Ainara Castellanos-Rubio.
Argi aldian

Glutenaren aurkako edabea

2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Glutena garagarra, zekalea, garia eta antzeko zerealetan dagoen proteina bat da. Proteina horrek elastikotasuna ematen dio ogiaren eta opilen oreari. Noizbait glutenik gabeko croissant bat jan baduzue, badakizue zertaz ari garen. Azken urteetan glutenik gabeko produktuak ospetsuak bilakatu dira, eta supermerkatuetan mota guztietako gluten-free elikagaiak topatu ahal ditugu. Baina errealitatea da glutena berez ez dela ez txarra, ez toxikoa; hori bai, predisposizio genetikoa duten pertsonengan, gaixotasun zeliakoa eragiten du.

Gaixotasun zeliakoa eritasun autoimmune bat da. Hau da, zeliakoen immunitate sistemak gaixoen hesteei erasotzen die, agente arrotz bat izango balitz bezala. Eraso hori genetika jakin bat duten pertsonengan gertatzen da, horiek glutena jaten dutenean. Beraz, gaixotasun zeliakoa tratatzeko existitzen den aukera bakarra da bizitza osorako glutenik gabeko dieta hertsia egitea. Glutenik gabeko dieta egitea ez da erraza, eta askotan kutsadurak gertatzen dira, hestean kaltea sortuz eta luzera begirako beste zailtasun batzuk areagotuz. Hau guztia kontuan izanda, guztiz beharrezkoak dira tratamendu alternatiboak edota nahigabeko kutsaduren efektuak murrizten dituzten beste aukera batzuk.

Sendabelar batzuen gaitasun terapeutikoa antzinatik ezaguna izan bada ere, haien funtzionatzeko modua, orokorrean, ez da deskribatu. Hots, kurkumaren gaitasun antiinflamatorioa ezaguna izan da denbora luzean, baina ez da orain gutxira arte deskribatu landare baten sustraietatik datorren espezie horrek zelulen RNA eraldatu ahal duela. Kurkuma ez da RNAn eragiteko gaitasuna duen landare bakarra. Berriki, Txinako talde batek adierazi du salbia landareak ere ahalmen hori duela. Gure taldeak egindako ikerketa batean, glutenak ere RNA aldatu duela ikusi genuen, eta, ondorioz, inflamazioa bultzatzen duela. Aurkikuntza honen ondoren, geure buruari galdetu genion salbiak horren aurrean zer egin zezakeen. Hau da, jakin nahi genuen ea salbiak saihestu ahalko zituen glutenaren ondorioz gertatutako RNA eraldaketak, eta, horrela, hesteko inflamazioa murriztu.

Galdera horrekin, lanari ekin genion nazioarteko talde batekin elkarlanean. Lehenik eta behin, zelula kultibotan baieztatu genuen salbiaren gaitasuna glutenak eragindako inflamazioa murrizteko. Bigarrenik, saguetan egin genuen saiakuntza, eta glutena eta salbia hartzen zuten saguek glutena bakarrik hartzen zutenek baino heste osasuntsuagoa zutela ikusi genuen. Azkenik, gaixo zeliakoen hesteko biopsietan probatu genuen salbia, eta kasu horretan ere inflamazioa jaitsi egin zela ikusi genuen.

Aurkikuntza honekin, glutenak eragiten duen inflamazioaren aurkako konposatu natural bat deskribatu dugu. Sendabelar hau ez da mirarizko antidoto bat, baina gluten kutsadurek eragiten dituzten sintomei aurre egiteko baliagarria izan daiteke. Oraindik badago lana egiteko, salbia gaixoetan probatzea kasu, baina hemen benetako edabea talde desberdinen ikerketa lanak izan dira. Ikerkuntza izango da gaixotasunen aurkako erantzuna emango diguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.