Barkatuko ote dizkidate Anjel Lertxundik eta Harkaitz Canok maileguz mozorrotutako lapurretok. Gauza da asteazkenean gogoetarako bide gozagarria eman zidatela haien idazkiek.
Eguna hasi berritan, Anjel Lertxundiren eguneroko zutabea gosaldu nuen kafetan bustia. Gertakariak izenekoan, egungo albisteei inguruko hausnarketa. Adibide zerrenda baten ondoren: «Gertakariak dira. Prentsako titularrak eta prentsaren arreta merezi duten kontuak. Zerbaitek gertatu behar du, kazetaritzak zer kontatua izan dezan»... «Gertatu, ordea, gauza asko gertatzen zaigu egunero. Mirari hutsak diren kontuak. Arnasa hartzetik hasita. Mirari bat da bi pertsonen arteko komunikazioa eta ekaitz erabatekoa komunikatu ezina: gertakariak biak ere. Gertakarien hari mehe bat da bizitza. Tsunamia eta arnasa hartzea, biak dira gertakari. Baina bietako bat baino ez da albiste. Hori da aldea. Zorionez».
Arratsalde erdian, bigarren kafearekin, Harkaitz Canoren Bizkarrean tatuaturiko mapak nuen eskuen artean. Belgrado izeneko kontakizunera iritsi eta: «Zinez asko daukagu ikasteko Belgradoko ikasleengandik. Duela hamar bat egun ikusi nuen lehen argazkia egunkarian. Moztu eta mahai aurreko kortxoan itsasteko modukoa zen; ikasle gazte batek Lucky Strike zigarro bat eskaintzen zion antidisturbioteko lehen lerroan zegoen poliziari»... «Horretxek eman zidan atentzioa lehenbizi: antidisturbioak irribarre egiten zuen»... «Ez zen ordea hor bukatu kontua. Joan zen astean, beste argazki bat aurkitu nuen egunkarian, aurrekoaren moduko zuri-beltzeko erradiografia. Oraingoan, antidisturbio lerroaren aurrean neska bat zegoen, ikaslea hau ere, eta gailetatxo bat eskaintzen zion poliziari, parke zoologiko batean balego bezala. Oraingoan ere, antidisturbioak irribarre egiten zuen. Lehen argazkia nahiz bigarrena ikustean zalantza berarekin geratu nintzen: poliziek onartu ote zituzten ikasleen zigarro eta gailetak? Artikuluak goitik behera irakurri banituen ere, ez zen bertan horrelakorik zehazten. Nik ez dakit zertan daukaten burua kazetariek azken aldi honetan. Xehetasunik garrantzitsuenak ahazten zaizkie beti».
Kontrajarriak iruditu zitzaizkidan hasieran, osagarriak gero. Zergatik, pentsatuko duzue. Nahiago zuek ere gogoeta gozagarria izaten baduzue. Kontatuko dizuet hurrengo batean, ados?
Komunikazioa. Ekografiak
Gogoeta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu