Euskarabentura

Gipuzkoara bidean da Euskaranbetura

Zuberoa, Nafarroa Beherea, Araba eta Nafarroa zeharkatu ditu espedizioak orain arte egin dituzten 210 kilometrotan.

Euskarabentura espedizioko kideak  Iñigo Etxezarreta abeslariarekin Argantzunen. EUSKARABENTURA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko uztailaren 16a
16:07
Entzun

Iritsi da Euskarabentura espedizioaren erdira. Azken egunak Araban igaro ostean gaur ailegatuko da Zerainera (Gipuzkoa). "Gorriz" markatutako 28 kilometroko etapa gogorra zen gaurkoa. Eguraldi txarraren iragarpenak eta asteburuan zehar parte hartzaile anitzek izan duten gastroenteritisak ordea plana aldatzera behartu du espedizioa. Espedizioko erronkazaleenak triste azaldu dira etapa polita  oinez egiteko aukera galdu dutelako. Oinez egin beharrean, autobusez egingo dute Aguraindik Zeraingo bidea. Gipuzkoara abiatu aurretik goiza Aguraingo Sorginetxe trikuharria bisitatzeko aprobetxatu dute batzuk, bertzeak deskantsatzen geratu dira. Olatz Silva BERRIAko kazetaria espedizioan da eta bertatik ari da zuzenean berri ematen blogean.

Uztaialaren 12an, Nafarroa atzean utzi zuenetik Araban ibili da Euskarabentura. Arabara sartu aurretik ordea Errioxan ibili ziren espediziokideak. Donemiliaga Kukullako Suso eta Yuso Monastegietan izan ziren euskarazko lehenengo glosak ezagutzen. Handik Añanara joan ziren eta bertako gatz harana ikusteko aukera izan zuten. Bertako ur-gaziak parte hartzaileen zauriak arindu zituen, gainera. Gaua herriko igerilekuan igaro zuten gazteek bibak egiten, goizaldera, ordea, ekaitza lehertu zen eta espedizioak uste baino lehen utzi zuen Añana Argantzunera joateko.

Ortziralean, Argantzunera heltzeko hemezortzi kilometro egin zituzten oinez espedizioko kideek. Bertan, Trebiñuko errealitatea erakusteko Ikastolako bi kideek hitzaldia eman zieten. Interesa piztu zuen hitzaldiak, askok ez zekitelako administratiboki Trebiñu Burgos dela. Gauean espero ez zuten sorpresa jaso zuten; Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento taldeko kidea joan zitzaien bisitan. Euskararekin duen harremana azaldu zuen abeslariak eta kanta batzuk ere abestu zituen. Gazteak pozarren geratu ziren bisitarekin.

Larunbatean, Gasteizerako bidea hartu zuen espedizioak. Eguerdirako iritsi ziren Arabako hiriburura eta han zain zituzten guraso zein lagunak. Bi orduz beraien konpainia eta mimoak jaso zituzten gazteek Gamarrako igerilekuan. Iluntzean, bertso bisita gidatua izan zuten Aroa Arrizubieta eta Manu Bengala bertsolariekin. Espedizioko kideek erakutsi zuten bertsotan ere abilak direla eta batzuk kantura ere animatu ziren.

Igandean, Gasteiztik Agurainerako bidea trenez egin zuten gazteek. Bertan Ane Pedruzok eta Beñat Garaiok Arabako errealitate soziolinguistikoaren berri eman zuten. Ondoren, Iñaki Viñaspre bertsolariaren eskutik bertso-rap, free style, beat box eta dance halla landu zituzten. Arratsaldean, Badaiotz sokatira taldeko Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralderekin sokatiraren mundua ezagutu zuten eta hainbat tiraldi egin zituzten. Iluntzean, Asier Lafuente, Lautadako Euskararen komunitateko kideak Euskaldaria zer den azaldu eta erronka bota zien gazteei; Arabako Lautadan dauden bitartean dena euskaraz egitea.

Asteburu gogorra izan dute espedizioan, izan ere parte hartzaileetako batzuk gaixorik egon dira gorako eta beherakoarekin.Taldekide guztiak sendatuta, gogotsu dira datozen egunetan Gipuzkoa zeharkatzeko. Azken egunak laburtzen dituen bideoa argitaratu dute espedizioko kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.