Giza gorputzaren barrura bidaia

IrunBenetako hamar gorpu eta 150 organo bildu dituzte 'Human Bodies' erakusketan; ostiralean irekiko dute

Plastilina erabilita lortu dute gorpuak modu horretan jartzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
Donostia
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gizakien gorpuak erabilita, gizakien gorputzaren funtzionamendua erakustea. Horixe da Human Bodies... The exhibition erakusketaren helburua. Gizakien gorputzaren barnean bidaiatzea bezala da erakusketa. Bidaia horretan, benetako hamar gorpu eta 150 organo izango ditu bidaia lagun bisitariak.

Irungo Ficoban (Gipuzkoa) ikusi ahal izango da erakusketa, ostiraletik aurrera. Apirilaren 24ra bitartean izango da zabalik.

Bazen behin giza gorputza marrazki bizidunetako sortzaileak daude erakusketaren atzean. Marrazki bizidun haiek bezala, entretenitzeaz gainera, irakastea du helburu.

Giza gorputza era berezian aurkezten dute. Horretarako, bi urte baino gehiago pasa dituzte antolatzaileek erakusketa prestatzen. Plastilinaren bidezko teknika bat erabiliz landu dituzte gorpuak, eta emaitza harrigarria lortu dute.

Teknikari esker, organoen benetako itxura mantentzea lortu dute. Hautatzeko orduan, organo bakoitza oso ondo aztertu dute zientzialariek; gorputzaren funtzionamendua azaltzeko duen interesaren arabera aukeratu dituzte.

Erakusketan dauden gorpu eta organo guztiak asiarrenak dira. Identifikatu gabeko pertsonen hilotzak unibertsitateetako zientzialarien esku uzten dituzte agintariek, ikerketa eta dibulgazio proiektuetan erabiltzeko.

Audio gidaren laguntza

Behin erakusketa bukatuta, erabilitako gorpu eta organoak Murtziako unibertsitatearen esku geratuko dira, erabilera pedagogikoa izan dezaten.

Mundu osoan ibili eta gero iritsi da erakusketa Irunera. Euskal Herrian ere izan da lehenago, Bilbon, esaterako. Arrakasta handia izan du erakusgai izan den tokietan.

Sarrera ordainduta, audio gida bat jasoko du bisitariak; soinu, ahots eta soinu efektuen laguntzaz egingo du bisitariak giza gorputzaren barrura bidaia zirraragarria.

'HUMAN BODIES' ERAKUSKETA

Non. Ficoban, Irunen (Gipuzkoa).

Noiz. Ostiralean hasi eta apirilaren 24a bitartean.

Sarrera. 8 euro; 7 urte azpikoak doan.

Ordutegia. 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.