Elkartasuna

Goierri Eskolakoek bukatu dute Senegalera bidaltzeko bizikleta

Aziz Ndaye gazte senegaldarrarentzat egin dute bizikleta egokitua. Gazteak elbarritasun bat du, eta hamar kilometrora dauka eskola. Bizikletari esker, goi mailako ikasketak egin ahal izango ditu

Goierri Eskolako eta Kellesensa GKEko kideak, bizikleta egokituarekin. GOIERRI ESKOLA
ane insausti barandiaran
2021eko ekainaren 11
12:43
Entzun

Esku baten gainean, pikotxean mugitzen da Aziz Ndaye 18 urteko mutil senegaldarra, hanketan malformazio bat baitu. Mugitzeko gaitasuna baduen arren, ez du nahikoa indar zutik jartzeko. Gurpildun triziklo bat erabiltzen du gaur egun hamar kilometrora duen eskolara joateko, baina txiki eta zaharkitua geratu zaio. Horregatik, Kellensesa GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta Ordiziako Goierri Eskolak (Gipuzkoa) elkarlanean, bizikleta egokitu bat eraiki dute Ndayerentzat. Bihar bidaliko dute bizikleta Senegalgo Kelle herrira.

Erakundeko kideek Kelle herrira egindako bisita batean ezagutu zuten Ndaye, eta, bizikleta egiteko ideia buruan zutenez, Goierri Eskolako zuzendaritzari proposatu zioten. Hamabi ikaslek parte hartu dute proiektuan, eta kate bat izan da prozesua. Lehenik, Administrazioa eta Finantzak zikloko ikasleek proiektuaren bideragarritasun plana egin dute, eta hainbat erakunde eta enpresarekin harremanetan jarri dira finantzaketa lortzeko. Poltsak, maskarak eta ilerako zintak ere saldu dituzte. Ondoren, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ziklokoek atalez atal diseinatu dute gaztearen beharretara egokituko den bizikleta; eta, azkenik, Soldadura eta Galdaragintzako ikasleek eraiki dute.

Ikasketetan ez ezik, aisialdian ere lagunduko dio bizikleta berriak Ndayeri, Kellensesa GKEko Jose Martinek azaldu duenez: “Inguru haietan, kalera irten eta bizilagunekin elkartuta berriketan aritzea da aisialdirako aukera bakarra. Beraz, bizikleta berriak sozializatzeko aukera ere emango dio”. Bizikleta egokituaz gain, ordenagailuak, medikuntza materiala eta bizikleta gehiago bidaliko ditu erakundeak, beste haur batzuk ere eskolara joan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.