Aurten, ETBn, norbaitek erabaki du emazteki batek irabazi behar duela El Conquistador saioan. Norbaitek erabaki zuen bezala, aspalditik, reality arrunt baten gero eta antz handiagoa izan behar zuela lehiaketa horrek. Beharbada horregatik iduritu zitzaidan, duela bi aste, Julian Iantzi haserre zegoela. Edo amorratua, ez dakit. Erran nahi baita, benetan. Ez zela antzezten ari. Taldean, nonbait, neskek ez zuten bat egiten mutilen kontra, eta, gainera, giro ona zen nagusi. Borrokarik ez, kalapitarik ez, azpijokorik ez. Iduri luke lehiakideek benetan uste dutela egoera kaskar batean bizirik irauteko gauza direla erakustera joanak direla, eta ez asteleheneroko txutxu-mutxu txepelen iturri izatera. Zer profesionaltasun falta!
Gauzak horrela, antolatzaileek berek egin behar izan dute lan guztia. Joan den igandean, neska bat eta bi mutilak harrapatu zituzten tranpak egiten, eta, horren ondorioz, talde osoa zigortu bertze erremediorik ez zuten izan (nik dakidala, soilik Guardia Zibilak du behar den armategia komeni den momentuan atzemateko bezainbertzeko gaitasuna). Espero dezagun, beraz, taldeko giroa gaiztotuko dela hemendik aitzinat.
Onartu behar dugu, halere, Iantzik lan ederra egiten duela. Ongiaren eta gaizkiaren gaineko bere lezio moralak zoragarriak dira, zinez. Espetxeetan ikasi beharko lukete. Igandean, proba galdu ondoren, mutil batek aitortu zuen damu zuela tranpak egin izana, eta barkamena eskatu zien, triste-triste, saioko antolatzaileei.
Ez da harritzekoa Euskal Herrira bueltan igorri izana. Berriz gizarteratzeko prest zegoen.
Maratila
Gizarteratua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu