Gesaltzako gatza salgai berriro

Gesaltza Añana haraneko larrainetan gatza ekoizten hasi dira berriz, eta salgai jarri dute hainbat dendatan

2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Añanako Gatz Harana fundazioak atzo aurkeztu zuen salgai jarri berri duen gatza. Aurten ipini dute lehenengo aldiz bertako produktua salgai, eta 32.500 kilo gatz biltzea lortu dute, Arabako Diputazioak diruz lagundu duen proiektuari esker. Kultura diputatu Lorena Lopez de Lacallek eta Fundazioko zuzendari Mikel Landak eman zuten Gesaltza Añanako gatzaren berri.

Landaren esanetan, haran horretan gatza ekoizteak «1.200 urteko historia idatzia» dauka, baina lehenagotik ere egiten zela jakinarazi du, «bakarra eta ikusgarria» dela azpimarratzearekin batera.

1960ko hamarkadan produkzioa eten zenetik, lehenengo aldiz aurten jarri dute salgai. Goimailako produktutzat jo dute. «Ez da fintzen, eta ez diogu ezertxo ere gehitzen», azaldu du Landak.

Hain zuzen ere, hiru mota daude: gatz minerala, gatz larrainaren azpian gelditzen dena; gatz lorea edo ur azalean gelditzen diren malutak; eta gatz kandelak.

Hogeita hamar tona gatz mineral jaso dituzte, eta 2.500 kilo gatz lore. Eztendunak ez dira salgai jarriko, kilo gutxi batzuk baino ekoitzi ez dituztelako; Sukaldari batzuentzako bakarrik izango da gatz mota hori. Gatz arruntenaren 250 gramoko kaxak 3,40 euro balio du, eta 500ekoak, berriz, 4,50. Bestea garestiagoa da, 125 gramok 4 euro balio baitute, eta 250 gramok, berriz, 6,30. Haranean bertan eros daiteke, baina baita Gasteizen eta Donostian ere. Euskal Herritik kanpo, Madrilen, Gironan eta Andorran dago salgai.

Hainbeste gatz lortzeko, lanean udan ibili direla jakinarazi du zuzendariak. «Maiatzean edo ekainean hasi behar izaten da bertan lanean. Irailera arte egin behar da, ordutik aurrera ezin baita gatzik atera».

Turinen ere, aurkezpena

Produktua prozesu baten emaitza da, Mikel Landaren arabera. Inguruko iturrietatik iristen den gatzunarekin hasten da prozesua. «Eguzkiak, haizeak etalangileen eskuek egiten dute gatzunaren lurruntze naturala», haren esanetan.

Sukalderako dituen ezaugarriak azpimarratu ditu zuzendariak; izan ere, «kalitate handiko» produktutzat jotzen du. Bestalde, Martin Berasategik, Pedro Subijanak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariek beren babesa eman diote haran horretako gatzari. Beren jatetxeetan erabiltzen dute hango produktua, eta Subijanak, gainera, gatz hori erabilita plater bat sortu du. Horrez gain, sukaldari bakoitzak bere larraina babestu du, proiektua sustatzeko.

Munduko laugarren Terra Madreren sarea hasiko da etzi, Turinen (Italia), eta han ere aurkeztuko dute Gesaltzako gatza. Nazioarteari egingo zaion aurkezpena dela esan du Landak. Bost egunetan, tokiko janaria sustatzearen aldeko eragileak izango da, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.