Kantitateak ez ohi du bermatzen kalitatea, eta eski denboraldia luze jo izanak ez du urtaro zuriaren arrakasta adierazten. Asteburuan, eta Aste Santuko opor egunak bukatzearekin batera, itxi dituzte Pirinioetan oraindik zabalik zeuden eski estazioak. Lehenengo elurteak azaroa bukaerarekin batera bota zituela eta abenduko lehenengo astebururako eski estazioetako askok haien pistak ireki zituztela aintzat hartuta, lau hilabetetik gora iraun du aurten denboraldi zuriak.
Azken urteetako luzeena izan da, baina ez arrakastatsuena. Gris ukitua izan du negu zuriak. Egun gehiago ireki izanak ez ditu eskiatzaileak gogobete; elurte handirik ez du bota neguan, eta geruza zuriaren baldintzak ez dira izan aproposak eskiatzeko. «Irregularra izan da denboraldia. Elurra egin egin du, baina ez du egin ohikoa izaten den elurte handirik. Tenperatura aldaketa oso bortitzak gertatu dira, eta elurra eta euria nahastu dira egun gutxiren buruan. Horrek guztiak zaildu egin du eski pistak baldintza egokian edukitzea», azaldu du Espainiako Atudem elkarteko Paloma Garciak.
Hitz horien lekuko da azken egunotan gertatua: elur gabezia eta bota dituen euriteak tarteko, nahi eta aurreikusi baino lehenago itxi dituzte estazioak. Frantziako Pirinioetakoak izan ziren pistak itxi zituzten aurrenak, eta bide hori hartu zuten ondoren Espainiako nahiz Kataluniako estazioek, nahi baino azkarrago haietako batzuk —Candanchu, esaterako, aste honetan ere irekitzeko nahia zuten arduradunek, baina asmoak bertan behera utzi behar izan dituzte—. «Dena dela, jende askok Aste Santua elurrarekin bainoago hondartzarekin lotzen duela aintzat hartuta, alferrekoa litzateke gehiago luzatzea», iritzi dio Garciak.
Otsailean egin zuen azken elurtea, eta martxoko azken egunek nahiz apirileko lehenengo erdiak udatik gehiago izan dute udaberritik baino. Horiek horrela, arrasto zuriari jarraitu eta eskiatzeko asmoa dutenek Alpeetara bidaiatzea edota Sierra Nevadara jotzea dute aukera bakarra —aurtengo neguan oso baldintza txukunak izan dituzte azken horretan, eta datozen egunetan ere pistak irekiko dituztela jakinarazi dute—. Gainerako eskiatzaileei iritsi zaie botak, makilak eta eskiak kendu, garbitu eta txukun-txukun datorren negua iritsi bitartean apaletan gordetzeko unea.
Krisiaren eraginpean
Eguraldi aldakorra eta elurraren baldintzak ez dira denboraldiaren balorazio gazi-gozoa egiteko argudio bakarrak izan. «Krisia aipatu eta aipatu ari gara, eta zer puntutaraino eragin duen esatera ez naiz ausartuko, baina jendearen jokatzeko moldeetan aldaketak egon direla ondorioztatu dugu aurten; erreserbak egiteko orduan azken ordura arte zain egon dira eskiatzaileak, eta eskiatzeko egun kopurua gutxitu eta egonaldi laburragoak aukeratu dituzte», dio Garciak. Eski estazio bakoitzaren datuak bildu, aztertu eta denboraldiaren balorazio ofiziala datozen egunetan egingo dute. Hitz batekin aurreratu dute haien ustea Atudem elkartekoek: «Irregularra izan da, ezohikoa».
Gris ukituko negu zuria
Aste Santuko jaiegunak bukatzearekin batera itxi dituzte Pirinioetako eski estazioak; luzea izan da denboraldia, baina elur baldintzek ez dituzte eskiatzaileak erabat gogobete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu