Zer da Baserria,Natur Eskola Bizia?
Goierri garaian beste dimentsio eta garai batzuetara garaman zulo kosmikoa dago. Sei baserrik eta azoka batek —guztira zortzi jarduera— osatutako oktogono magikoa, Bermudako triangelua baino askoz hobea eta arriskurik gabekoa. Baserrietako atariak eta Ordiziako enparantza dira denboraren tunelean norabide bietan barneratzeko sarbideak. Esperientziaz beteriko tourra da, aizue: ardi-esnea gazta bihurtu; eztia batu; ogia egin; azokan baserritarrekin tratuan ibili; norberaren abarkak josi... Gidari paregabeen eskutik, lehenagoko mundua eta bizimoduak ezagutuko ditugu; baserriak egungo bizimoduan, gure kulturan eta paisaian duen garrantziaz ohartuko gara.
Baserria, Natur Eskola Biziak ia hogei urte inguruko ibilbidea du jada. Goierri garaiko baserritarren artean martxan jarritako esperientzia da. Hasieran zazpi baserritar antolatu ziren, Goimen Landa garapen elkartearen eta udalen laguntzarekin. Xedea: baserrien baliabide ugariak ume zein nagusien heziketarako erabiltzea, teoria apur bat eta praktika asko baliatuz.
Proiektuaren garapenerako oso garrantzitsua izan da udalen eta aldundiaren parte hartzea eta, noski, baserritarren erabateko inplikazioa: baserritarrak dira gida eta begirale, hirutik sei ordura irauten duten ekintzatan. Irakasle trebatuen laguntzarekin, baserritarrak izan dira aktibitateak diseinatu dituztenak. 2010etik, gainera, euskarazko material didaktiko osoa eskaintzen dute interneten (www.natureskolabizia.com). «Ekintzaren aurretik eta ondoren lantzeko material didaktikoa ematen diegu bisitan etortzen diren taldeetako arduradunei. Material horrek asko errazten du bisita, aldez aurretik landutako apurrarekin parte hartzaileak gaian sartzen direlako eta amaitutakoan ondorioak ateratzeko bidea ematen dielako».
Ogigintza, erlezaintza eta frutazaintza ekologikoak, abeltzantza-gaztagintza, abarkagintza, ortua-loreak eta azoka dira gaur egungo aukerak. Jarduera bakoitzak leku jakin batera garamatza: mendeetan zehar pilatutako jakituriaren mapa lagun dugula, iraganetik orainerainoko bidaia osatuko dugu. Horrela, gogoeta asko eginez, aurretik pentsatu gabeko faktore ezkutuez ohartuko gara.
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Goierriko oktono magikoa zain dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu