Ezarian. Ilustrazioa

Gordintasun irudikatua

Javier Ruiz 'Txori' ilustratzaileak bere lehen liburua argitaratuko du. Bertan, musika taldeentzat hogei urtean egin dituen azal eta kartelak topa daitezke. Hardcore eta punk taldeentzat lan egiten du, batez ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hogei urtean egindako milaka marrazki gordetzen ditu Javier Ruiz Txori portugaletetarrak (Bizkaia) etxean. Gaztetatik izan du afiziotzat marrazkigintza, eta ofizio bihurtu ez baldin badu ere, lan handia egin du musika eta marrazkigintza uztartzen. Hamaika talde eta fanzinerentzako azalak egin ditu, baita elastikoak, kontzertuetako kartelak eta logotipoak ere. «Batez ere, hardcore eta punk taldeentzat lan egiten dut», dio. Eta musika estilo horrek daukan garraztasun eta gordintasuna ilustrazioetan sumatzen da: «Talde makarrentzat egiten ditut; beraz, zer nahi duzu egitea?», dio.

Irudi kritikoak dira asko, nahiz eta egileak ez duen horretarako asmo berezirik. «Burura datorkidana irudikatzen saiatzen naiz, eta kritikarik izan dezakete, baina ez ditut panfletoak egin nahi». Inspirazioa musika taldeetan bilatzen du, eta helarazten dituzten mezuak marrazki bihurtu. «Beraz, kritika soziala egotea normala izango da».

Hastapenetan, Ezkerraldeko taldeentzat egin zituen marrazkiak: «Portugaleteko gaztetxean ibiltzen nintzen, eta bertatik igarotzen ziren taldeek eskatzen zidaten ea lanik egingo nien». Eta horrela, ahoz ahokoaren bidez, Ruizen lana zabaltzen hasi zen. Euskal Herriko taldeentzat irudiak egitea izan zen hurrengo urratsa, eta gaur egun, bertakoa alboratu gabe, nazioarteko punk eta hardcore eszenari bere ekarpena egiten dio. Besteak beste, Australia, Alemania, AEB, Indonesia, Malaysia, Austria, Finlandia, Argentina eta Kanadako musika taldeentzat egin ditu marrazkiak, baita musika jaialdietarako ere. «Lehen ahoz aho zabaldu zena, orain Interneten bidez askoz gehiago hedatu da», dio. Sarea, beraz, aparteko tresna izan da bere lana hedatzeko.

Lan eskerga horri, gainera, onarpena iritsiko zaio aurki. Izan ere, urte horietan guztietan egin dituen marrazkiekin liburu bat plazaratuko du Banizu Nizuke Portugaleteko elkartearekin. Inprentatik aste honetan jaso dituzte liburuak, eta datozen egunetan salmenta postuetan banatzen hasiko dira. «Pablok [Mendez, elkarteko kidea] nire lanekin liburu bat argitaratu nahi zuela esan zidanean, ez nuen sinesten, nire lana erdi anonimoa izan baita beti». Izan ere, apenas sinatzen duen kartelik, eta bere marrazkiak biltzen dituen webgunean ere ez du bere benetako izena erabiltzen, Jimmy Bananas baizik. Eta Al mal tiempo buena arcada (Eguraldi txarrari goragalea) liburuan ere izen hori jarriko du.

Horrenbeste urtean pilatu dituen marrazkien artean aukeraketa egitea «zaila» izan dela esan du Ruizek: «Etxea marrazkiz josita daukat, eta horietatik askok ez naute konbentzitzen, zaharrek batez ere. Hutsak topatzen dizkiet edonon». Horregatik, azken boladan egindako lanak sartu ditu liburuan, batez ere. Baina zaharrentzako lekua ere utzi du. «90eko hamarkadako marrazkiak sartu ditut, gaur egungoekin alderatuta egon den garapena ikusteko, batez ere». Aukeratutako marrazkien artean, gainera, inoiz argitaratu gabeko lanak ere badaude: «Askotan, disko baten azala egiteko eskatzen didate oraindik grabazio lanak egin gabe daudenean». Edozein modutan, lan horiek bere webgunean ere ikus daitezke: www.almaltiempo.com. Egilearen esanetan, «liburua sareko atariaren euskarri fisiko gisa ulertu behar da, batean dagoena bestean baitago».

Marrazki garbi eta gordinak

Ruizen marrazkien bereizgarrietako bat marren garbitasuna da; lehen kolpean jasotzen da helarazi nahi duen mezua. Eta horixe bera da, haren ustez, kontzertu bateko kartelak, edo disko baten azalak izan behar duen bereizgarri nagusia. «Lehen kolpean jakin behar duzu zeinen kontzertua den, non eta noiz». Beraz, marrazkiak, deigarria eta erakargarria izateaz gain, argia izan behar du. Eta hori agerian geratzen da. Haren irudietan, beraz, gordintasuna eta argitasuna, biak batera sumatzen dira. Batasun hori, ordea, «batzuetan nazkagarri xamarra ere izan daiteke, eta noiz edo noiz esan izan didate hori», aitortzen du egileak.

Horregatik, daukaten mezuarengatik, Jimmy Bananas izenpean sinatzen dituen irudiak deigarriak dira gehienetan. Lehen begiradan ikuslearen arreta erakartzen dute. «Hori ere garrantzitsua da, baina azken finean, disko edo kontzertu horren edukia interesgarria izatea da funtsezkoa, bestela irudiak ez baitu balio».

Alde horretatik, egiten dituen ilustrazioetako talde guztiak ez ditu gogoko Ruizek. Ez baitu horren arabera aukeratzen lan bat edo bestea egin. «Musika baino gehiago, jende atsegina baldin bada, ez dit axola haientzat lan egitea», dio. Tratu pertsonalean oinarritzen da, beraz, talde bati baiezkoa edo ezezkoa emateko.

Irudiak egiteko ardura hartuta, diseinu lan hori orokorrean debalde egiten du. «Egiten ditudan marrazki gehienak hastapenetan dauden taldeentzat egiten ditut, beraz, haiek ere ezer gutxi irabaziko dutenez disko eta kontzertuetatik, doan egiten dizkiet marrazkiak», dio. Talde horiek ezagunak egiten badira «nahi badute nitaz oroit daitezela esaten diet». Azken finean, afiziotzat dauka marrazkigintza, ez ofiziotzat. «Etxean esaten didate ergel samarra naizela, baina nire ilustrazioak orokorrean eszena umiletan agertzen dira. Ni talde hasiberri bateko kide izango banintz ere, gustatuko litzaidake jendeak modu horretan lagunduko banindu», dio. Hala ere, multinazionalen batetik deitu izan diotenean ez du eragozpenik eduki egindako lanaren truke kobratzeko.

Laster barru kalean egongo den liburuak zein harrera izango duen ez daki, «Banizu Nizukeko kideak gustura daude, eta ikuspegi positiboa daukate», dio. Horrenbeste, beste liburu bat argitaratu ahal izateko materiala ere badagoela ikusi baitute. «Hori esan dit niri Pablok, baina ez dakit txantxetan edo benetan zihoen». Kontuak kontu, Ruizek ezagunek eta sarearen bidez egiten dizkioten eskaerei erantzuten jarraituko du. «Astero sei eskaera inguru jasotzen ditut». Beste liburu baterako baino gehiagorako materiala ere egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.