Patxadan egoteko leku aproposa da Oiangu parkea. Goierri haranaren erdian dago, eta Ordiziako gune berde bakanetako bat da. Lekurik altuenetik, Otasoko gailurretik, hegoaldera begiratuta Aralar eta Aizkorriko mendilerroak ikusten dira, eta iparraldean, berriz, Murumendi mendiaren gailurra. Aitzakia nahikoa dira familiarekin edo lagunartean egun-pasa eder bat egiteko, horrelako paisaiekin ezer gutxi behar baitu gizakiak ongi pasatzeko.
Oiangu baserria da parkeko eraikinik esanguratsuena. Han jaio zen duela bost mende inguru Frai Andres Urdaneta kosmografo eta itsasgizon ezaguna. Ordiziako hirigunean, Zabala etxe jauregiaren parean, bada haren estatua bat. Filipinetatik Acapulcorako bidea aurkitzeagatik eta dokumentatzeagatik lortu zuen ospea, eta hainbat txoko eder ezagutuko zituen bidean, baina ziurrenik Oiangu ingurua izango zuen, gustukoen ez bada, maitatuen.
Egun baserriaren aurrealdean hainbat mahai eta aulki daude, baita erretegiak ere, bertan janaria egin nahi duenarentzat. Horretantxe dihardu gazte kuadrilla batek, eta badirudi gose direla, Ordiziatik oinez joan baitira. «Ez hasi jaten», deiadar egin die txantxetan mutiko batek sukaldean ari direnei.
Futbol zelaia, saskibaloian jolasteko gunea eta haurrentzako jolas parkea ere baditu Oianguk. Gizon bat bere hiru haurrekin eserita dago xukadera baten gainean. Estanpa lasaia dirudi, baina nahiko lan badu gizonak hiru haurren urezko pistolak betetzen eta bera ez bustitzeko esaten.
Ondoko mahai batean dauden bi haurrek ere gustukoa dute urarekin jolastea, behin eta berriz iturrira joaten baitira freskatzeko aitzakiarekin elkar bustitzera. Horrenbeste jolasekin, ordea, gosetu dira horiek ere eta ogitarteko batzuk erostera joan dira amonarekin tabernara. Benetan gose direla dirudi, ordaintzerako poltsa hartu, eta arineketan itzuli baitira mahaira. Barre egin du orduan zerbitzariak, «ezin itxaron; badakizu, horrelakoak dira umeak», erantzun dio amonak.
Aisia gunearen ertzean dagoen landare hesiak zehaztutako bidetik segituz gero, Goierri aldeko beste leku ederrenetariko batera iristen da, Lazkaomendira. Auzo horretan aski ezaguna den beste pertsona bat jaio zen: Lazkao Txiki. 1926an jaio zen, Abalin baserrian, Lazkaon altuen dagoen etxean, hain zuzen ere. «Zu izan ziñan nere sortetxe, babesa eta tokia, palazio bat etzera baiña neretzat berdingabia», zioen bertsolariak.
Lazkaomendi eta Larraitz
Paisaiaz beste era batera gozatu nahi duenarentzat, berriz, bada zalditegi bat inguru horretan ibiltzeko zaldiak alokatu ahal izateko. Aurrera segita, Lartxai Lazkaomendiko gainean, Baserritar Elkartea dago, duela gutxi arte eskola izandakoa.
Lazkaomendi auzoaren eta Oiangu parkearen atze-atzean goierritarrentzako beste ikur kutunetariko bat ageri da dotore: Txindoki mendia, Larrunarri edo Ñañarri ere esaten diotena. Ez da Gipuzkoako mendirik altuena, baina bai esanguratsuenetako bat, haren itxura berezia dela eta. Mitologiak dioenez, euskal Olinpoko Mari jainkosak Txindokiren gailurrean du bere bizilekuetako bat.
Magalean ere jende ugari biltzen da udan eta asteburuetan, batik bat. Hor ere mahaiak, iturriak eta aterpea daude, baita zenbait jatetxe eta Mariren Zuhaiztia abentura parkea —aurten irekia—. Maila eta adin guztietarako lau zirkuitu daude parkean, zuhaitzetik zuhaitzera eta adaxkatik adaxkara jauzika ibiltzeko.
Udako plaza
Goierriren bihotzean
Ordiziako Oiangu parkean lasaitasuna da nagusi, eta paisaia ederrak ikusten dira handik: esate baterako, Aralar, Aizkorri eta Murumendi. Mahaiak, erretegiak eta jolas parke bat ere badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu