Pintxoa euskal sukaldaritzaren ezaugarri bereizgarrienetarikoa da. Euskal Herriko mugetatik kanpo ere euskal gastronomia ospetsu egin du tabernetan jateko modu horrek. Euskal sukaldaritza eta bereziki pintxoak sustatze aldera, Hondarribiko Ostalaritza elkarteak Pintxoak 2012 liburua argitaratu du. Euskal Herriko pintxo txapelketan lehiatutako sukaldarien errezetak bildu, eta euskal gastronomiaren ondarea denentzat eskuragarri jarri nahi izan dute liburuaren bultzatzaileek.
«Euskal Herriko pintxo txapelketan jazotakoaren isla eta laburpena da liburua». Hitz horiekin laburbildu du liburuaren funtsa Miguel Soto Hondarribiko Ostalaritza Elkarteko presidenteak. Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian. Liburua pintxo sukaldarientzako omenaldia izatea nahi dute, Sotok azaldu duenez. «Jatetxeko sukaldari handienen lana ez bezala, askotan oharkabe igarotzen da beste sukaldari horien lan ezkutua. Liburuari esker, Euskal Herriko tabernetako barretan dauden pintxoen autoreei izen-abizenak jartzen zaizkio», adierazi du.
Liburuan txapelketaren azken fasera ailegaturiko sukaldarien lanen 70 errezetak aurki daitezke. Errezetaren argibideak hiru hizkuntzatan idatzi dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrez gain, txapelketako argazkiak eta aurreko urteetako irabazleen pintxoak ageri dira.
Liburua edonorentzako modukoa da. Sukaldeko profesionalentzat lan tresna eraginkorra izateaz gain, sukaldean ibiltzea gustuko dutenentzat ere aisiarako tresna egokia izan daiteke. «Pintxoak egiten hasi nahi duenarentzat ere egokia da liburua», esan du Sotok. Goi mailako pintxoak etxean norberaren kabuz egiteko aukera ematen du liburuak.
Gastronomiari buruzko liburuen artean azken urteetan erreferentzia bihurtu da Euskal Herriko pintxo txapelketaren liburua. Iazko liburuak gastronomia alorreko Euskadi saria jaso izana da horren seinale.
Hondarribiko ostalaritza sektorea goraipatu du Roke Akizu Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak: «Mundu mailan euskal gastronomiaren erreferente da». Sektoreak azken urteetan egindako lan eskerga eta jasotako aitortzak ere aipatu ditu Akizuk. TheNew York Times AEBetako egunkariak Hondarribiko gastronomiari buruz eginiko erreportajea jarri du adibidetzat.
Ostalariek egindako lana publikoari erakusteko gaitasunak gastronomia eta enpresa eskoletan lekua izan beharko lukeela esan du Akizuk. «Eredu da merkataritza dinamizatu nahi duten eta bisitariak erakarri nahi dituzten herrientzat».
Urte osoan bisitari mordoa ailegatzen dira Euskal Herrira, horietako asko euskal sukaldaritzaren izen onak erakarrita. Gastronomiak Euskal Herriko turismoa sustatzen egiten duen akuilu lanak bultzatu ditu pintxoen liburua ingelesez ere argitaratzea. Liburua AEBetan argitaratzeko asmoa dute, bai paperean, baita edizio digitalean ere. Hilabete batzuen buruan edizio digitala prest egotea espero dute. Liburua saretik hartu, eta sakelakoan eta beste motatako euskarrietan irakurri ahal izango da.
Pintxoak 2012 errezeta liburua aurki egongo da salgai liburu dendetan. www.campeonatodepintxos.com webgunean gaurtik aurrera eskura daiteke, 30 euroren truke.
Chips'yron txapelduna
Euskal Herriko pintxo lehiaketak sukaldari onenak elkartu zituen Hondarribian iragan urrian. 77 tabernatako sukaldariak lehiatu ziren pintxo onenaren txapela eskuratzeko, eta euskal gastronomiaren maila bikaina erakutsi zuten.
Iñaki Rodaballo sukaldariak prestatu zuen Chips'yron pintxoa gailendu zen lehiaketan. Epaimahaiak aho batez eman zion lehenengo postua ron ukituko txipiroiez eginiko pintxoari.
Goi mailako pintxoak, etxean
Euskal Herriko pintxo txapelketan parte hartu zuten sukaldarien pintxoak liburu batean bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu