Joxan Izak (Bergara, 1961) prest du, beste behin, Arteko galeria bere pinturak eta ahaztuta ez zituen eskulturak erakusteko. Oraingo erakusketa berezia da, Patxi Hipolito argitaratzaileaomentzeko erabiliko baitu.
Kalegrafietanzehar izena jarri diozu erakusketari. Kaleetan zehar eramango gaituzu erakusketan?
Aurreko erakusketak Eraikuntz izena zuen, eraikuntzen ingurukoa zelako; arkitektonikoa edo urbanoa. Oraingoaren ideia parcours frantsesezko hitzetik hartu nuen. Oztopo esan nahi du hitzak, eta oztopoak saltatzen jarduten dute herrian zehar, kristoren gimnastika egiten. Petril baten gainetik salto egiten dute, adibidez. Ezohiko zirkuitu bat asmatzen dute. Ideia hortik dator: denok leku beretik joan beharrean, beste ideia ezberdin bat; gizarte honetan beste kale batzuetatik joan behar dugula adierazi nahi dut.
Patxi Hipolitori egin diozu omenaldia. Zer suposatzen du zuretzat?
Berezia da. Oso laguna nuen, eta joan den azaroan hil zen. Hark asko lagundu zidan. Aurreko erakusketaren arduraduna izan zen, eta katalogoaren lan guztia hark egin zuen; beti laguntzeko prest. Beraz, gutxienez omenaldi txiki bat egin nahi nion. Horretarako, koadro handi bat jarriko dut erakustokian, lau metro eta erdikoa, eta Patxi Hipolito ibilbidea izena jarri diot, haren omenez.
Hark argitaratutako lanen batean parte hartu duzu?
Kolaborazioak egin ditut. Potxo Edizioak argitaletxearen sortzailea izan zen Hipolito, eta Lope de Agirrek Espainiako Felipe II.a erregeari bidalitako eskutitza euskaratu genuen. Nik azala egin nuen. Orain dela gutxi, Henry D. Thoreauren Desobedientzia zibila liburua aukeratu zuten, eta horren azala ere nik egin nuen. Beti egon gara harremanetan.
Zer alde dago oraingo erakusketaren eta Eraikuntz erakusketaren artean?
Kritika bat egin dit Edorta Kortadik, eta dio erakusketa hura pixka bat ordenatuagoa, orekatuagoa zela eta oraingoa pixka bat kaotikoagoa dela. «Lehen irudia, arkitektura eta humanitatea zena, orain magma, abstrakzioa eta formarik gabeko orbana bihurtu da».
Erakusketan pintura nahiz eskultura erakutsi behar duzu?
Bai. Eskultura batzuk erakutsi behar ditut, 80ko hamarkadakoak. Robot edo metamakinak dira, hondakinekin egindako irudi humanoak. 80ko hamarkadan egin nituen, eta 90eko hamarkadan egin nituenekin elkartuko ditut. Berreskuratu nahi ditut.
Zein material erabiliko duzu?
Eskulturentzat, motore zaharrak, kazeta zatiak, autoen intermitenteen zirkuitua, andereen buruak, egurrak... denetarik pixka bat. Pinturak, berriz, oleoarekin eta akrilikoekin, teknika nahasiarekin egindakoak izango dira. Akuarelak ere badauzkat; ahaztuta izan dut akuarela, eta oso praktikoa da: paperarekin eta ur pixka batekin margotu dezakezu. Teknologiaren mendean akuarela erraz batzuekin lan egin daitekeela gogorarazteko.
Arte munduan aritzea zer da zuretzat? Pintatzeak zer sortzen dizu?
Niretzako, neure burua biltzea edo borobiltzea da. Neure burua topatzen dut, eta pertsona gisahobea egiten nau.
Arte moderno gisa definituko zenuke zure lana?
Modernitatean eta horrelako gauzetan ez dut asko sinesten. Nik badakit oso pertsonala, sabeletik edo tripetatik irtendakoa dela.
Joxan Iza. Pintore eta eskultorea
«Gizarte honetan beste kale batzuetatik joan behar dugula adierazi nahi dut»
Patxi Hipolito editorea omentzeko, erakusketa bat irekiko du artistak gaur, 20:00etan. Irailaren 10 arte Donostiako Arteko galerian egongo da, 'Kalegrafietanzehar' izenburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu