Maite H. Mateo argazkilariak (Iruñea, 1978) gizarte eta giza eskubideen gaiak lantzen ditu, batez ere. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Arte Ederretan lizentziatu ondoren, New Yorkera joan zen argazkigintzan trebatzera. New Yorkeko Nazioarteko Argazkigintza Zentroan kazetaritza argazkigintzan graduatu zen, eta Ana Maria Phillips Fundazioak alor horretan eskaintzen duen beka lortu zuen. Freelance gisa aritzen da han eta hemen: AEBetan, Espainian, Indian, Mexikon eta Brasilen, besteak beste. Egun, kazetaritzaren eta argazkigintzaren egoera zaila dela aitortu du, baina bera baikorra da. «Egoera zaila dugu, baina mugitzen bazara, eta, lan handia eginez gero, lortzen duzu zure lana argitaratzea». Aurten, adibidez, Wall Street Journal egunkarian publikatu ditu argazkiak. AEBetan Sandy urakanak utzitako hondamendia egunez egun jarraitu zuen.
Gizarte gaiak dira haren lanaren ardatz: emigrazioa edota gizarte integrazioa. Alor horietan aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeekin batera lan egiten du maiz. Horretaz gain, egunerokotasuna ere harrapatzen du bere kamerarekin. New Yorkeko Harlem auzoan bizi da, eta auzoko bizilagunen bizitzak eta egunerokoak ere badu tokia haren lanean. New Yorken oso gustura bizi da, eta ez du Euskal Herrira itzultzeko asmorik, bisitan ez bada. «Harlemen oso gustura nago. Lasaia da. Azken urteetan segurtasunean irabazi dugu, baina alokairuak garestitzen ari dira. Giroa oso polita da. Auzo izpiritua du, eta auzokideek diosala egiten dizute ondotik pasatzean». Argazkilariari buruz gehiago jakiteko, begiratu haren webgunean: www.maitehmateo.com.
Gizarte gaien lekuko
Maite H. Mateo argazkilariak emigrazioa eta gizarte integrazioa lantzen ditu, batez ere, bere irudietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu