Gora Iruñeak badu gunea

Beharrezko tramiteak jarraituz gero udalak gunea jartzeko baimena emanen diela esan die Fermin Alonso Kultura zinegotziakGaur hasiko dira muntaketa lanekin Iruñeko Runa parkean, goizeko hamarretan

Baimenak izan arte ezin zutela gunea muntatu esan zieten udaltzainek plataformako kideei. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Deusen okerrik ez bada, Gora Iruñea herri ekinbideak gunea izanen du Iruñeko sanferminetan. Behar diren tramiteak egin eta baimenak eskatzen badituzte gunea Arrotxapeako Runa parkean jartzen utziko diela hitzeman die Fermin Alonsok, Iruñeko Kultura zinegotziak. Gaur hasiko dira muntaketa lanekin, goizeko hamarretan.

Aurten bai! dio Gora Iruñea herri ekinbidearen leloak, eta badirudi sanferminetarako prestatua duen egitaraua egiteko aukera izanen duela. Goiz mugitua izan zuten atzo ekinbideko kideek. Zortzietarako, udal erregistroan ziren, Runa parkean, beren gunea jartzeko eskaera egiteko. Eskaera egin eta gero, Enrike Maia alkatearekin bilera eskatu zuten haren baimena lortzeko, baina alkatetzak erantzun zien aste honetan ezin duela bildu. Hamarretarako, Arrotxapeako Runa parkera jaitsi ziren Gora Iruñeako kideak, jaietarako gunea prestatzen hasteko, baina han hasi ziren trabak. Hogeita hamar bat herritar bildu ziren Runan, sanferminetarako gunea muntatzeko asmoz. Zati bat hesiz inguraturik dago, txakurrak aske ibiltzeko txokoa ere bai, eta haiek kentzekotan ziren han bildutakoak. Baina, ordurako han zegoen udaltzain talde batek hori egiteko baimenik ez zutela esan, eta lanean hastea eragotzi zien.

Herri ekinbideko lagunak udaletik zein agindu iritsi zain zeudela, Espainiako Polizia ere agertu zen. Ikusirik udaletik ez zela baimenik ailegatzen, udaletxeko plazara abiatu ziren belardian ziren herritarrak. Behin udaletxeko plazan, Gora Iruñea plataformako bi kide udaletxean sartu ziren, alderdiekin hitz egiteko. Besteak, bitartean, plazan eserita gelditu ziren, zain.

Oposizioarekin bilera

Iruñeko Udaleko oposizioko bi alderdirekin, Bildu eta PSNrekin egon ziren Gora Iruñeako bi ordezkariak. Bildu zein PSN mintzatuak ziren jada Fermin Alonso zinegotziarekin. Muntatzeko baimena izanen dutela aurreratu zien, baina azpiegitura jartzeko beharrezkoak diren paper guztiak eraman beharko ditu herri jaien aldeko plataformak, behin betiko baimena lortzeko. Jakina da baldintzak betetzen dituela, iaz Runa parkean gunea jartzeko lehiaketan parte hartu baitzuen, eta baldintza horiek ez baitira aldatu.

Enrique Maia Iruñeko alkateak eskatuta, lehiaketara aurkeztu zen iaz Gora Iruñea plataforma. Haien eskaintza zabalena izan arren, aurkeztutakoen artean puntu gutxien lortu zituen. «Iruzurra» egin zitzaiela salatu zuen orduan plataformak. Horregatik ez dira aurten lehiaketara aurkeztu. Aurtengo deialdia hutsik gelditu da, eta Arrotxapeako Runa parkearen gunea lortzeko bide administratiboa zabalduko zuela esan zien Gora Iruñeko ordezkariei Fermin Alonso Kultura zinegotziak joan den larunbatean, telefonoz. Paper batzuk atzo bertan aurkeztu zituzten, baina beste batzuk —tramite luzeagoak jarraitu behar dituztenak— astean zehar aurkeztuko dituzte. Oposizioko alderdiekin bildu ondoren, Hiri Segurtasuneko arduradunekin ere bildu ziren atzo, baimen kontuak zehazteko. Udal arduradunen baiezkoa lortu ondoren, udal plazan eserita zeuden lagunek alde egin zuten.

Gaurtik aurrera ekinen diote gunea muntatzeari. Goizeko hamarretatik aurrera lanean hastekoak dira Gora Iruñea herri ekinbidean dauden taldeetako lagunak. Hainbat azpiegitura enpresekin hizketan ari dira gaur lanean hasteko. «Uztailaren 6tik aurrera eta uztailaren 14ra arte, zorionez, eta, behingoagatik, jai gune herrikoia, euskalduna eta parekidea izango dugu sanferminetan», zioen atzo Xabier Garciak, Gora Iruñea taldeko kideak, pozik.

Gora Iruñeak bi agertoki jarriko ditu Runa parkean. Bat handia, musika kontzertuetarako, eta, beste bat txikiagoa, beste ekitaldi batzuetarako: bertsolariak, haurrentzako pailazo emanaldiak... Bi gune estali ere jarriko dituzte, baita sukaldea eta jantokia ere. Hortaz, nahi duenak hara eman ahal izanen du otordua, edo gunean bertan erosi. Krisi garaietan, aukera guztiak eman nahi dizkiete jaia egin nahi dutenei.

Dena dela, iragan maiatzean aurkeztu zuten sanferminetarako egitaraua ez dute erabat beteko, arazoak izan dituztelako taldeak eta azpiegitura enpresak kontratatzeko. Gunea ziurtatuta ez izatean, talde batzuek esan zieten ez zirela joango. Izan ere, iragan urtean galerak izan zituzten udalak haien eskaintza ez onartzean. Horiek horrela, maiatzeko egitaraua berriro osatzen aritu dira asteburuan. Egitarauaren %80 edo mantenduko dutela diote. «Euskal Herria jaietan da uda osoan, eta, joan den urtekoa eta gero, askok ez dute sanferminetara etortzeko hitzik eman», zioen penatuta Garciak. Behin gunea lortuta, sanferminetan Iruñean aritu nahi duten taldeei dei egin zien: «Taldeei gurekin harremanetan jartzeko eta gurekin herri sanferminak ospatzera etortzeko gonbita egin nahi diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.