ATZEKOZ AURRERA. Borja Monreal. Idazlea eta NBEko langilea

«Gizakien ahalmena alferrik galtzen ari gara»

Monrealek uste du gizarteak beste aldera begiratzen duela pobreziaren inguruan. Horri buruzko liburu labur bat argitaratu du, «erdian geratzen direnak» konbentzitzeko asmoz.

BERRIA.
Iker Tubia.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Han eta hemen, Afrikan eta Europan ibilia da Borja Monreal (Iruñea, 1984). Kazetaria eta idazlea da, SIC4Change GKEaren sortzaile eta zuzendaria, eta NBEko FAO elkartean egiten du lan. Ser pobre liburua (Pobre izan) aurkeztu berri du Euskal Herrian. Justizia sozialaren aldeko mezua zabaldu nahi du.

Pobre izatea baino gauza negatiboagorik, gutxi. Zer iritzi duzu?

Pobreziaren arazoa indibidualizatu egin dugu. Horrela, norbanakoari egozten zaio bere egoeraren ardura, eta irtenbideak beti indibidualak dira. Baina kontrakoa da: pobrezia arazo sozial bat da. Beraz, irtenbideak justizia sozialaren ikuspegitik etorri behar dira, ez karitatetik.

Porrotaren estigmatizazioak badu eraginik horretan?

Arrakasta eta pobrezia gauza indibidualtzat jotzen ditugu, baina kontrakoa da: arrakasta lortzen dutenak horretara bideratzen dituen inguru batean bizi dira. Horrekin batera, aitzakiak bilatzen ditugu gure moteltasuna zuritzeko: pobrezia pertsona horien errua bada, ez diet zertan lagundu.

Jendeak badaki pobrezia zer den?

Kontua da pobrezia fenomeno erlatiboa dela. Pertsona bat pobrea da bere inguruaren eta antzematen duenaren arabera. Lerro hori lausotzen ari da, gero eta gehiago, komunikabideen bidez askoz ere errazagoa baita ikustea besteek zer duten. Errazagoa da absolutuarekin alderatzea. Nik uste dut bizkarra eman diogula zaurgarritasun eta pobrezia egoerak zer diren ikusteari, eta ez gara ohartzen horren ondorioez.

Zein dira ezkutuan gorde nahi diren ondorio horiek?

18 urterekin, batez ere errefuxiatuek, zerbitzu sozialetarako sarbidea galtzen dute, eta kalera doaz. Aterperik ez, jan gutxi, lana lortzeko zailtasun izugarriak... maila guzietan eragiten die. Hezkuntzan ere eragiten du. Pertsonei bizitzako alor guzietan eragiten die pobreziak.

Pobrezia mundu osoan dago, baina Afrikari lotzen zaio askotan. Zergatik? Urruti egon dadin?

Kanpotik begiratuta, absolutu bihurtzen da pobrezia: zure komunitateko pobrea eta Somaliako pobrea alderatzen dituzu. Kontzeptu berriak behar ditugu: eskasia eta prekaritatea. Baliabide gutxi izateak mugak dakartza, eta horrek erabaki txarrak hartzera eramaten zaitu, presio handia duzulako. Eta prekaritatea da inguratzen zaituen guziak ez dizula uzten erabakiak hartzen, ez duzulako inolako bermerik. Zaurgarritasun egoeran direnak lur labainetan dabiltza.

Liburuan diozu badaudela pobrezia amaitzeko baliabideak, gaitasuna eta talentua. Zergatik ez da amaitzen pobrezia?

Beste alde batera begiratzen dugulako. Zertarako erabiltzen dira horiek? Pertsonak alienatzeko gauzak sortzeko: bideo jokoak, armak... Gizakien ahalmena alferrik galtzen ari gara. Borondatea falta da, eta pribilegio askori uko egitea.

Nola aldatu ikuspegi hori?

Enpatiaren bidez. Lehenbiziko gauza da zaurgarritasun egoeran direnei entzutea, haiek ulertzeko. Solasaldi bat aski da axolagabekeria bukatzeko. Ikuspegi zabalago batetik, desazkunde material eta hazkunde espiritual bati ekin behar diogu, komunitatean gehiago lan egiteko.

Pobreenganako beldurra elikatzen den garaiotan zaila da hori?

Borroka global bat dago beren pribilegioak aldez edo moldez gorde nahi dituztenen eta pribilegioak partekatu behar direla uste dugunon artean. Narratiba positibo bat egin behar dugu kolektiboaren eta sozialaren inguruan, eta gehiengoa konbentzitu, erdian daudenak.

Zure liburua bide horretan doa?

Noski, erabat. Liburu hau oso laburra da, hain zuzen ere, horregatik. Hirurehun orriko liburu bat erosten duena konbentziturik dago. Saiatzen naiz nire aldeko foroak uzten, beste toki batzuetara ailegatzeko. Agian diskurtso eztiagoa egin behar da, baina hori da jende hori justizia sozialaren aldera lerratzeko modua.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oso baikorra naiz. Gero eta mugimendu indartsuagoak daude: gazteena, feminista eta migrazioari lotutakoa. Hiru mugimendu horiek irabaziko dute partida. Baina erresistentzia mugimendu izugarri bat izanen da aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.