Zientzia

Gizakia benetan zer den erakutsi zuen irudiak 30 urte bete ditu

NASAk birmasterizatu egin du 'Puntu Urdin Zurbila' irudia, 'Voyager 1' zundak Eguzkitik 6.000 milioi kilometrora Lurrari atera zion argazkia.

'Puntu Urdin Zurbila' irudia. NASA
Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 14a
17:36
Entzun

«Begiratu puntu horri. Hau da hori. Hori da etxea. Hori geu gara», idatzi zuen Carl Sagan zientzialari eta dibulgatzaileak Puntu Urdin Zurbila: gizakien etorkizunaren ikuspegia espazioan liburuan (1994). Izan ere, irudiak txundituta utzi zituen Sagan eta garaiko zientzialari eta zaleak. Inork ez zuen inoiz Lur planeta horren urrutitik ikusi. Inork ez zuen inoiz horren argi sentitu zein gutxi den Lurra, gizateria eta, beraz, gizaki bakoitza.

Voyager 1 zundak 1990. urteko otsailaren 14ean egin zuen erretratua. 1977. urtean bidali zuten zunda espaziora, Eguzki Sistema esploratzeko, eta, gero, izarren arteko espazioan jarraitzeko. Saturnoren ondotik pasatu zenean, eraztunen planetaren irudi gogoangarriak hartu zituen zundak, 1980. urtean. Baina Saganek bazuen nahikari bat: Saturno pasatu ondoren, zundari buelta eman nahi zion, haren kamerekin atzean utzitako planeta guztien «familia argazkia» egiteko. Kostatu egin zitzaion NASA konbentzitzea maniobra hori egiteko, irudiak ez baitzuen inolako balio zientifikorik, planetak ordurako urrutiegi zeuden-eta ganorazko irudirik hartzeko. Baina Saganek uste zuen irudiak balio handia izan zezakeela, gizakiei erakusteko unibertsoan benetan zer diren.


Eguzki Sistemaren 'Familia Argazkia', 'Voyager 1' zundak 1990ko otsailaren 14ean aterako 60 argazkiko multzoa. NASA

Atzo 30 urte, zundak kamerak berotu zituen hiru orduz. Orduan, kontrolatzaileek buelta hartzeko agindu zioten Lurretik. Denera hirurogei argazki hartu zituen Eguzki Sistemaren Familia Argazkia egiteko. Horietako bat da Puntu Urdin Zurbila irudia: Irudian ikusten den marra argia Eguzkiak objektiboan sorturiko isla da. Isla horiek ezkutatu zuten Marte. Merkurio ez da agertzen, Eguzkitik hurbilegi zegoelako, eta Pluton txikiegia delako eta urrutiegi dagoelako.

Birmasterizazioa

Irudi historikoaren 30. urteurrena ospatzeko, argazkia gaurko ordenagailuekin eta softwarearekin berriz lantzea erabaki du NASAk. Emaitzan, Lurrak puntu zurbil txiki bat da oraindik, baina argiago ikusten da.


Ezkerrean, 1990ko irudia. Eskuinean, NASAk orain birmasterizatutakoa. NASA

Argazkiak egin ondoren, Voyager 1 zundak kamerak itzali zituen betirako, energia aurrezte aldera. Izan ere, oraindik ere bidaia luzea zuen aurretik. Eguzki Sistematik atera zen zunda 2012ko abuztuan. Ez du bidaia amaitu: espazioan barrena jarraitzen du. Gaur egun, gizakiek inoiz eginiko objekturik urrunena da.

Antzeko perspektiba lortzeko saioak egin dituzte gero ere. Cassini zundak egin zuen bat 2013ko uztailaren 19an. Saturnoren eraztunak ikusten dira lehen planoan, eta urrutian, Lurra eta Ilargia.


'Cassini' zundak 2013an Lurrari eginiko erretratua. Lehen planoan, Saturnoko eraztunak.

Hurrengo saiakera New Horizons zundak egingo du; Lurretik 7.000 milioi urtera dago orain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.