta normala denez, oraindik erremina dago. Ea gauzak poliki-poliki argitzen diren.

Etorkizunean egungo Euskal Herriaren gatazkaren inguruan antzeko telesailen bat imajinatzen al duzu?

Ez dakit, uste dut hobera egingo dugula eta, beraz, gaur egun gertatzen ari den guztia fikzioa dela pentsatuko dutela, ezinezkoa dela.

Eta telesailik balego, norena egitea gustatuko litzaizuke? Zergatik?

Edozeinena egiteko prest nago. Egin izan dut ETAkide baten aitaren rola,­ eta benetan mamitsua zen; ez da erraza hark bizi behar izan zuena.

Laster, inkisidore lanetan ikusiko zaitugu.

Guztira lau pertsonaia egingo ditutIñaki Elizalderen Baztan pelikulan, eta uste dut ederra izango dela. Arazorik ez bada, urrian jarraituko dugu grabazioekin. Cuéntame-rekin ere jarraituko dut, eta hainbat labur ditut zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.