Estilo guztietako musika dantzatu ahal izango dute Donostiako Gros auzoko Zipotz festetara bertaratzen direnek. 3gabe2, Ze Esatek eta Feos Pero Majos musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Katalunia enparantzan, 22:00etan.
Erromeria eta rock doinuak uztartzen ditu 3gabe2k emanaldietan; eRockmeria estiloko doinuekin girotuko dute gaua taldeko musikariek. 2009. urtean sortu zuten bost gaztek Donostiako musika taldea. Gipuzkoako gazteen aisialdian zenbait behar antzeman, eta horiei aurre egiteko helburuarekin elkartu ziren. Jai giroa sortzea izan da hasieratik taldearen helburua.
Rock, reggae eta ska doinuekin mugiaraziko dute gorputza Ze Esatek taldeko kideek. Trikizio eta The Txortains musika taldeak elkartu, eta 2008. urtean sortu zen taldea, banda horietako zenbait kidek AEBetara egindako bidaia baten ostean. Taldearen estilo «bihurriarekin», festa eta parranda sortzea da musikarien helburua.
Punk eta erromeri abestiak eskainiko ditu, berriz, Ugaoko (Bizkaia) Feos Pero Majos taldeak. Bi lan kaleratu zituen taldeak 2008. urtean; Ugaoko festetan emandako kontzertua biltzen duen DVD bat eta Lezoko Gazte Topagunerako Nou fiutxur! abestia. 2003. urtean sortu bazen ere, desagertzear dago orain. Musikariek adierazi bezala, taldearen «hileta elizkizun» bira antolatzen ari dira.
KONTZERTUAK
Noiz. Bihar, 22:00etan.
Non. Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan.
Gorputza mugitzeko gaua
3gabe2, Ze Esatek eta Feos Pero Majos musika taldeek bihar joko dute Gros auzoko Zipotz jaietan, 22:00etan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu