Fito Rodriguez. Idazlea

«Gizarte baten adierazle dira zurrumurruak»

'Fake News-ak ez dira atzo goizekoak' saiakeran, Rodriguezek gogoratu du gezurraren erabilera politikan oso aspaldikoa dela.

urtzi urkizu
Donostia
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Saiakera laburren zalea da Fito Rodriguez (Gasteiz, 1955).«Frantzian asko irakurtzen dira horrelakoak», nabarmendu du.

Gezurraren eta albiste faltsuen kontua aspaldikoa da. Zergatik orain hainbeste kalaka fake news delakoekin?

Boladan dago kontzeptua: 2017an, Collins hiztegiak urteko kontzeptu hedatuentzat jo zuen —aurreko urtean, «egia ostea»—. Ilustraziotik sortutako informazio sistemak krisian daude. Hedabide tradizionalak desagertzeko arriskuan daude, piramide demografikoa aintzat hartuz gero. Beste sistema berri batzuk sortu dira. Lehen ahozkotasunean erabiltzen ziren antzeko eskemak sare sozialetan erabiltzen dira orain, eta horietan egia nola eraikitzen den aztertu behar da.

Liburuan 1984ko ZEN plana (Zona Especial Norte) ageri da. Ekintza psikologikoek jarraipena izan zutela gero Ajuria Eneko Itunarekin eta Aljerreko elkarrizketetan. Zein da jatorria?

Garai hartan, Andres Cassinello izan zen ZEN planaren burua.AEBek komunismoaren kontra erabilitako sistemak —mcarthismoa— ekarri zituen. Istorio faltsuak zabaldu zituzten AEBetako aktoreen, gidoilarien eta intelektualen aurka. Istorio bat eraikitzen zuten halako albiste faltsu bakoitzarekin, literatura egiten zuten. Planteamendu horiek II. Mundu Gerratik zetozen: Kalifornian zurrumurruak zabaldu zituzten jatorri japoniarra zutenen aurka, eta atxilotu egin zituzten asko. Narrazio sinesgarriak egoten dira horien atzean.

Michel-Louis Roquettek zurrumurruen inguruko sailkapen bat proposatu zuen doktore tesian. Zein da hobekien funtzionatzen duen konbinazioa?

Pertsona gertuko eta maitatu batek zerbait txarra egiten duenean. Are gehiago, lotzen bada gaixotasun batekin, sexuarekin, diruarekin edo gorde nahi duen sekretu batekin. Kontrastatu gabeko zurrumurruak gizarte baten adierazle dira. Baita aztertzaileak ere, balio dute bizi dugun gizartea aztertzeko. Egun, etorkinei buruzkoak eta ekonomiakoak aztertu beharko genituzke.

Liburuan diozu informazio faltsu bat gezurtatzeak bere horretan ez duela ezertarako balio.

Har dezagun, adibidez, Javier Marotok [PP] Gasteizen etorkinez esaten zuena eta egun ere diru laguntzen inguruan esaten duena. Horri arrazionalki soilik datuekin erantzuten badiozu, jendeak agian gauza bera pentsatzen jarraituko du. Funtsean, zurrumurruek funtzionatzen dute jendeak hori sinestu nahi duelako, etaarrazoia ematen diolako. Kontra egiteko, muin semantikora jo behar da. Zer dago azpian? Kasu horretan, bertakoen beldurra ea kanpokoek agortuko duten laguntzetarako dagoen dirua. Baina ezeztatze hutsak, berez, zabalpen handiagoa ematen dio albiste faltsu bati. Beste erantzun mota bat behar da.

«Edozein albiste faltsu sinestuko dugu, baldin eta gure alde jokatzen badu». Liburuko esaldi hori nola ekarriko zenuke gaur egungo gizartera?

Horretan oinarritzen da gaur egun estrategia komertzialaren gehiengoa, baita propaganda politikoa ere. Horri 'gizarte harremanak' deitzen diote. Enpresa baten gizarte harremanen arduraduna da betidanik propaganda burua izan dena. Bai Bolsonarok bai Trumpek erabili zituzten datuak ez ziren ohikoak izan; normalean aurreko bozetako datuak hartzen dira aintzat. Sistema berriek aukera ematen dute ezagutzeko denbora errealean bozkatu dutenek eta bozkatzen ez dutenek zer nolako gizarte joerak dituzten. Haiengana mezu sinple batekin zuzentzen baldin bazara, irabaziak dauzkazu.

Egunotan halako praktikak gertatzen direla ikusten duzu?

Bai. Zertan ari da egunotan PPko hautagai Pablo Casado? Egunero botatzen du faltsua den zerbait. Zenbait kazetari frogatzen aritzen dira gezurrak direla, baina jende askok ez dituzte irakurriko. Ezin da soilik datuekin eta ikuspegi arrazionalarekin erantzun. Beraiek ulertzen duten sistema semiotikora joan behar da, eta kanala bilatu haiengana iristeko.

Kazetariek zer ardura dute egoera horri aurre egiteko?

EITBk iaz kazetari eskola moduko bat sortu zuen, albiste faltsuei aurre egiteko. El País-ek graduondo bat antolatu du, unibertsitate batekin. Baina hori El País-ek planteatu du duela zortzi urte 500.000 ale saltzen zituelako, eta egun 50.000 besterik ez. Kazetariek, beste herritarrok bezala, antidogmatikoak eta eszeptikoak izan behar dute, eta egia borrokatu.

Bertsio ofizial asko fake-ak izan dira. Liburuan jaso dituzu batzuk. Gaur egun ere badaude?

Katalanen aurka egiten ari diren epaiketarekin egia bat ari dira eraikitzen. Hori hemen 18/98 auzia-rekin gertatu zen: Espainiako estatuak idatzi zuen euskal gatazkari buruzko historia formala eta legala; literaturan Patria dena juridikoki 18/98 auzia izan zen. Orain, gauza bera egiten ari dira katalanen epaiketarekin, eta historia legal bat eraikitzen dute. Fake izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.