Sanferminak

Gizonak peñen jabe

Iruñeko peñetako talde feministak berdintasunean aurrera egiteko urratsak eskatu ditu Nafarroako Parlamentuan. Datuek argi utzi dute nabarmen gehiago direla gizonak emakumeak baino.

Gizonak peñen jabe.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Datuak argiak dira: Iruñeko peñetan ere arrakala nabarmena da gizonen eta emakumeen artean. Hamar peñakidetik bi baizik ez dira emakumeak. Ez da hori kide gehienen pertzepzioa, aitzitik; gehienek berdintsuago irudikatzen baitituzte peñak. Iruñeko peñetako talde feministak agerraldia egin zuen ekain hondarrean Nafarroako Parlamentuan, eta han aletu zituzten esku artean dituzten datuak. Kezka agertu dute peñen «gehiegizko maskulinizazioagatik», eta egoera aldatzeko deia egin diete horietako kideei.

Duela hiru urte sortu zen peñetako talde feminista, peñetan eta peñen inguruan dauden «genero desoreken gainean lan egiteko». Ordutik, berdintasunean hezteko tailerrak egin dituzte, pankarten analisia eta dekalogoa prestatu dute, eta aurtengo sanferminetarako kanpaina bat ondu dute. Horrekin batera, peñen erradiografia atera, eta txosten batean bildu dute. «Gure azken helmuga peñetan benetako berdintasuna lortzea da», esan du Maria Irisarri Iruñeko peñetako talde feministako kideak.

Irisarrik azaldu du zein diren lortu beharrekoak: emakumezko bazkideen kopurua gizonenaren «antzekoa» izatea, zuzendaritza batzordeetan ordezkaritza «parekidea» izatea, peñek antolatzen dituzten ekitaldi guziak «inklusiboak» eta «bateratzaileak» izatea, gune guziak seguruak izatea emakume eta neskentzat, eta hizkera inklusiboa sustatzea peñetako barne eta kanpo komunikazioetan.

Rakel Arjol ere talde feministan ari da, eta datuen testuinguruaz hitz egin du: «Sistema heteropatriarkalak peñak ere ukitzen ditu; beraz, peñetan parte hartzen dugun emakumeok zenbait diskriminazio jasan behar ditugu, gizartean gertatzen den moduan».

Pertzepzio makurra

Talde feministak inkesta bat egin zuen urte hasieran, eta 362 kideren erantzunak jaso zituzten. Horietarik 157 emakumeak ziren, 203 gizonak eta bi ez-binarioak. Erantzunetan, agerikoa da pertzepzioa ez datorrela bat errealitatearekin: «Gehiengoak uste du emakumeak egoki ordezkatuta daudela, berdintasuna dagoela zuzendaritza batzordeetan, antolatzen diren jardueretan ez dagoela genero arrakalarik, eta haien peñetako jarduerak ez daudela maskulinizaturik».

Erasoez ere galdetu du talde feministak. Erantzun dutenen %93,9k esan dute ez dutela diskriminaziorik jasan generoagatik, eta %90,3k ez dute uste genero bazterketarik dagoenik. Diskriminazio kasurik ikusi edo halakoen berri izan ote duten galdetuta, %17k baietz esan dute. «Halere, diskriminazio kasu jakinei buruz galdetuta, erantzun dezente jaso ditugu».

Egoera ikusita, Marta Aparicio talde feministako kidea argi mintzatu da: «Peñetan maskulinizazioa erabat neurrigabekoa dela berretsi dute datuek; beraz, neurriak hartu behar dira horri aurre egiteko». Horrekin batera, «batez ere» besta giroan izaten den indarkeria erauzteko lanean jarraitzeko deia egin du. Aurten eraso sexisten kontrako kanpaina prestatu dute, eta bideo batean jaso dituzte besta giroan gizonek egiten dituzten erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.