Iñaki Egaña. Historialaria eta idazlea

«Gordetako lekukotasunak egoera astindu eta ikerketak hasteko abiapuntu dira»

Francoren garaiko kronika soziala eta politikoa egin ditu Iñaki Egañak 'Frankismoa Euskal Herrian: behin betiko konponbidea' liburuan, eta horretaz eta urte haietako historiaz mintzatuko da Donostian.

BERRIA.
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Urte luzeetan ikertzen eta elkarlanean aritu ondoren, Frankismoa Euskal Herrian: behin betiko konponbidea liburua aurkeztuko du gaur Iñaki Egañak (1958, Donostia), 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.

Liburuaren izenburuak konponbidea aipatzen du, hain zuzen, Euskal Herria konponbidearen bidean dagoenean. Kasualitate hutsa?

Txiripaz izan da. Baina uste dut saio batzuk egin direla konponbidearen ateak ixteko, eta frankismoarena, hain zuzen, horietako bat izan da. Ez bakarrik konponbideari ateak ixteko, baita euskal nortasunari ere. Historia izozmendi bat bezalakoa da: punta bat azalean dago, eta bestea ur azpian. Ezkutatua dagoena Euskal Herriari dagokion zatia da. Eta, konponbidearen bidean, hori irauli egin behar da. Historialarien lana ez da gertatu dena azaltzea, baizik eta ikusi ez dena azaleratzea. Eta frankismoaren inguruan iluntasun handia dago, ez da ozen hitz egiten horren inguruan. Etorkizunari begira asko dago lantzeko.

Horren harira, klandestinitateko lekukotasunak ere jaso dituzu, ezta?

Bai, ez da dokumentazio lan hutsa. Lekukotasunak abiapuntu izaten dira egoera astintzeko eta ikerketak abiatzeko. Baina lekukotasun eta dokumentazio asko dago oraindik jasotzeke. Horrelako lan mardulek azterketari bultzada ematen diote, bestelako bideak ikertzeko, herriz herriko lanak, mikroistoriak, eta abar. Izan ere, beldurra hor dago, bereziki 36ko gerraz hitz egiteko.

Frankismoaren inguruko liburu ugari idatzi dira, zer du berri zure liburuak?

Alde batetik, lurraldetasuna. Zazpi probintzietako ikuspegi historikoa lantzen saiatu naiz, bai errefuxiatuekin, bai pasarte bereziekin: naziekin eta kontrabandoa- rekin lotutako sareak, mugak... Eta, bestetik, Euskal Herria ardatz izatea. Espainia kontuan izanda baina perspektiba galdu gabe; AEBetan eta Europan gertatutako hainbat gauza ere ulertu behar dira, Gerra Hotza adibidez. Eta, azkenik, hegoaldeko hiriburuak. Nahiz eta liburuak hamasei atal izan, lau bihotz ditu. Donostia: frankismoaren azal moduan, Francoren oporlekua izan baitzen. Bilbo: bihotz ekonomiko gisa. Gasteiz: Elizaren bihotza. Eta, azkenik, Iruñea. Azkeneko hori konplexuagoa da, baina, berez, frankismoaren alde ideologikoa izan zen.

Liburua, baina, hausnarketa bat baino gehiago da.

Hilabetez hilabeteko kronologia bat eta 2000 argazkitik gora biltzen ditu. Historialariek askotan hausnarketa orokorrak egiten ditugu eta mikroistoriak alboratu. Baina aditu ez direnentzat mikroistoria horiek lagungarri dira gaia ulertzeko. Azkeneko hamar urteotan, Francoren garaiko egunkariak egunez egun irakutzeko aukera izan dut: La voz de España, ElDiario Vasco, Euzko Deya, eta abar. Horrek asko lagundu dit kronologia sozial bat egiteko eta liburua arintzeko. Irakule guztietara iristea garrantzitsua da, eta kronologiak oso harrera ona izan du aditu ez diren irakurleen artean. Denongana iristea eta ahalik eta didaktikoena izatea da nire estiloa.

Ondotik, beste liburu batek jarraituko dio?

Epe luzera, baliteke. Material asko alboratuta gelditu da, bereziki erbestean eta espetxeetan gertatutakoa, osterantzean liburu potoloegia zelako. Hemendik urte batzuetara, beste lan bat kaleratzeko aukera izango dudalakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.