«Autoan noa orain, eta hobe geroxeago deitzen baduzu». Ohiko hitzak dira, baina baita esanguratsuak ere, gidaririk behar ez duten autoei buruzko elkarrizketa baten aurretik esanez gero. Fisikaria eta matematika doktorea da Humberto Buztintze (1958, Uxue), eta adimen artifizialaren alorrean aritu da beti. Dioenez, hamar urte barru desagertze bidean izango dira gisa horretako esaldiak. Esku-eskura omen dago teknologia, baina horrek ez omen du esan nahi ibilgailuek gidaririk beharko ez dutenik.
Hamar urte barru hedatuko omen dira auto adimendunak. Optimistegia da aurreikuspen hori?
Ez dut uste. Baina gidaririk gabe ibiliko diren autoak egongo badira ere, beti egon beharko du pertsona batek bolanteari adi, arrisku uneetan erantzuteko. Zaila izango da errepide guztietan bakarrik ibili ahalko den ibilgailu bat sortzea. Hegazkinekin ere gertatzen da halako zerbait. Gaur egun, oso gutxitan gidatzen du abioia pilotuak. Aireratzean, eta lur hartzean soilik. Hegazkinetan martxan da teknologia hori, baina, halere beti behar da pilotu bat.
Zergatik da hori?
Adimen artifizialaren barruan badira bi alor: adimen biguna eta adimen gogorra. Kalkulu prozesuak ditu oinarrian adimen bigunak, eta tresna askotan erabiltzen da. Martxa automatikoak izan daitezke adibide bat. Autoa oso azkar doanean, aldatu egiten du martxa. Modelo matematikoak dira «oso azkar» zer den zehazten dutenak. Hamar bat urtean aurrerapen handiak egingo ditu autogintzak alor horretan. Baina askoz denbora gehiago beharko da adimen gogorrarekin. Giza kontzientziarekin lotutakoak hartzen ditu bere baitan bigarren alor horrek. Erabakiak hartzeko ahalmenari dagozkionak, esaterako. Hori da adimen artifizialaren erronka handietariko bat, eta baita autogintza adimentsuarena ere. Emozioek ere badute eragina erabakiak hartzerako orduan, eta hori da egun dugun hutsunerik handiena. Ez dakigu gizakiaren emozio horiek simula ditzaketen ereduak sortzen. Ez dakigu adimen gogorra sortzen. Eta urte asko beharko dira horretarako.
Gidaria beharko du beti autoak?
AEBetan martxa automatikoek oso ongi funtzionatzen dute. Haien errepideak horretarako egokiak direlako. Aurrera egingo du teknologiak beste esparruetan ere. Eta oso lagungarria izango da hori ezintasunen bat duen jendearentzat. Beti beharko da gidaria, bai, baina lasaiago gidatu ahalko dugu aurrerantzean. Asko jaitsiko da gehiegizko abiaduran joateagatik jarriko den isun kopurua, eta handitu egingo da segurtasuna. Ia dena egingo dute autoek bakarrik, ia beti, emozioekin lotutako faktoreak tartean sartzen direnean izan ezik.
Humberto Buztintze. Adimen artifizialean aditua
«Gidaria beharko da, baina lasaiago gidatu ahalko dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu