Gezi adardunak

Herenegungoaren pareko entzierroa izan da, azkarra, baina hura baino arriskutsuagoa, ibilbidean hartutako abiadura handiagatik

joxerra senar
Iruñea
2010eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Herenegungoa entzierro azkarra izan zen, baina atzokoa are azkarragoa izan zen. Victoriano del Rioren zezenak aurreko egunean egindako lasterketaren gidoia hartu, eta bete-betean ekin zioten atzokoek. 1997. urtez geroztik, Salamancako ganadutegiak bigarren aldia zuen Iruñean korrika egiten zuenekoa, baina atzo, sei zezenek hegan egin zuten entzierroan. Gezi adardunak izan ziren.

Azkartasuna normalean arazorik ezaren sinonimo bada ere, azkartasuna arriskuaren adierazle izan litekeela erakutsi zuten atzo. Estafetan bereziki, taldearen burua zuten bi zezenek ustekabe bat baino gehiago eragin zieten korrikalari askori. Azkenean, bi minutu eta hamalau segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Orain arteko azkarrena.

Arrapalada batean atera ziren 08:00etan aldapan gora, beti legez. Korrikalari batzuk erori ziren, baina zezenek ez zuten bazterretan ziren korrikalariengana jotzeko inolako keinuri egin. Hori bai, ohi baino zabalago egin zuten lasterka. Hainbat erorketa izan ziren aldapan gora, baina guztiek ere, behar den moduan, talde osoa pasatu zen arte. A.B.P. 18 urteko zangozarra ospitaleratu egin zuten, baina kolpe arinak baino ez ditu bizkarrean.

Udaletxe plazara iritsi aurretik, gaztain koloreko zezen batek joaldunak gainditu, eta sei metro inguru aurreratu zen. Sekulako abiaduran lasterka egin zuen plazatik Estafeta amaieraraino. Nabari zen, dena den, inguru horretan aurreko egunetan baino lasterkari gutxiago zegoela.

Ezkerrerantz jo zuen, eta bihurguneko hesiaren aurka jo zuen, azkar batean korrika egiteari ekiteko. Anaiaren erritmoari heldu nahirik, taldetik zezen beltz bat nabarmendu zen. Hain justu, biak izan ziren eguneko gertaeraren protagonistak. Lehenaren abiaduraren ondorioz, erori egin zen gorri koloreko jertse bat zeraman korrikalari bat. Erortzerakoan besoa zabaldu zuen, eta haren zorte txarrerako, zezen beltzaren adarrek kolpatu zuten besoa.

Taldea igarota, zauritutakoa altxatu, eta berehala heldu zion besoari, eta Mercadereseko Gurutze Gorriko sorosleengana joan zen bere kabuz. J.H.C. 27 urteko madrildarrak adarkada du besaurrean; haren egoera ez da larria.

Estu eta larri

Estafetan bi korrikalari estu eta larri ibili ziren. Aurretik zihoan zezenaren abiadurari ozta-ozta eutsi zion lasterkari azkar batek. Adarrek ia-ia ukitu zuten, eta motelago joan izan balitz aurretik eramango zukeen, baina eutsi zion, eta salbatu zen. Motelagoa zihoan korrikalari bat bultzatu egin zuen zezenak adarrekin.

Estafeta amaieran, labaindu egin zen aurretik zihoan zezena, eta altxatzerakoan bat egin zuen taldearekin. Aurretik jarri zen zezen beltzak aurrera egin zuen inguruan zuen jendeari erreparatu gabe. Ez zen beste ezbehar aipagarririk gertatu. Gaur, Jandilla ganadutegiko zezenek emango diete amaiera entzierroei. Adi, jandilla baten adarkadaren ondorioz hil baitzen iaz Miguel Jimeno.

Atzoko zaurituei senda-agiria eman zieten. Aurreko entzierroetan zauritutako hiru korrikalariospitalean daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.