Hasi da jolasa. Dadoak airean dabiltza. Gasteizko hirigunea hamazazpi lauki dituen taula joko erraldoi bihurtu da, eta bertan mugitzen den oro jolas horretako pieza izan daiteke. Hamazazpi txoko horiek batuta bost futbol zelairen lekua hatzen dute, eta eskaintza zabala dute: taula jolasak, Euskal Herriko betiko jokoak, bideokontsola berrienak, gizakiaren neurriko mahai futbola...Denbora apur bat eta jolasteko gogoa baino ez dira behar Gasteizko XVI. Nazioarteko Jolas Jaialdiaren barruan dauden mila txokotan murgiltzeko.
Hirigunean atzo hasi zen jaialdia, hamabiak aldera, eta eguraldia lagun izan zuten. Eguzkia, beroa... denbora behar izan zuten, ordea, gasteiztarrek jolasekin atondutako 40.000 metro koadroak betetzen hasteko. Lehen orduetan, arrakasta gehien gaztetxoenentzako jolasek izan zituzten, baita adin mugarik ez duten Andre Mari Zuriaren plazako jolas tradizionalek ere. Alde Zaharrari bisita egin ondoren bola jokora gerturatu zen edadetu talde bat, gizonak gehienak. «Aztertzeko modukoa da gauzak saiatzeak sortzen digun zirrara!», zioen Antonio Garciak.
Jolas tradizionalen artean, ezohiko karpa bat dago Andre Mari Zuriaren plazan. Lau bizikleta estatiko, lau pantaila eta lau haizagailu daude bertan. «Pedalei eraginda biak, haizagailua eta pantaila, pizteko argindarra sortzen da; pantaila piztean bertan agertzen diren espaziontziak zenbatu eta zozketa batean parte har dezakezu», azaldu du ekimeneko arduradunak. Bero handiegia egiten ei du, ordea, pedalei eragiteko.
Probintzia plazak askoz arrakasta handiagoa du. Gaztetxoenei dago zuzenduta txoko hori, eskolara joan beharrik ez duten horiei, hain zuzen ere. Txokoaren egitura edozein umeren arreta osoa bereganatzeko modukoa da. Moketa baten gainean neurri guztietako ehunka kamioi, auto eta motor daude, eta horiek nahikoa ez balira bezala, beste horrenbeste daude ondo sailkatuta apaletan. Oihu deigarrienak bola igerilekutik datoz, ordea. «Horrela jarraitzen baduzue, etxera joango gara». Hiru neba-arreba elkarri bolak botatzen ari dira, eta igerilekutik kanpo erortzen direnak jasotzen ditu amak, errieta egiten dien bitartean.
Zarata horrek ez du zerikusirik hirigunetik urrundu ahala entzun daitekeenarekin. Musiketan lelopean, Peñafloridako Kondearen plazan, dozenaka musika tresna dago. Berrerabilitako materiala erabiliz eginda daude asko: freskagarri botilen txapak, metalezko platerak eta potoak... Dena den, musikari profesional sentitu nahi duten umeek ere aukera dute. «Begira, begira! Ikusi nola ematen dion egurra bateriari», dio barre algaraka ama batek, oinez ozta-ozta dabilen alaba Keith Moonen pare ikusita bateria astintzen.
Goizeko klaseak bukatzean bete dira hainbat txoko. Ikusmin handien piztu dutenen artean Katedral Berriaren atzean jarritako bideokontsolak daude, baita Foru plazako kirol jokoak. Bazkaltzera joan aurretik mahai futbol erraldoian partida bat jokatu nahi izan duen gazte talde bat dago, mahaiko futboleko panpinak ordezkatuz. «Azken gola eta banoa, bazkaltzera berandu banoa aitonak errieta egingo dit», dio Iñaki Lopezek, 15 urteko gazte batek, izerdia lehortzen duela.
Ohiko kirolez gain egungo munduaren egoeraz ohartarazteko balio dutenak ere badaude. Aihotz plazan garapenerako lankidetzaren garrantzia erakusten dute, jokoaren bitartez ura lortzeko zailtasunak dituzten herrialdeen egoeraren berri emanez, eta kontsumo arduratsua sustatuz.
Txokoak eta ekimenak
Gasteizko hiriguneko jolas taulara beroketa eginda gerturatuko direnak asko dira. Hain zuzen ere, ekainaren 13an hasi zen jaialdia Gasteizko lau auzotan. Ibaiondoko plazak, Konstituzio plazak, Maurice Ravel lorategiek eta Etxauri plazak milaka pertsonaren bisita izan zuten astelehenetik ostegunera arratsaldero eskainitako jolasetan.
Gasteizko txokoetan dauden txokoez gain, egunero aldatuko diren ekimenak izango dira ekainaren 26a arte, jaialdia bukatzen den arte. Jolasetan parte hartzen dutenen arteko txapelketak egiteaz gain, lantegi bereziak, ipuin kontalariak eta antzerkia ere izango dira. Gaur bertan, eguerdiko hamabietan, Turukutupa Rezikletas antzezlana izango da Peñafloridako Kondearen plazan, baita ipuin kontalaria ere.
Ezintasunen bat dutenentzako jolasak ere badaude. ONCEk antolatutako futbol egokitutakoedota boccia erakustaldiaizango dira. Horretaz gain, keinuhizkuntzen tailerra ere izangoda, nahi duenak gor-mutuekin komunikatu ahal izatekooinarrizko adierazpenak ikas ditzan.
Bertara joaterik ez dutenek datorren astera arte beste hizkuntza bat erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute Gasteizen: jolasa. Dadoak airera bota baino ez da egin behar.
Ezarian. Jolasen jaialdia
Giza tamainako jolas taula
Jolas Jaialdia dela-eta Gasteizko hirigunean sakabanatutako txoko guztiek, elkartuta, bost futbol zelairen eremua hartzen duteAdin guztietzako 5.000 jolasekin jostatzeko aukera egongo da hilaren 26ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu