Gizaki ez direnentzako Marijaia bat

Bilboko mugimendu antiespezistak Aste Nagusian egiten du bere aktibismoaren parte handi bat. Zezenketen kontrako mugimendutik jaio, eta animalia guztien askatasuna eskatzen dute gaur egun, zirkukoetatik hasi eta haztegi eta hiltegietan daudenetara.

Piztiak konpartsaren txosna 2024ko Aste Nagusian. LINAS KORTA
Piztiak konpartsaren txosna 2024ko Aste Nagusian. LINAS KORTA
2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

Bilboko antiespezismoak ez du lelo ofizialik, baina bada aktibistek maiz oihukatzen duten esaldi bat: «Jaiak ospatu, animaliak askatu». Balioko luke mugimenduak Bizkaian azken hamarkadetan egin duen ibilbidea laburtzeko. Hein handi batean, animalien askatasunaren aldeko borrokak Aste Nagusiaren altzoan egin du aurrera. Hasieran jaiaren bazterrean egon ostean, urteekin lortu dute euren aldarrikapenetako batzuk programan sartu daitezen. Eta bada historia horren ikur argi bat: Piztiak konpartsa antiespezista. Hamargarren aldiz jarri dute aurten txosna jaietan, eta seitan bokatak eta olo hanburgesak zerbitzatzen dituzte, animalien sufrimendurik gabeko jai eredua aldarrikatu bitartean.

«Pasio handiz gogoratzen dut, baina oso gogorra izan da». Oskar Melgar hasiera-hasieratik egon da Piztiak konpartsa sortzeko prozesuan, eta hala gogoratzen ditu lehen urteak. «Ezinegon kolektibo batetik sortu zen Piztiak», azaldu du. Garai hartako aktibistek, kaleko militantziaren eraginkortasuna mugatua zela ikusita, jai esparruan sartzea erabaki zuten, kontzientziazio lana bertatik egiten saiatzeko. 2013an, Bilboko Konpartsen federazioan sartu ziren. Ia erabateko onarpena jaso zuten, baina Melgarrek ez ditu sekula ahaztuko esan zizkieten lehenengo hitzak: «Bazen garaia zuek hemen egoteko, baina ez diguzue txerrikia kenduko».

Piztiaken lehenengo txosna, 2014an. PIZTIAK
Piztiak konpartsaren lehenengo txosna, 2014an. PIZTIAK

Edonola ere, Piztiak ez da antiespezistek Aste Nagusian duten eragile bakarra. Bilboko eta inguruko zezenketen aurkako taldeek, Bilbon jatorria duen PACMA alderdiak, animaliak esplotatzen dituzten zirkuen kontrako elkarteek eta beste hainbat taldek ere urratsak egin dituzte animaliak askatzeko bidean.

Eragile askoren lana

Konpartsa sortu baino lehenagotik ere bazen mugimendua. Bilboko Aste Nagusiak 1990eko hamarkadaren amaieratik entzun ditu aldarrikapen antiespezistak, tauromakiaren aurkako elkarretaratzeak eta manifestazioak hasi zirenetik zehazki. Bilboko zezenketek orain baino publiko gehiago erakartzen zuten orduan, eta manifestazioetan adarrak ateratzen zituzten bai alde batekoek, bai bestekoek. «Hiltzaile! Odola ikusi nahi baduzu, moztu itzazu zainak», oihukatzen zuten batzuek; erdiko atzamarra erakutsi besteek. Jipoiren bat ere izaten zen, poliziak agertzen ziren, eta manifestariak atxilotzen zituzten.

Zezenketen kontrako aktibistak zezen bat irudikatzen, 2010eko abuztuaren 21ean, Bilboko Guggenheim Museoaren ondoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Zezenketen kontrako aktibistak zezen bat irudikatzen, 2010eko abuztuan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2000. urte inguruan hasi ziren talde antolatuagoetan biltzen giro punk eta anarkistetako eta drogen kontrako mugimenduko hainbat kide. Bazkari beganoak egiten zituzten Izar Beltz ateneoan, eta antiespezismoari buruzko informazioa zabaltzeko materiala sortzen zuten. Orduan sortu zen Bloke Antiespezista izeneko taldea ere. Aste Nagusian informazio mahaiak jartzen zituzten jaigunean goizetik gauera. Tentsioa eragin zuen horrek, eta irainak eta eraso fisikoak pairatu zituzten.

Beste mugarri bat: 2004ko Aste Nagusia. Askapeña konpartsako Begoña Benedictok jaurti zuen txapligua urte hartan, eta bera izan zen zezenketetara joateari uko egin zion lehen txupinera. Ordurako, haren konpartsak ere ontzat joa zuen tauromakiaren aurkako sinadura bilketa, eta Benedictoren erabakiak ikusgaitasun handiagoa eman zion jarrera horri. Geroztik, txupinerek ez dute zezenketetara joateko betebeharrik.

«Etorri zirenetako asko espektro animalistako pertsonak ziren, hots, zezenketen aurkakoak, begetarianoak, beganoak, animaliak babesteko elkarteetan lan egiten zutenak eta beste barik animaliekiko sentsibilitate berezia zutenak»

OSKAR MELGAR Piztiak konpartsaren sortzaileetako bat

Konpartsa batzuek bokata beganoak eskaintzen zituzten euren txosnetan, eta, azkenik, 2014an muntatu zuen lehen txosna Piztiak konpartsak. Hamar bat pertsona ibili ziren muntatze lanean gau eta egun, eta desmuntatzeko bost lagun geratu ziren. Tartean, laguntzaileak behar izan zituzten, ez denak antiespezistak. Hala gogoratu du lehen aldi hura Melgarrek: «Etorri zirenetako asko espektro animalistako pertsonak ziren, hots, zezenketen aurkakoak, begetarianoak, beganoak, animaliak babesteko elkarteetan lan egiten zutenak eta beste barik animaliekiko sentsibilitate berezia zutenak».

Txupinera izatea ere egokitu zitzaien urte hartan. Loreto Errasti piztiakideak bota zuen txapligua. Errastik gogoan du Bilboko Konpartsen federazioarekin eta komunikabideekin zuten harreman tirabiratsua. Batetik, lehenengo urteetan, beste konpartsek eta hedabideek, gizarteak bezala, ez zuten gainontzeko borroka sozialen parekotzat hartzen antiespezismoa. Hasierako urteetan, isekak eta infantilizazio handia izan zirela salatu du.

Antiespezismoa goxatzen

Goxatuz joan dira harremanak, ordea. Konpartsen arteko sinergiek, apurka, animalien aldeko sentsibilitate handiagoa osatu dute jaigunean, eta Bilboko Konpartsek aldarrikapen antiespezista batzuk bere egin dituzte. Eta piztiakideek ez ezik, beste konpartsetako kideek ere bultzatu dituzte aldaketa horiek.

«Konpartsa guztietan zeuden erresistentzia antiespezista txikiak, orain Piztiak-en aliatuak direnak. Feminismoarekin bezala, feministak konpartsa guztietan geunden»

EUNATE SARASOLA Antiespezista

Adibide bat: 2016ko udako solstiziorako, Eunate Sarasolak, Askapeñako kideak, txokolatada beganoa eskaintzea eskatu zuen. Sarasolak azpimarratu du antiespezismoa ez dela soilik Piztiak-en kontua, agian konpartsa horrek arrakala ofizialago bat ireki zuela baina borroka lehendik zegoela. «Konpartsa guztietan zeuden erresistentzia antiespezista txikiak, orain Piztiak-en aliatuak direnak. Feminismoarekin bezala, feministak konpartsa guztietan geunden», Sarasolaren hitzetan.

Gastronomian eragin zuen batez ere Piztiak-ek hasieran. Lehiaketa gastronomikoa asteartetik igandera egiten zen historikoki, baina Piztiak-ek beste plater bat eskatu zuen, erabat begetala izango zena, astelehena betetzeko: patatak saltsa berdean. 2023an, pisto begetal lehiaketa bihurtu zuten. «Gastronomia beganoa asko gutxietsi da, baina ikuspuntua aldatzen ari gara», azaldu du Ziortza Larreategik. Ibilbide luzeko piztiakidea da bera. «Konpartsetan, gainera, kontzientzia politiko handia dago, eta konpartsakideek ulertzen dute ezin dela zapalkuntzarik gabeko mundua eskatu gizakiz besteko animaliak esplotatu bitartean». Astelehen antiespezista sortu zuten horrela, ideia hori zabaltzeko.

«Konpartsetan, gainera, kontzientzia politiko handia dago, eta konpartsakideek ulertzen dute ezin dela zapalkuntzarik gabeko mundua eskatu gizakiz besteko animaliak esplotatu bitartean»

ZIORTZA LARREATEGI Piztiakidea

Piztiak-ek bultzatuta, 2017an Bilboko Konpartsek erabaki zuten Aste Nagusian itsasadarrean antolatzen den arrantza eskolaren lehiaketan parte hartzeari uztea, eta beren programatik ezabatu zuten. Halere, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bizkaiko Arrantza Federazioak antolatzen jarraitzen dute, partaide kopuruak urtero behera egiten badu ere.

Zirkua eraldatzea

Zirkuaren aurkako protestak izan dira Aste Nagusiko beste klasiko bat. Urtero, Etxebarria parkean, Gran Circo Mundialen karparen azpian, hartzak, elefanteak eta tigreak erabiltzen zituzten zirkuko kudeatzaileek beren saioetarako. Fokuen azpian, akrobaziak egin eta argazkietarako posatzera behartuta egoten ziren. «Kosta egiten zait sinestea pertsona helduek animalion zapalkuntzarik ez ikustea», adierazi du Aitor Garmendia fotokazetariak. Bilboko zirkura sartu zen Garmendia 2016an, animalien egoeraren lekuko izateko: «Animalien portaerak argi erakusten du sufritu duten zapalkuntza eta menperatze prozesua; hots, zenbat zigor, kolpe, oihu eta kate daramatzaten arrastaka».

«Animalien portaerak argi erakusten du sufritu duten zapalkuntza eta menperatze prozesua; hots, zenbat zigor, kolpe, oihu eta kate daramatzaten arrastaka»

AITOR GARMENDIA Fotokazetaria

Hasieran, zirkuaren aurrean izaten ziren protestak, Piztiak-ek bultzatuta; udaletxe aurrera eraman zituztenean, konpartsa gehiago agertzen hasi ziren. Presio sozialak, azkenean, lortu zuen animalia basatien erabilera debekatzea, eta, 2018ko Aste Nagusiaz geroztik, Etxebarria parkean ez da berriro animalia basatien orrorik entzun.

(ID_17243322472765) (/AITOR GARMENDIA) Elefante bat hura garraiatzeko kamioi batean Bilboko Meliá hotel kanpoan, Gran Circo Mundialek ha...
Elefante bat Bilboko Melia hotel kanpoaldean, Gran Circo Mundialek eramanda 2016an. AITOR GARMENDIA

Azken ezpatakada tauromakiari

Zezenketak dira beste jomuga nagusietako bat, egun. Pandemiako geldiunea aprobetxatuta, azken urteetan, zezenketen aurkako mugimenduak eta antiespezistek azken ezpatakada eman nahi izan diete Bilboko zezenketei. Iaz, erantzuna berehalakoa izan zen: tauromakiaren propagandadun kartelak gorriz margotu zituzten, eta aurten, tranbian serigrafiatutako publizitate erraldoia ere zikindu dute. Hortaz, erakunde batzuek lerrokatzea erabaki dute. Historikoki, ohikoa zen zezenketak Aste Nagusiko programazioaren liburuxkan sartzea eta Udal Musika Bandak Vista Alegre zezen plazan jotzea. 2022tik ez da halakorik egiten. Horrez gain, Bilboko Konpartsen federazioak bere burua zezenketen aurkako izendatu zuen 2023an.

Zezenketen aurkako elkarretaratze bat ere izango da gaur arratsaldean.

Antiespezismoa gainontzeko borroka sozialen pare jartzeko esfortzua Aste Nagusian sortzen den giroaren berotan egin da, hein handian. Manifestazio, mekano hodi, txili begano, mozkorren arteko eztabaida eta konpartsa arteko jolasetan, animalien askapenerako aldarrikapen ugari txertatu dituzte aktibistek. Antiespezisten ustez, eragileen arteko sinergiek eta elkarlanak sustatu dute hori, baita beste mugimendu sozialekin sortu dituzten aliantzek ere: feministekin, antifaxistekin, ekologistekin, euskaltzaleekin eta antikapitalistekin egindakoek, kasu. Animalien askapen mugimenduko kideak kontziente dira bide luzea dutela oraindik, baina argi dute Marijaiaren itzalpean eta gainontzeko mugimenduen eskutik xamurragoa izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.