ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Atxa. Argazkilaria

«Gizartea aldenduta dago naturatik»

Animalia basatiei egindako argazkiekin erakusketa bat ondu du Atxak. Txikitatik datorkio naturarekiko zaletasuna, eta, Euskal Herriko mugez harago, Europan eta Ipar Amerikan izan da argazkiak egiten.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Bera
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Basoan argazkiak ateratzeko erabiltzen duen kamera eskuan azaldu da Iñaki Atxa (Elizondo, Nafarroa 1981) Berako Labiaga ikastolan (Nafarroa) duen Basabizitza argazki erakusketara. Argazkilaritza du pasio, animaliei argazkiak ateratzea, eta munduan zehar ateratako argazkiekin osatu du erakusketa Beran. Larunbat eta igande arratsaldetan ikus daiteke; maiatza bukaera arte izango da zabalik.

Euskal Herriko, Europako zein Ipar Ameriketako animalia basatien atzetik ibili zara. Zeren bila?

Beti animalien bila ibili naiz, animalia konkretuen bila. Ez naiz Poloniara zer aurkituko joaten, baizik eta animalia konkretuen bila. Tartean bertze bat agertzen dela, ongi etorria.

Zein da zure helburua?

Nire pasioa da argazkilaritza, eta helburua egiten dudanarekin gozatzea. Behin material grafikoa izanda, horrelako egitasmoen bidez erakustea gustatzen zait, uste dudalako gaur egungo gizartea nahiko aldenduta dagoela naturatik. Natura norberarengana hurbiltzea da helburua, berdin zait sare sozialen bidez edo erakusketen bidez.

Nolatan hasten da bat animaliei argazkiak egiten?

Betidanik dut oroitzapena La 2 kateko dokumentalak ikusten ibiltzen nintzela. Beti nuen buruan animaliak ikustea, baina ez nekien nola egin, Xaloa telebistarekin horrelako erakusketa bat grabatu nuen arte. Ander Olaizolarena zen erakusketa,eta elkarrizketa egin, eta konturatu nintzen kamerari esker lortzen zuela iristea animaliengana.

Hori izan zen abiapuntua?

Nire lehendabiziko argazki kamera erosi nuen, 18-55eko objektiboa zuen, eta mendira joan eta ikusi nuen ez zuela ezertarako ere balio. Ohartu nintzen teleobjektiboak existitzen direla. Ekipo on bat erosi,eta animaliengana hurbiltzeko teknikak ikasi nituen.

Zein dira teknika horiek?

Bi teknika daude, eta bietan jakin behar duzu ongi animaliaren berri, eta eskatzen du aldez aurretiako lan bat. Bat izaten ahal da animaliaren bila joatea, eta bertzea jakinda animalia hori momentu batean pasatu daitekeela toki batetik, hor itxarotea.

Zein izan zen lehen argazki bidaia?

Lehendabiziko urteetan batez ere Baztanen [Nafarroa] egon nintzen txoriekin eta. Gerora ohartu naiz ugaztunek zerbait berezia dutela. Oso zailak dira erretratatzeko, eta zailtasun horrek erakartzen nau. Badut konexio berezi bat ugaztunekin. Euskal Herritik kanpo lehen bidaia Poloniara izan zen, itsas arrano buztanzuriaren bila.

Nola planifikatzen dituzu horrelako bidaiak?

Gaur egun Internetekin gauza horiek pila bat errazten dira, eta horretan gabiltzanok badugu bata bertzearen berri. Polonian biologo batekin paratu nintzen harremanetan, argazkilaria ere bada. Badu txabola txiki bat, ezkutaleku bat, eta hor atera nituen argazkiak.

Nolakoa da bidaia horietako egun bat?

Animaliaren arabera aldatzen da. Finlandian, erraterako, biologo batekin egon nintzen, eta haiek badakite otsoak eta hartzak ilunabarrean ateratzen direla. Orduan, sartzen zara txabolan arratsaldeko lauretan eta hor egoten zara biharamuneko goizeko zortziak arte. Hemezortzi ordu pasatzen dituzu bertan.

Denbora aunitz da hori.

Pazientzia handia behar duzu eta aspertzen ahal zara, egia da, baina hartz bat hurbiltzen zaizu hogei metrora, eta niri dena atzentzen zait. Adrenalina horrek konpentsatzen ditu itxaron uneak.

Zein izan da argazkirik zailena?

Otsoarena. Beti baduzu esperantza puntu bat, baina badakizu ia ezinezkoa dela, oihanean ibili bai, baina ia ez dituzulako ikusten ere. Segur aski gizakiarengatik animaliarik jarraituena da otsoa. Halako beldurra dio gizakiari usaindu hutsarekin ospa egiten duela. Urrunetik bai ikusi izan ditut, baina horrela 50 metrora...

Argazki on bat ateratzeko, zenbat argazki txar atera behar dira?

Aunitz. Hor ere badaude faktore bat baino gehiago: ekipoa, norbere eskua eta klimatologia. Ez dakit portzentaia zein den, baina ehunka argazki txar atera behar dituzu on bat lortzeko.

Zeure burua argazkilaritzat duzu?

Bai, ez profesional bezala, baina bai. Hau egitetik jende guti bizi da; behar duzu ona izan eta zorte kolpe bat.Nik lortu dut orain zaletasunak bere burua ordaintzea. Orain bidaiak argazkilaritzatik ordaintzen ditut. Ez da erraza, eta arras kontent nago.

Zer proiektu dituzu etorkizunean?

Proiektua nuen iaz Finlandiara itzultzeko. COVID-19agatik ezin izan genuen bidaiatu; aurtengo irailera atzeratu nuen. Buruan Norvegiara joatea dut, eta ametsa, Alaska, Errusia... Baina horiek ametsak dira. Eta azkenean hemen mugatzen duena dirua eta denbora dira. Batez ere, dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.