Gida turistikoa, bertsotan

Donostia bertsoen ikuspegitik behatzeko aukera ematzen du Sariketa tabernak. Hiriko argazkiekin apaindu, eta argazki bakoitzari bertso bana ipini diete bertsolariek.

Sariketa tabernaren apainketan parte hartu zuten bertsolariak, inaugurazio ekitaldian. ANDONI CANELLADA/ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharreko Sariketa tabernara joaten denak Donostiako argazki bitxia eskuratuko du. 30 urtez bertsolaritzari lotua egon da tabernaren apainketa, eta, irudi horri eutsi nahian, 30 bertsolariren ekarpenek bereganatuko dute bezeroen arreta aurrerantzean. Iragan astean ireki zituen ateak Fermin Kalbeton kaleko taberna zaharberrituak, bertsolari familia askotariko batek lagunduta.

Zinemaldia, santomasak, su festak, Haizearen Orrazia, Trinitate plaza... Gipuzkoako hiriburua berezi egiten duten ezaugarriak irudietan hartu, eta bertso bana prestatu dute hainbat belaunalditako bertsolariek. Orotara, 30 irudi eta beste horrenbeste bertso, Donostiako laburpen bitxia osatzen dutenak.

Lanku bertsozale elkartearen zerbitzu enpresa izan da tabernaren barne apainduraz arduratu dena. Jabeen nahia bete dute Lankuko kideek, tabernaren gaia bertsolaritzari lotua jarraitzea, alegia. Bertsolari zaharren bertso ezagunez egon da apaindua Sariketa taberna azken 30 urteetan. Txirrita, Lazkao Txiki, Xalbador, Otaño, Basarri, Bilintx eta beste hainbat bertsolari zaharren bertsoek utzitako tokia hartu dute egungo bertsolarienek. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Peñagarikano eta beste bertsolari batzuen errimek osatzen dute orain tabernaren paisaia.

Gida turistiko nahiko berezi baten antza hartu dio Unai Elizasu Lankuko langileak apainketaren emaitzari. «Donostia osoa ikusten da argazkietan, bertsoek ematen dioten ikuspegi desberdinarekin».

Ezohiko lana izan dela adierazi duElizasuk. Hasiera batean nondik jo ez zekitela ibili ziren, Elizasuk adierazi duenez. «Azken ordukoa, presakoa eta oso gure egin ez genuen ideia bat zen». Sariketako nagusiekin hitz egin zutenean, ordea, zer nahi zuten ulertu, eta bere egin zuten proiektua. «Taberna eurena bezain gurea bihurtu dugu, eta tabernarentzako interesgarriena izango zena egin dugu», esan du Elizasuk.

Elizasuk berak izan zuen ideiaren burutazioa. «Taberna berritu nahi zuten bertsolari berrien bertsoekin. Donostiarekin lotu nahi zituzten bertsoak, eta proposamen hori luzatu genien».

Gari Garaialde argazkilaria arduratu da irudiez, eta Eneko Salaberria, berriz, diseinuaz.

Bertsolari bakoitzari Donostiako leku, egoera, festa edo aitzakia baten gaia eman zioten, horren inguruko bertsoa osa zezan. «Donostiarekin harremana duten elementuak atera genituen, betiere, bertsotarako egoki samarrak izan zitezkeenak, eta hortik abiatuta egin dituzte bertsoak».

Bertsolarien taberna

Sariketa taberna oso ezaguna da bertsolaritzan, eta Lankuko langileei ez zitzaien batere arrotza egin hortik jasotako deia. Joxe Mari Uzkudun tabernaren jabea bertsozale ezaguna da, eta bertsolariek gogoz hartu zuten Sariketa apaintzeko enkargua.

Pozik agertu dira bertsolari eta jabeak zaharberritzeak emandako emaitzarekin. Inaugurazio egunean elkartu ziren tabernan, iragan astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.